INFO

Ampo Ordizia ez da aldeari eusteko gai izan eta lehen postuak eskuetatik ihes egin dio

Goierritarrek 9 puntuko aldea lortu dute 52. minutuan (18-27), baina azken aldera Alcobendasekoak nagusitu dira (35-30).

Eskura izan duten garaipenak ihes egin dio Ordiziri. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Esku eskura izan du baina Ampo Ordiziak ihes egiten utzi dio Lehen Mailako lider izateko izan duen aukerari, bide batez Altamiratik urrun partidei eusteko dituen arazoak berretsiz (35-30). Selekzioek deitutako jokalarien hutsuneak eta covida dela eta taldea nahikoa ahulduta zuela ekin dio Alcobendas liderrak partidari eta goierritarrak horri etekina ateratzeko zorian izan dira, baina azken aldera egindako akatsak garesti ordaindu ditu.

Hasieratik partida orekatu eta lehiatua eskaini dute bi taldeek eta etxekoak aurreatu badira ere, Cruzen bi ostikadei esker puntu batera gerturatu dira ordiziarrak (7-6). Gorabehera askoko lehen zatian etxekoak joan dira aurretik aldageletara (15-13) eta handik bueltan ere Alcobendasena izan da markagailuaren kontrola (18-13). Oubiñaren entsegu bati esker lehenengo eta etxeko jokalari baten egozte bati etekina aterata heldu dira Oridiziaren unerik onenak eta Matotoren beste entsrgu batek partidako alderik onena eman die gipuzkoarrei (18-27), partidako 52. minutuan.

Jokoan, ordea, parekotasuna erabatekoa zen eta Alcobendasek ez du askorik behar izan aldek murrizteko (25-27). Cruzen beste ostiko bati esker aldeak beste pixka bat handitu ditu Ordiziak (25-30), baina ez da nahikoa izan partida aurrera atera ahal izateko. Etxekoek asko estutu dute eta azkenerako lehia irauli dute, goierritarrei defentsa bonusaren kontsolamendu bakarra utziz. Puntu honekin, Iñigo Marotiasenak laugarren dira sailkapenean hurrengo larunbateko Gernikaren aurkako derbiaren aurretik.