INFO

Munchen margolanak ukitu gabe kontserbatzeko teknika erabili du Maite Maguregui ikertzaileak

Maite Maguregui EHUko irakaslea Edvard Munchen margolanen kontserbazio lanetan parte hartzen ari da Osloko Unibertsitatean. Raman espektroskopian oinarritutako teknika bat erabilita, bere lantaldeak kontserbazio lanak burutzea lortu du, pinturak ukitu gabe.

Maguregui eta beste ikertzaileak Edvard Munchen lanak aztertzen, Osloko Unibertsitatean. ( Maite Magureguik EHUri utzitako argazkia.)

Maite Maguregui EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea Osloko Unibertsitateko Areto Nagusian, Norvegian, dauden Edvard Munchen margolanak kontserbatzeko lanetan parte hartzen ari da. Munchek, mundu mailan ezaguna den ‘Garrasia’ koadroaren egileak, 1916an margotu zituen unibertsitateko hormetako pinturak eta Magureguiren taldeak, margolanak ukitu gabe, hauek kontserbatzea lortu du.

Zehazki, 1909 eta 1916 bitartean margotu zituen Munchek, enkargu bidez, Osloko Unibertsitateko Areto Nagusiko tamaina handiko hamaika horma-pintura, zeinak 4 eta 11 metro arteko tamaina duten. Hori horrela, Magureguiren lantaldeak, artelanen kontserbazio lanak egiteaz gain, margolari norvegiarrak duela 110 urte baino gehiago erabilitako teknika artistikoak aztertzen dihardu.

Arte, farmazia eta historiaren esparruetako hiru adituk osatu dute ‘The Munch Aula Paintings Project’ (MAP) proiektuko lantaldea: batetik, Tine Frøysaker irakasle norvegiarra egon da, zeina Osloko Unibertsitateko Arkeologia, Kontserbazio eta Historia Saileko kidea den; bestetik, Maite Maguregui EHUko Kimika Analitikoko irakaslea eta IBeA ikertaldeko kidea; eta, bukatzeko, Zuricheko Arte Ikasketen Suitzako Institutuko Francesco Caruso doktoreak hartu du parte.

Hori horrela, MAParen helburua Munchek margolanak sortzeko erabilitako materialak ezagutzea, kontserbazio egoera monitorizatzea eta, prebentziozko kontserbazio neurri gisa, horiek garbitzea izan da. Horretarako, Raman espektroskopian oinarritutako tresna eramangarri bat erabili dute adituek eta, horri esker, lanei margolana ukitu gabe ekitea lortu dute.

Une honetan, artelanak aztertzeko fasean murgilduta daude ikerlariak eta horma-irudiak ukitu gabe lanean jarraitzeak dakarren erronkari aurre egin behar diote. «Laginketak izugarri mugatzen gaitu, eta, batzuetan, laginketa bera debekatuta dago», azaldu du Magureguik. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da obrengan eraginik ez duten in situ analisi metodo berriak garatzea, laginketek, esaterako, arazoak eragin baititzakete.

Horregatik nabarmentzen da eraberritze lan honetan Magureguiren lana. Izan ere, bere jakintza esparrua teknika eramangarrien eta laborategiko teknika ez inbaditzaileen erabileran oinarritutako analisi metodologikoetan oinarritzen da. Orain arte erabili duten Ramsdan teknikari dagokionez, Magureguik zehaztu du teknikak aukera ematen duela gainazal piktoriko bat aztertzeko, eta, horretarako, zunda bat jarri behar dela aztertu beharreko gainazalarekin kontaktuan laginik hartzeko beharrik gabe. Era berean, laginketa egin ahal bada, hartzen dituzten laginak «mikrometrikoak» direla eta, ondoren, «mikroskopioaren azpian magnifikatzen» dituztela zehaztu du euskal ikertzaileak.

Kutsaduraren ondorioak nonahi

Horma-pinturak Unibertsitateko Areto Nagusian kokatuta dauden arren, hau da, barnealdean, kutsadurak margolanak kaltetzen ditu pixkanaka. Izan ere, kontserbazio lanak 2005ean hasi ziren, Munchen teknika piktorikoa aztertzeko helburuz, 2009an margolanen lehen eraberritzea egin zen eta 2011n bere tokian berrezarri ziren.

Hala ere, Magureguik ohartarazi du orain egindako neurketetan, azken eraberritzetik 11 urte eskasera, hautsa bezalako material partikulatuen aztarnak atzeman dituztela margolanetan: «Gaur egun pairatu behar duten arazoa da kanpotik sartzen den material partikulatu esekia (hautsa eta beste partikula batzuk), eta horrek agerian uzten du hiri kutsaduraren arazoa; izan ere, hiri askotan eragina du artelanak zuzenean kutsadura horren eraginpean egon ez arren».