INFO

Aldarri subiranista Londresek interes militarrengatik deskolonizatu nahi ez duen artxipelagoan

Britainiarrei nazioarteko justizia errespetatzeko eta kolonizazioari amaiera emanez Chagos artxipelagotik erretiratzeko eskatzen dien Maurizioko Gobernuaren ordezkaritza batek herrialdeko bandera altxatu du lehen aldiz bertan, Peros Banhoseko atoloian.

Base militar estatubatuar bat hartzen duen Diego Garcia atoloia, Chagos artxipelagoan. (AEBetako DEFENTSA SAILA)

‘The Guardian’ egunkari britainiarrak jasotako informazioaren arabera, Nazio Batuen Erakudearen aurrean Mauriziko ordezkari iraunkorrak, Jadgish Koonjulek, altxatu du bere herrialdeko bandera bandera Chagos artxipelagoko Peros Banhos atoloian.

Ekitaldian izan direnek ereserki nazionala abestu dute, eta Koonjulek azpimarratu du «ekintza sinbolikoa» izan dela, «britainiarrek askotan koloniak ezartzeko egin dutena». «Guk, ordea, beti gurea izan dena eskatzen dugu», esan du.

Era berean, Pravind Jugnauth lehen ministroak aurretik grabatutako mezu bat ere emititu dute, eta bertan nabarmendu duenez, «Mauriziok bere lurraldearen zati horretara espedizio bat zuzentzen duen lehen aldia da». «Triste nago ezin izan dudalako bisita historiko honen parte izan. Izugarri gustatzen zait gure anaia eta arreba chagosiarrak beren jaioterrira eskolta atzerritarrik gabe bidaiatu ahal izatea», adierazi du.

Jugnauthek ‘The Guardian’ egunkariari ondoren adierazi dionez, une «oso hunkigarria» izan da berarentzat eta «historikoa» herrialdearentzat. «Gure lurraldean bertan gure bandera altxatzeko gai izan gara», azpimarratu du.

«Nazioarteko komunitateak eta nazioarteko erakundeek erabaki dute hori dela gure lurraldea. Egiten ari garena zilegi da», gogorarazi du, agintari britainiarrek bandera kentzea «probokazioa» izango litzatekeela ohartarazi aurretik.

«Erresuma Batua ez da nazioarteko ebazpenak betetzen ari», kritikatu du Jugnauthek. Izan ere, Erresuma Batuak ez zuen bete 2019ko azaroaren 22an Mauriziori Chagos artxipelagoaren kontrola itzultzeko Nazio Batuek ezarritako epemuga, eta, ondorioz, lurraldearen okupatzaile kolonial gisa jo zuten.

Atzerri Ministerio britainiarrak bozeramaile baten ahotik ohartarazi duenez, «ez dago zalantzarik» Erresuma Batuak Chagosen gaineko subiranotasuna aldarrikatu duela 1814tik. «Mauriziok ez du inoiz lurralde honen gaineko subiranotasunik izan, eta Erresuma Batuak ez ditu bere aldarrikapenak onartzen», gaineratu du, DPA albiste-agentziaren arabera. 

2019ko maiatzean ebazpen bat onartu zuen NBEren Batzar Nagusiak,  Erresuma Batuari artxipelagoaren kontrola sei hilabeteko epean entregatzeko eskatzen ziona, Nazioarteko Justizia Gorteak zentzu horretan epaia eman ondoren.

Subiranotasuna eta interes militarrak

Urte horretako otsailean, Hagako auzitegiak ebatzi zuen Erresuma Batuak «ahalik eta azkarren» eman behar ziola amaiera Chagos artxipelagoaren administrazioari, uste baitzuen ez zutela Mauriziotik behar bezala bereizi deskolonizatu ondoren.

Afrikako herrialdeak Indiako ozeanoan dagoen artxipelagoaren subiranotasuna eskatzen du, eta Erresuma Batuak 1965ean bi lurraldeak herrialdearen independentziaren truke banatzeko hartutako erabakia errefusatzen du.

Londresek hartutako erabakiaren ondorioz, Chagoseko biztanle guztiak Mauriziora eraman zituzten, Ameriketako Estatu Batuek hala eskatuta, Diego Garcia uhartean, artxipelagoko handienean, base militarra eraikitzeko.