INFO

Ipar Ameriketako mendebaldea lehorterik handiena mehatxatuta bizi da

Milaka zuhaitzetatik ateratako zura aztertuz ondorioztatu ahal izan du zientzialari talde batek Ipar Ameriketako mendebaldean ematen ari den lehortea azken 1.200 urteetan eman den larriena dela. Klima aldaketak egoera okertu baino ez du egiten. Gainera, «okerrera egin dezake», ohartarazi dute.

Oroville lakuan, Kalifornian, lehortearen ondorioak begibistakoak dira. (Josh EDELSON | AFP)

Ipar Ameriketako mendebaldea lehortzen ari da eta bere egoera muturrekoa da. Klima aldaketak egoera okertu besterik ez du egin atzetik datorren lehorte handiena hareagotuz. Kaliforniako Unibertsitateak egin duen ikerketa baten arabera, azken 1.200 urteetan eman den lehorterik gordinena da honakoa. Iturri berberen arabera, bereziki azken 22 urteak izan dira idorrenak.

Ikerketa egiteko zientzialariek lagin gisa hartu dituzte Ipar Ameriketako hego-mendebalean azken 800 urteetan izan diren lehorteak; ondorioztatu dutenez, mende honetan lurraldean eman den lehorteak XVI. mendearen amaieran erregistratu zen megalehortea gainditu du. Honenbestez, garai idor honek errekor berri bat ezarri du.

Egileek ere ondorioztatu dute baldintza lehorrak urtean zehar mantenduko direla eta, iragana kontutan izanda, urte batzuez gehiago luzatu daitekeela; izan ere, azpimarratu dutenez, gaur egungo egoera ez litzateke hain larria izango klimaren berotze orokorra emango ez balitz.

Egoera zenbakietara eramanda, idortasunaren larritasunaren %42a tenperatura altuen ondorioz gertatu da, berotegi-efektua sortzen duten isuriak atmosferan pilatzen baitira. «Emaitzak zinez kezkagarriak dira, egiaztatu dugulako bizi dugun lehortea are eta larriagoa dela klima aldaketa medio», adierazi du Park Williams Kaliforniako Unibertsitatean klima zientzialaria eta ikerketaren egile nagusia.

Adituaren hitzetan, ordea, «badago tartea oraindik baldintzak are eta txarragoak izateko».

Zientzialariek gaur egungo egoera 800. eta 1.500. urteen artean erregistratu ziren zazpi megalehorterekin alderatu dute, 23 eta 30 urte bitartean iraun zutenak. Horretarako zuhaitzen enborretako uztailak aztertu zituzten, marka horietan erregistro zehatz batzuk behatu baitaitezke.

Milaka zuhaitzetatik ateratako zurak ahalbidetu zuen mendeak atzera lurrak zuen hezetasun maila zein zen ondorioztatzea. Lurraldeko 1.600 zuhaitz inguruko laginean oinarritu ziren, Montanatik hasi eta Kaliforniararino, Mexiko iparraldetik igarota.

‘Nature Climate Change’ aldizkarian argitaratu da ikerketa eta honakoa gaiaz egin den azkena baino ez da. Ikertzaile taldeak, geroz eta gehiago, ari dira frogatzen Estatu Batuetako mendebaldeak erronka handiak dituela epe laburrean auzi honetan. Besteak beste, erregai fosilak erretzeak sortzen duen tenperatura igoeraz ohartarazi dute, praktika honek lehortea areagotu baino ez baitu egiten.