INFO

Donostian estreinatutako zortzi filmek, guztira, hogeita bi sari jaso dituzte 2022ko Goyatan

Goya sari gehien irabazi dituzten lau filmen mundu mailako estreinaldia Donostian izan zen. ‘El buen patrón’, ‘Maixabel’, ‘Las leyes de la frontera’ eta ‘Mediterráneo’ filmek hamazazpi garaikur eskuratu dituzte.

Blanca Portillo, Goya a mejor actriz por su interpretación en ‘Maixabel’. (José JORDÁN | AFP)

Donostia Zinemaldian estreinatu ziren zortzi filmek hogeita bi kategoriatan lortu dituzte sariak Goya sarien 36. edizioan.

‘El buen patrón’, Sail Ofizialerako hautatutako filma, sei sariren irabazle izan da: film onena, zuzendari onena (Fernando León de Aranoa), gizonezko aktore protagonista (Javier Bardem), jatorrizko gidoi onena (Fernando León de Aranoa), muntaketa onena (Vanessa Marimbert) eta jatorrizko musika onena (Zeltia Montes).

Bestalde, ‘Maixabel’-ek, euskal zinemaren Irizar saria irabazi zuen filmak, Goya sari hauek irabazi ditu: emakumezko aktore onena (Blanca Portillo), taldeko gizonezko aktore onena (Urko Olazabal) eta emakumezko aktore berri onena (María Cerezuela).

‘Quién lo impide’, Jonás Trueba zuzendariaren filma, Donostian ikusi zen estreinakoz munduan, eta aktore talde osoak taldeko antzezpen onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen. Film dokumental onenaren Goya saria jaso du.

‘Las leyes de la frontera’, (Daniel Monzón) filmarekin itxi zen Sail Ofiziala, lehiaz kanpoko emanaldian, eta bost garaikur eskuratu ditu: gidoi egokitu onena (Daniel Monzón eta Jorge Guerricaechevarría), gizonezko aktore berri onena (Chechu Salgado), jantzi-diseinu onena (Vinyet Escobar), arte-zuzendari onena (Balter Gallart), makillaje eta ile-apainketa onena (Sarai Rodríguez, Benjamín Pérez, Nacho Diaz).

Gainera, ‘Mediterráneo’, Marcel Barrenak zuzendua eta RTVEren galan estreinatua, hiru garaikurrekin saritu dute: argazki-zuzendari onena (Kiko de la Rica) produkzio-zuzendari onena (Albert Espel eta Kostas Sfakianakis) eta jatorrizko abesti onena (María José Llergo).

‘Druk / Another Round’, Thomas Vinterberg zuzendariarena, 2020ko Sail Ofizialean lehiatu zen eta Zilarrezko Maskorra jaso zuen laukote protagonistaren lanagatik, eta Europako film onenaren Goya saria irabazi du. Bestalde, Patricio Guzmán zuzendari duen ‘La cordillera de los sueños’ filmak (2019ko Horizontes Latinosen parte hartu zuen) Iberoamerikako film onenaren Goya saria jaso du

Azkenik, ‘Libertad’ filmak, Clara Roquet zuzendariarenak, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatu zutenak eta Cannesko Kritikaren Astean estreinatu zenak 2021ean, zuzendari berri onenaren eta taldeko emakumezko aktore onenaren (Nora Navas) Goya sariak lortu ditu.