INFO

Lidertza sendotzeko garaipena lortu du Bera Berak Zumaian Sant Quirzeren aurka (27-16)

Lubaki kiroldegiak giro bikaina eskaini du donostiarren garaipen egunean. Lehen zati nahiko berdintsu baten ostean, gipuzkoarrek beste martxa bat ipini dute bigarren ordu-erdian bi puntuak eskuratzeko.

Bera Berak beste garaipen bat lortu du, kasu honetan Sant Quirzeren kontra. (Jon URBE | FOKU)

Zumaiako Lubaki kiroldegia aukeratu du Super Amara Bera Berak Ohorezko Mailako bigarren itzuliko lehen neurketa jokatzeko. Eta garaipenak ez dio ihes egin egungo liderrari. Hori bai, markagailuak engaina lezake. Egia da talde donostiarra aurretik joan dela markagailuan momentu oro, baina lehenengo zatian kostatu egin zaie ihes egitea, nahiz eta bigarrengoan beste martxa bat sartu eta bi puntuak eskuratu.

Lehenengo ordu-erdia eta gero, lau goleko errentarekin joan dira aldageletara donostiarrak (11-7). Malena Cavo hegal argentinarra oso prest ageri da golak sartzeko –lau egin ditu lehen zatian, eta beste bat bigarrengoan, taldeko golegile nagusia izateko–, eta Mirene Morenok, June Loidik (2), Maitane Etxeberriak, Laura Hernandezek eta Mariane Fernandesek (2) lagundu egin diote lehen zatiaren amaieran lau goleko errentarekin ‘bakarrik’ amaitzeko.

Bigarren ordu-erdian, berriz, Imanol Alvarezen jokalariek beste martxa bat ipini diote partidari eta, poliki-poliki gero eta errenta handiagoa lortzen joan dira. Laura Hernandezek eta Mariane Fernandesek bi gol gehiago eskuratu dituzte bakoitzak, baina Sara Gil, Emma Boada eta Eli Cesareo, besteak beste, golegile bihurtu dira baita ere.

Azken minutuetan kanpoko jokalari baten esklusioa aprobetxatu du Bera Berak bi gol gehiago sartzeko eta garaipena eskuratzeko (27-16).