INFO

Martin Villa Martxoaren 3agatik auzipetzearen alde dira Arabako Batzar Nagusiak

EH Bilduk Rodolfo Martin Villa orduko Gobernazio ministroa auzipetzearen aldeko ekimena  eraman du Arabako Batzar Nagusien Osoko Bilkurara. Argentinako Servini epaileak 1976ko Martxoaren 3ko bost langileren hilketagatik epaitzea babestu du gehiengoak.

Joan den urtean EH Bilduk martxoak 3ko biktemei egindako omenaldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

EH Bildu Arabak Martin Villa auzipetzearen aldeko proposamena aurkeztu du asteazken honetan Arabako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran. Rodolfo Martin Villa zen espaniar Estatuko Gobernazio ministroa 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen Poliziak bost langile hil zituenean. Zehazki, mozioan eskatzen da Batzar Nagusiak Argentinako Maria de Servini epaileak Martin Villa auzipetzeko emandako autoaren alde agertzea. Ekimenak EAJren eta Elkarrekin Ahal Duguren babesa jaso du eta ondorioz onartua izan da.

Espaniar Estatuko Justiziari, bestalde, prozesatze-auto horren ondoriozko prozesuan aktiboki parte hartzea eskatzen zaio, kasuan aplikatzekoa den nazioarteko araudiaren ondoriozko betebeharrak betez.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramailearen esanetan, «egia, justizia eta erreparazioa ezinbestekoak dira edozein memoria inklusibo eraikitzeko». «Zoritxarrez, batzuek ez dute onartu nahi Gasteizen duela 46 urte eraildako bost langileak eta ehunka zaurituak Poliziak eragindakoak izan zirela, eta Estatuaren ardura», adierazi du.

1976ko Martxoaren 3an Espainiako Poliziak Pedro María Martinez Ocio, Francisco Aznar eta Romualdo Barroso hil zituen, eta gerora zendu ziren Jose Castillo eta Bienvenido Pereda, Zaramagako San Frantzizko eliza kanpoaldean eragindako zaurien ondorioz.