INFO

Realak babesle nagusi berria du datorren denboraldirako, Cazoo britainiarra

Premier Leagueko Aston Villa eta Everton talde historikoen elastikoetan ere agertzen da Ingalaterrako online bidezko kotxeak saltzeko etxe britainiarra.

Cazoo izango da datorren denboraldian Realaren elastikoan ikusiko den enpresaren izena. (NAIZ)

Realeko lehen taldeak atseden hartu duen astearte hau aprobetxatu nahi izan du uztailaren 1etik aurrera babesle nagusi izango duen enpresaren izena ezagutzera emateko: Cazoo kotxe salmentarako online etxe britainiarra.

Babesle nagusi berriak, gaur egun Premier League-n Everton eta Aston Villa babesten dituenak, Realaren elastikoan jarriko du bere irudia. Era berean, Cazoo Anoetako eta klubeko merchandising euskarrietan egongo da ikusgai.

Cazoorekin harremana 2022ko uztailaren 1etik aurrera sartuko da indarrean, eta enpresa britainiarra espainiar Estatu mailako merkatuan sartzeko prozesuaren beste urrats bat izango da, frantziar Estatuan eta Alemanian duela gutxi sartu eta egoitza Bartzelonan duen Swipcar erosi ondoren.

Online auto salmentan liderra

Cazoo Europako liderra da online autoen salmentan, eta auto bat erostea eta saltzea eguneroko beste edozein produktu online erostea bezain erraza izatea lortu du.

Cazook bere automobilak maila gorenean ditu eta berregokitzen ditu egun gutxi batzuetan entregatzeko, eta milaka auto ditu edozein unetan eskuragarri. Horrela, bezeroek automobil bat eros dezakete online, eta zuzenean jaso etxeko atean. Horregatik, Cazoori «bigarren eskuko automobilen merkatuko Amazon» esaten zaio.

Alex Chesterman britainiar enpresari ezagunak sortu zuen Cazoo 2018an, eta dagoeneko 50.000 auto baino gehiago saldu ditu Britainia Handian. Cazoo azken bi urteetan Europan gehien hazi den enpresetako bat izan da, eta online autoak erosteko aro berriaren aitzindaria da.

Alex Chesterman, Cazoo-ko sortzaile eta CEOak adierazi duenez, «oso pozik gaude Realarekin elkartzeaz. Gu bezala, anbizio handiko kluba dira eta zale ugari ditu herrialde osoan. Jarraitzaileekin eta komunitate txuri-urdinarekin elkar eragitea espero dugu, 2022an Espainian automobilak erosteko esperientziarik onena eskaintzeaz gain».

Jokin Aperribay Realeko presidenteak, bestalde, onartu du «datorren denboraldian Cazoorekin elkartzeko irrikan» daudela. «Asmo handiko plan zirraragarriak dituzte gure merkatuan hazten jarraitzeko. Atsegin dugu Cazoori gure zaleengandik hurbil egoten eta arrakasta handia ematen ari zaion formula berritzailea ezagutarazten laguntzea».