INFO

Bilbok Artxanda eta Zirgariak parkeetarako proiektuak lizitaziora atera ditu

Bilboko Udalak lizitaziora atera du Artxandako Topagunearen parkearen eta Zorrotzako Muturreko Zirgariak parkearen proiektuak idaztea. Hilabete bi eta erdiko epea egongo da proiektu biak idazteko. 190.000 euroko aurrekontua kontsignatu da, bietarako.

Artxanda eta Sirgueras parkeetarako proiektuak lizitaziora atera ditu Bilboko Udalak. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak urrats berriak egin ditu Artxandako Topagunearen parkea eta Zorrotzako Muturreko Zirgarien parkea eraikitzeko eta lizitaziora atera du proiektu horiek biak idaztea. Behin adjudikatuta, hilabete bi eta erdiko epea egongo da proiektuok idazteko. 190.000 euroko aurrekontua kontsignatu da, bietarako (80.000, euro Topagunearen parkerako; eta 110.000 euro, Zirgarien parkerako).

Topagunearen parkea

Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan, Udalak Topaketaren parkea eraikitzea aurreikusi du. Ia 66.700 metro karratu hartuko ditu, eta Artxanda berriro erreferentzia-guneetako bat izatea nahi du Udalak.

Artxandako parke berria eraikitzeko proiektuak (lizitazioan dago orain) belaunaldiarteko zenbait erabilera, eta erreferentzia botaniko eta begetaleko eremuak jaso beharko ditu. Horrez gain, ingurune hartako oinezkoen behin betiko gunea finkatu, astialdia eta bertan egotea ahalbidetu, garraio publikoa erabiltzea sustatu, eta gaur egungo kirol- eta ostalaritza-jarduerak indartu beharko ditu.

Topagunearen parkea Artxanda mendiko ipar hegalaren punturik garaienean egongo da, Bilbo eta Sondika udalerrien arteko mugan. 7 hektarea inguru hartuko ditu, eta triangelu-forma nabarmena izango du: San Roke bideak inguratuta egongo da ekialde, iparralde eta mendebaldean, eta Artxandamendi bideak inguratuta hegoaldean.

Artxanda Aktibatzeko Plana Bilbok eta Sondikak sinatu zuten, 2021eko martxoan. Bere helburua da Artxanda sozialki, kulturalki eta ekonomikoki aktibatzeko estrategia diseinatzea, eta, horrekin batera, «tradizio eta historiaren parte den naturagune hura lehengoratzea».

Zirgarien parkea

Zirgarien parkeak 11.606 metro karratuko hedadura izango du. Zorrotzako Muturreko hegoaldean egongo da, Renferen aldirietako linearen trenbide-azpiegituren mugakide diren lurretan, «La Jabonera» xaboi-fabrika zegoen tokian. Gaur egungo eta etorkizuneko erabilerekin bateragarria den aisialdi-potentzial nabarmena du eremuak, eta horrek bermatzen du egokituz joateko eta bizirauteko gaitasuna ere baduela.

Udalak azaldu duenez, parkeak forma irregularra izango du, eta aldapa apur bat, kaiaren eta itsasadarraren alderantz. Era berean, zenbait bankada egongo dira, kota desberdinetan.

Gaur egun, ibilgailuentzako aparkaleku gisa erabiltzen da eremuaren zati handiena. Gainerakoan, erabiltzen ez diren orubeak daude.

Zirgarien parkearen proiektuak aurreikusi beharko ditu belaunaldiarteko erabilerak eta azpiegitura berde eta erresilienteak; lagundu beharko du Zorrotzako Muturra txertatzen oinezkoentzako gune naturalak indartzen dituzten ibilbideen eta parkeen sarean; aisialdia ahalbidetu beharko du, eta garraio publikoa eta bizikleta erabiltzea sustatu beharko du.