Seaskako irakasleen aurkako jazarpena egon denik gezurtatu du Blanquerrek Bruselan
Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordearen aurrean mintzatu da gaur asteartean Michel Blanquer. Ondoko galdera saioan Pernando Barrena eurodiputatuak Parisek daraman hizkuntz politika auzian eman du. Berari erantzunez Seaskako irakasleen aurkako jazarpena ukatu du ministroak.
Europar Batasuneko Kontseiluaren txandakako presidentetza hartu zuen urtarrilaren lehenean frantses Estatuak. Horren karietara Emmanuel Macronek frantses presidentetzaren lehentasunak aurkeztu zituen Europako Parlamentuaren aurrean joan zen urtarrilaren 19an. Horren geroztik alorretako asmoak azaltzeko prozedura martxa jarri da.
Gaur asteartean Gérald Darmanin Barne ministroa eta frantses Hezkuntza ministro den Michel Blanquerren txanda izan da. Biak ala biak itaundu ditu Pernando Barrera EH Bilduko eurodiputatuak.
Migrazio politika eta orokar mugaren itxieraren eraginak izan ditu aipagai frantses Barne ministroaren aurrean Barrenak. Europar testuinguruan harturiko erabakiak defendatu ditu, beste xehetasunik eman gabe Darmaninek.
Hezkuntza ministroaren agerraldia mamitsuago suertatu da. Bere mintzaldian ikasle zein irakasleen mugikortasuna defendatu du Michel Blanquerrek, pandemiak ezarritako geldialdia gaindituta Erasmus+ programa bultzatzeko nahikeria nabarmenduz. Era berean hizkuntz aniztasunean oinarrituriko europar hezkuntza programa proposatu du.
«Ama hizkuntza jakiteaz gain beste hizkuntz bi ezagutzeko» Macronek finkaturiko helburua berretsi du Blanquerrek, hala nola batxilergoa EBko herrialde ezberdinetan egiteko aukera aipatuz.
Galderen txanda heldu denean, EH Bilduko europarlamentariak hitza hartu du hainbat galdera pausatzeko.
Alde batetik, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea «ikasleentzat zirkulazio eremu askea» bilakatzeko premia defendatu du Pernando Barrenak. Erasmus+ egitasmoaren harago «mugaz bi aldetako ikasleak ezin direla atzerritzat hartuak izan» nabarmendu du. Era berean tituluen homologazio orokorra galdegin du.
Horren ondotik, hizkuntz gutxituen egoerari erreparatuz, frantses Estatuak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ez duela oraindik izenpetu oroitarazi dio Barrenak Blanquer ministroari.
Horretaz gain Molac Legeari Kontseilu Konstituzionalak ezarritako zentsura deitoratu du. Finean Brebet eta Baxoa azterketak euskaraz egiteko murgiltze ereduan jaduten duten euskal ikasleek atzemanen dituzten zailtasunen harira berriki «Seaskako irakasleek jasan duten jazarpena» salatu du.
«Ez zara frantsesa»
«Frantsesa ez bazara ere frantses polemika bati heldu diozu», aurpegiratu dio Blanquerrek euskal europarlamenariari.
Molac Legeari buruz Kontseilu Konstituzionalak eman zuen ebazpenak «mugak ezarri baino koadro juridikoa eman zuela» defendatu du Blanquerrek .«Frantziako gaurko testuinguruan helburua ez da mugak ezartzea, baizik eta eskualde hizkuntzen sustapena», gaineratu du ebazpena zehazteko plazaraturiko zirkularra hizpide izan duen ministroak.
«Zirkularra irakurri ezkero ezin da inondik inora, zuk egiten duzun bezala, irakasleen aurkako jazarpenaz hitz egin», erantzun dio Blanquerrek euskal eurodiputatuari. Alta, aurreko ikasturtean brebeta frantsesez zuzentzeari uko egin zioten irakasleak zigortu egingo dituztela jakinarazi zuen, joan zen astean Bordeleko Errektoretzak.
Blanquerren ustez Parisek «guztiz kontrako norabidean jarduten du», preseski «eskualde gutxituen sustapenaren alde eginez, hori bai, beti ere frantsesaren hezkuntzaren eremua eta frantses legearen printzipioak bermatuz».