INFO

Hondoa jotze bidean jarraitzen du Saski Baskoniak Fuenlabradan galdu ostean (84-70)

Aurreneko erdian lan txukuna egin arren, hirugarren laurdenean 28-8ko partziala jaso du talde gasteiztarrak eta ez da kapaz izan kolpe horri buelta emateko. Gauzak okertu zaizkionean, Neven Spahijaren taldeak besoak jaitsi ditu eta ezin izan du partida irabazteko aukerarik izan azken minutuetan.

Fuenlabradako jokalariak, pozarren; Baskoniakoak, kopetilun. (A. PACHECO / ACB PHOTO)

URBAS FUENLABRADA 84 - BITCI BASKONIA 70

Zer gertatuko da aurten Bitci Baskoniarekin? Kopan ez du parte hartuko. Euroligako Top 8a tokitan geratu zaio dagoeneko eta igande honetan Fuenlabradaren etxean galdu eta gero, ACB Ligan ere ez dago kukurruku askorik egiteko moduan.

Aurreneko laurden bietan lan txukuna egin duen arren, hirugarren laurdenean goitik behera amildu da Neven Spahijaren taldea eta 28-8ko partziala jaso ostean, ezin izan dio partidari bueltarik eman.

ACB Ligako bigarren itzulia amaitzeko oraindik asko falta da eta logikari so eginez gero, aurreneko zortzi onenen artean derrigor amaitu behar du talde gasteiztarrak. Baina noski, Fuenlabradako hirugarren laurdeneko gainbehera ikusi eta gero, zernahi gerta liteke. Eta zoritxarrez, «zernahi» horrek ez dakar ezer onik bere barruan. Hondoa jo ote du? Hala izan dadila, akabo bestela!

«Ni hona iritsi naizenetik, sarritan gertatu zaizkigu halako hondamendiak. Jokalariak ahalegintzen dira, baina oso presionatuta ikusten ditut; nahi eta ezinean. Gure taldeak erakusten duena baino talentu gehiago dauka eta gurean ez dago jokalari berekoirik. Baina ikusi egin behar dugu zer gertatzen den; nahi dugu, baina ezin dugu», laburbildu du Neven Spahijak partida amaitu osteko prentsaurrekoan.

Gauzak ongi, Neven Spahijak bere lekuan jarraitu beharko luke denboraldia amaitu arte… ez baita inongo entrenatzailerik ikusten, uneotan, Bitci Baskoniari hau zuzenduko duenik; ez Ivanovic, ez Spahija, ez inor. Horrek ez du esan nahi kroaziarrak erantzukizunaren zatirik ez duenik, baina era berean, berau kalera botata ez litzateke deus konponduko, talde gasteiztarrak behar duen errakzioa bere barrutik ateratzen ez badu.

Hasieran zuzen behintzat

Ongi hasi bada ere talde gasteiztarra, 2-8 aurrea hartuz, berehala moteldu da Baskoniaren jokoa. Fuenlabradak bi baja garrantzitsu izan ditu, Emegano eta Kyle Alexander, eta hala ere ez du denbora askorik behar izan markagailua berdintzeko. Zentzu horretan, Leo Meindl hegal-pibot brasildarra izan da madrildarren aurreneko jokalari fina.

Neven Spahijarenek, bestalde, hiruko larregi bota dituzte; esaterako, 11 aurreneko laurdenean. Horietatik asko jaurtiketa onak izan dira, bakarrik egindakoak eta sarritan Alec Peters bezalako jaurtitzaile fin baten eskutik, baina kale egiten hasi delarik, Fuenlabradak are eta erraztasun gehiago eman dizkio talde gasteiztarrari urrutiko jaurtiketa bilatzeko, uztaipea ia ahaztuz.

Horiek hala, Baskoniak aurrea hartu bai, baina nekez atera ahal izan du alderik. Are gehiago, bigarren laurdean hasi eta berehala bost puntuko aldea ere izan du etxeko taldeak, Dusan Ristic serbiarraren eskutik. Fuenlabradako pibotak 11 puntu lortu ditu bigarren laurdenean eta nekea nabaritzen hasi den arte, majo kosta zaio Baskoniari puntu jario hori etetea.

Hutsartea eskatu behar izan du zentzu horretan Neven Spahijak, Baskonia 33-28 galtzen jarri denean. Zorionez, hutsarteak mesede egin dio talde gasteiztarrari, defentsa apur bat zorroztu baitu, eta erasoan errekurtso gehiago dituela erakusten hasi baita. Petersek berak urrutitik jaurtitzen baino gehiago ere badakiela erakutsi du, eta Granger, Baldwin eta Giedraitisen eskutik, berriz, euskal taldeak markagailuari buelta eman dio berriro. Ondorioz, atsedenaldira 38-41 aurretik iritsi dira arabarrak.

Deskalabroa berriz ere

Ustez ederki asko ekin dio Saski Baskoniak hirugarren laurdenari, Granger eta Enochen bitartez 42-48 aurreratu ostean. Baina nahi baino lehenago geratu da gasteiztarren erasoko etorria, eta Fuenlabradak, bere aldetik, pixkanaka aldea jan dio Neven Spahijaren taldeari. Are gehiago, markagailua 48na jarri ostean entrenatzaile kroaziarrak hutsartea eskatu arren, Fuenlabradak bere partziala 16-0raino luzatu du, 58-48raino, alegia.

Estuasunak berriz ere. Baina talde gasteiztarrak, borroka egin beharrean, besoak jaitsi ditu eta, aldiz, Fuenlabradari egiten saiatu den guztia ederki atera zaio. Defentsan indarrik ez eta erasoan talde jokoaren gero eta arrasto txikiagoa. Baskonia 42-48 irabazten egotetik, laurdenaren azkenean 66-49 galtzera pasa da: 24-1eko partziala, alajaina!

Minutu oker horietan, bestalde, Arturs Kurucsen gabeziak agerian geratu dira. Letoniarrak oraindik ez daki ongiegi antolatzailea edo eskolta den, eta antolatzaile postuan jokatzen hasi bada ere, Fuenlabradak gogor presionatu du eta jokalari gazteak nahi baino errazago zenbait baloi galdu ditu. Kontua ez da inori errurik botatzea, baina Kurucsek bere kirol etorkizunerako ikasi beharreko lezio gogorra ikasi du.

Nola eman dakioke buelta halako deskalabroari? Jakina, etxeko lanak aurrez egin behar dira, baina gutxienez, Baskonia nolabait indarberritu egin da, hirugarren laurdeneko kemen falta errepikatu gabe. Urruneko jaurtiketa batzuek kateatu ditu Spahijaren taldeak eta 18 punturaino luzatu den desabantaila, 75-57, apur bat murriztea erdietsi du.

Tamalez, Fuenlabradak ez du bururik galdu. Erlojuarekin jokatzea zaila izan ohi da, baina Madrilgo taldeak saskirako bidea aurkitzen jarraitu du, blokeo zuzena eta jarraipenarekin Risticen estatistikak gizen asko puztuta. Samar antolatzaile esloveniar gazteak ere Baskoniaren defentsa ahuda hausten asmatu du, eta horrela Fuenlabradak 10 puntuz goitik ekin ahal izan dio neurketaren azken zatiari.

Eta partida galdutzat ikusi duenean, Saski Baskoniak orduan bai, behin eta betiko, besoak jeitsi ditu eta akabo partida. Akabo partida, baina denboraldia oraindik luzea da; luzeegia, taldeak berak okertu dena zuzentzeko ahalegina bere barrutik ipini ezik.

PARTIDAKO FITXA

Fuenlabrada: Samar (12), Milosavljevic (13), Cheatham (4), Meindl (14) eta Gonzalez (2) –hasierako bostekoa–, Novak (4), Ristic (27), McCallum (7) eta Eyenga (1).

Baskonia: Granger (11), Baldwin (11), Giedraitis (13), Alec Peters (16) eta Enoch (14) –hasierako bostekoa–, Costello (1), Fontecchio (2), Sedekerskis (2) Kurucs eta Marinkovic.

Partzialak: 17-19, 21-22, 28-8, 18-21.

Epaileak: Cortes, Oyon eta Baena. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: ACB Ligako 21. jardunaldia, Fuenlabradako Fernando Martin kiroldegian, 3.000 ikusleren aurrean. Alec Peters sartzeko, Lamar Peters kanpoan laga du Neven Spahijak. Fuenlabradan Emegano eta Kyle Alexander ez dira aritu, min hartuta daudelako.