Egun handietako Ezkurdiak are gehiago estutu ditu gauzak inoizko Binakakorik estuenean
Arbizuarrak eta Tolosak euren esku dute play-offetara sartzea Jaka-Mariezkurrenari Labriten 22-12 irabazita eta Elezkano-Zabaletak aise gainditu dituzte Urrutikoetxea-Aranguren Bilbon (22-10).
Inoizko Binakakorik orekatuenean, azken jardunaldiaren faltan, ez dago finalerdietarako sailkatua dagoen bikoterik ez eta dagoeneko kanporaturik dagoenik. Ostiraleko Altuna-Martijaren garaipenaren ostean, gaur Elezkano-Zabaletak 22-10 irabazi diete Urrutikoetxea-Arangureni eta Aspeko bi bikoteak sailkapenaren puntaren puntan dira bederatzina punturekin eta bihar Tafallako garaileak batuko zaizkie. Beheran ere gauzak ezin orekatuago daude eta Labriteko Ezkurdia-Tolosaren garaipenarekin, 22-12 gailendu zitzaizkien Jaka-Mariezkurrenari, beste hiru dira zulotik irteteko borroka horretan launa berdindutakoak, Labriteko biak eta Bilboko galtzaileak. Datorren astean Aspekoek Urrutikoetxea-Arangurenen aurka jokatu behar dutela jakinda, txapelketa osoa zuloan pasa ostean, arbizuarra eta anoetarra kanporaketan egongo dira Zallan irabazteko gai badira.
Duela bi edo hiru aste egoera honek ezinezkoa zirudien, baina dena beltzen ikusten zutenean atera dute euren onena Ezkurdia eta Tolosak eta oraintxe aurrera egiteko hautagaiak dirudite. Batez ere, aurrelari nafarra gaurko joko mailari eusteko gai bada. Lana, defentsa, kemena... txapelketa guztian erakutsiak zituen Joseba Ezkurdiak, baina gaur horiei guztiei erasoan sekulako distira eta eraginkortasuna gehitu dizkie. Aurreko astean bertan, irabazi arren, tantoak amaitzea kostatu zitzaion bitartean, gaur pausu bat eman du aurrera sakandarrak eta txapelketako bere partidarik osoena jokatu du, noiz eta unerik garrantzitsuenean.
Ezkurdia nagusi
Lehen tantotik, bi paretako zoragarri batekin lortua, ikusi da Ezkurdia jokatzeko gosez zela eta Xabi Tolosak ere bikain lagundu dio, esaterako hirunako berdinketan Jon Mariezkurrenak jotako bi erreboteetatik bat bikain erantzunda.
Partida hasiera oso bizia eta ikusgarria suertatu da, Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenak ere oso hasiera egokia eman baitiote partidari. Bi aurrelariak oso eraginkor aritu dira erasoan eta berriozartarrak ere ondo astindu du pilota. Joseba Ezkurdiak, ordea, ez die euren joko zuzena jokatzen utzi, etengabe jokoan sartuz ezker-eskuin ibili ditu eta arbizuarraren erakustaldiak min egin die.
Faboritoen arteko kiniela gehienetan sartzen zen bikotea osatzen dute Jaka-Mariezkurrenak, baina sarri gertatu zaien gisan, ez dute jarraikortasunik izan euren jokoan eta partida gogortzen joan den eran behera egin dute nabarmen.
Zortzinako berdinketara arte gauzak pare parean joan dira, baina hortik aurrera Aspekoak goitik behera nagusitu dira eta kinka larrian jarri dituzte euren gaurko aurkariak, are gehiago ostiralean Azkoitian Elezkano-Zabaletaren aurka jokatu behar dutela jakinda.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Tolosa: 22
Jaka-Mariezkurrena: 12
Pilotakadak: 533. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-4,4-4, 4-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-8, 11-8, 11-9, 16-9, 16-11, 17-11, 17-12, 22-12. Sakeak: 5 Ezkurdiak eta 0 Jakak. Egindako tantoak: 11 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 7 Jakak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak, 2 Tolosak, 2 Jakak eta 3 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera hiru laurden inguru Iruñeko Labrit pilotalekuan, lehen sakea gorri.
Elezkano eta Zabaleta, nagusi Bilbon
Eta Labriten eurek egindako lan bikainari Bilbotik etorri zaien oparia batu diete Ezkurdia-Tolosak. Izan ere, lehen postuari eusteko beharrezkoa zuten garaipena eskuratuta (22-10), esku bat bota diete Elezkano-Zabaletak euren enpresa kideei. Urrutikoetxea-Arangurenek, aldiz azken aldiko bolada txar luzearen eraginez, zail dituzte oso gauzak.
Hiru partida jarraian galduta, Aspeko bikoteak ere izan zuen bere krisialdia, baina astelehenean Tolosan bezala, txakalaldi hori erabat ahaztua dutela erakutsi dute Bizkaia pilotalekuan, ohikoa zuten nagusitasunez irabazita.
Bakoitza bere joko puntuan egonda, bikote ia gaindiezina osatzen dute Zaratamokoak eta etxarrendarrak eta gaurkoan ere itxura hori eman dute Bilboko pilotalekuan. Partida hasteari izugarrizko garrantzia ematen zion Jose Javier Zabaletak eta ezin hobe ekin diote partidari 9-1 aurreratuta. Atzelariak emanaz eta aurrelariak amaituz, ez dute markagailuan lortutako abantaila hori kudeatzeko inolako arazorik izan eta euren onera itzuli direla argi utzi diete aurkariei.
FITXA TEKNIKOA:
Urrutikoetxea-Aranguren: 10
Elezkano-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 324. Iraupena: 48 minutu. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-9, 4-9, 4-10, 5-10, 5-12, 6-12, 6-13, 7-13, 7-14, 9-14, 9-17, 10-17, 10-22. Sakeak: 0 Urrutikoetxeak eta 2 (falta 1) Elezkanok. Egindako tantoak: 6 Urrutikoetxeak, 0 Arangurenek, 10 Elezkanok eta 5 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak, 2 Arangurenek, 1 Elezkanok eta 2 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera eskasa Bilboko Bizkaia pilotalekuan.