INFO

Jugoslavian ez zuten txertoen aurkakoa miretsiko Serbian egiten den moduan

Serbiarren erdiak baino gutxiago txertatu dira. Australiako Irekian jokatzerik izan ez zuen Novak Djokovic heroi nazionala haien ikonoa bilakatu da. Duela 50 urte, Jugoslaviak baztanga izurrite baten aurka txertaketa masiboa egin zuen, eta mundu osoan txalotua izan zena jada ahaztu omen dute askok.

Djokovicen afixa; Serbian miresten dute. (Andres ISAKOVIC | AFP)

Tenisa maite baduzu eta Balkanetako historia odoltsu bezain erakargarriak harrapatzen bazaitu, Novak Djokovicen afera oso esanguratsua egingo zaizu Serbiaren eta, oro har, Jugoslavia ohiaren bilakaeran.

Tenisa gustatu bai, baina ez dut neure burua gai ikusten merezi duen ezer idazteko.

Hori bai, eta Canberrako Gobernuaren kudeaketa txarra ahaztu gabe, argi dudan bakarra zera da, orduko tenislarien artean lehenari Australiako Irekian lehiatzen ez uztea tenisaren kaltetan izan dela.

Rafa Nadal espainolak finalean egin zuen izugarrizko balentriak –lehen bi setetan galdu eta ondorengo hirurak Daniil Medvedevi irabaztea– Djokovicen auzia txikiagotu egin duela diote askok.

Benetan? Partida ikusten egon ziren gehienek tenisak dituen ohiturazko arauak hautsi zituzten; lehena, jokalari baten akatsak ez txalotzearena. Medvedev, arbitroekin ahozikina izateaz gain, errusiarra da, eslaviarra, eta finalaurrekoa irabazi ostean Djokovic eslaviarra goraipatu zuen, australiarren haserrerako.

Kirola eta sentimenduak

Kirola oso kontu emozionala eta pertenentzia sentimenduak elikatzeko tresna ezin hobea izanik, manipulazio politikorako aproposa ere bada, iraindua sentitzen denaren haserrea areagotzeko ere bai.

Djokovicen auzia Mendebaldearen aldarrikapen bat bezala bizi izan da gure ingurune geopolitikoan. Serbian, ordea, eta eslaviar mundu osoan ere bai neurri batean, eraso baten gisa bizi izan dute askok.

Ez naiz sartuko ezta ere Djokovic Australiatik bidaltzea legezkoa edo bidegabekeria izan den ika-mikan.

Are gutxiago txertoaren auzian. Eta ez iritzirik ez dudalako. Aitzitik, txertoaren eta munduko gobernu gehien-gehienek pandemiari aurre egiteko proposatu dituzten neurrien aldekoa naiz, ez sutsua, baina bai irmoa, zientzialari gehienen jakinduriak errespetu gehiago ematen didalako ni bezalako ezjakin baten aholkuak baino.

Txertoekiko mesfidantza

Djokovicek txertoekiko erakusten duen mesfidantza Serbian bizi den errealitatearen isla da. Izan ere, Serbiako populazioaren %47 baino ez da txertatu.

Gauzak horrela, eta Djokovic herrialdeko pertsonaiarik ospetsuena izanik, heroi nazionala txertoen aurkako paladina bilakatu da, Australiako Irekian bere 21. Slam Handia irabazi ez zezan, eta munduko tenislaririk handiena bilakatu ez zedin, umiliatua izan dena.

Serbiar askorengan txertorik ez hartzeko erabakia indartu egin du «Djokovic auziak».

Eta ez da izango Belgradeko Gobernua saiatu ez delako. Izan ere, mundu osoan ezagutu den txerto kanpainarik oparoenetarikoa bultzatu zuen exekutiboak, bost txerto eskainiz: Sinopharm txinatarra, Pfizer/BioNTech, AstraZeneca eta Moderna Europak bedeinkatutakoak eta, azkenik, Sputnik V errusiarra.

Azken txerto honi dagokionez, errusiarrek ere mesfidantzaz hartu dute eta %50 ere ez dira txertatu, Kremlin hainbat kanpainaren bidez saiatu den arren. 2020. urtea nahiko lasai igaro zuten Errusian, baina 2021a latza izan da benetan gaixotuen eta hildakoen kopuruan.

«Serbiak txertoak eta azpiegiturak prest zituen, baina izugarrizko aukera galdu da», deitoratu du Dragoslav Popovic-ek, txertoetan eta immunizazioan adituak.

Gazte serbiarren artean ere mesfidantza da nagusi, 30-39 urte artekoetan %40k ez dute txertoa hartu nahi. Are gehiago, gazteen %55ek uste dute txertoa birusa bezain arriskutsua edo arriskutsuagoa dela, zientzia ebidentziek aurkakoa dioten arren.

Gizarte komunista ohietan

Belgradeko Unibertsitatean irakaslea izan zen eta erretiroan dagoen Zoran Radovanovic epidemiologoak argi du Djokovicen portaerak «bizi izan duen giroan oinarria» duela. Bere iritziz, Serbian eta Errusian dagoen txertoekiko zalantzak Ekialdeko Europako gizarte komunista eta sozialista ohietan nabaria den mesfidantzan du oinarria.

Epidemiologoaren ustez, eta Australiako Gobernuaren aldrebeskeriagatik, Djokovic txertoen aurkakoen ikonoa bilakatu daiteke, ez bakarrik Serbian, mundu osoan baizik.

Azkenean Roland Garrosen, Wimbledonen eta US Openen jokatu ahal izateko txertoa hartuko balu eragin positiboa izango luke orokorrean pandemiaren aurkako borrokan, baina Radovanovicentzat zalantzan dago txertoen aurkakoek berria nola hartuko zuten.

«Txertatzea obligazio moduan barneratzen badute, eta ez bada hausnarketa arrazoidun baten ondorioa, eragin txikia izango du», azaldu du.

Popovic adituak, bestalde, ez du uste ikono bihurtzeak Djokovici mesede egingo dionik. «Txertoen aurkakoak eta hainbat borrokatako galtzaile guztiak atxikiko zaizkio eta arazoak izango ditu haiengandik aldentzeko», iragarri du.

Serbiako Gobernuari ere ez dio inolako mesederik egin «Djokovic auziak». Urte hasieratik, egunero kutsatu kopuruetan maximo historikoak lortzen ari da omikron aldaera berria, eta txertaketa kanpainak ez du aurrera egiten.

Eta Australian gertatutakoaren ondoren, Gobernuak txertatzeko kanpaina bultzatzeari eta jende askok dituen zalantza eta kezka legitimoei erantzuteari uko egin dio.

Baztanga Jugoslavian

Balkanetako nondik norakoak ulertzea ez da batere samurra. Historia oso aberatsa du herrialdeak. Batek esan omen zuen –Otto von Bismarck kantziler prusiarrak edo Winston Churchill lehen ministro britainiarrak… ez dago garbi– Balkanek «gainditu dezaketen baino historia gehiago» ekoitzi dutela.

Topikoak topiko, Serbiak egungo pandemia nola bizi duen eta orain dela 50 urte Jugoslavia ohiak osasunarekiko zuen jarrera ikusi, eta alde handia dago.

1972. urteko otsailaren 15a. Ibrahim Hoti albano-kosovarra itzuli da Mekara egindako erromesalditik. Sukarra du, gorputza jota eta azalean negelak. Baztanga harrapatu zuen Saudi Arabian.

Hotik laster kutsatu zituen auzokideak Kosovoko Ðakovica herrian, Latif Mumdzic maisua tartean. Inguruko ospitale batean osatzen saiatu ondoren Belgradeko ospitalera eraman zuten eta orduan konturatu ziren baztangak jota hilzorian zegoela.

Jugoslavia ohiak pairatu zuen azken epidemia izan zen. 1972ko otsailetik apirilera bitartean, herrialde balkaniarren federazioak Europan II. Munduko Gerraz geroztik izandako baztanga izurrite handiena pairatu zuen, baina gainditzea lortu zuen Nazio Batuen Erakundeak txalotu zuen txertaketa kanpainaren bidez.

Covid-19aren pandemiak gogora ekarri die egoera hura bizi izan zutenei, eta besoan txertoaren aztarnak dituztenei. Eta konparaketak egiteko aukera eman die.

Jugoslaviako osasun sistema, guztiz doakoa, indartsua zen. Josip Broz Tito mariskalaren agintepean Estatua ere sendoa zen. Instituzioekiko konfiantzagatik eta agintariekiko beldurragatik, txertaketa masiboa izan zen.

Hasieran ezkutuan

Hasiera batean, lehen hildakoen berri izan zenean, Gobernuaren aldetik isiltasuna nagusitu zen. Jugoslavian ordura arteko azken baztanga kasuak 1930. urtean izan ziren eta medikuek ez zuten lehen momentutik gaitza atzeman.

Hala ere, adituek baztanga epidemia baten aurrean zeudela ohartarazi zutenetik Alderdi Komunistak aste oso bat itxaron zuen egoera onartzeko. Ordurako CIA estatubatuarrak emana zuen berria.

Hori bai, behin onartuta, Kosovoko hainbat hiritan larrialdi egoera ezarri zuten eta segidan txertaketa kanpaina Belgrad hiri osora hedatu zen. Bi egunetan 800.000 pertsona immunizatu zituzten.

Jugoslaviak milioi bat dosi baino ez zituen eta OME Osasunaren Mundu Erakundeari eta AEBei laguntza eskatu zien. Txinak, Ekialdeko Alemaniak eta beste herrialde batzuek ere lagundu zioten eta guztira 14 milioi pasatxo dosi eskaini zizkioten.

Behin erabakia hartuta, Gobernuak Armada atera zuen txertaketa kanpainan laguntzeko. «Autoak geldiarazten zituzten jendea txertatzeko, eta herriz herri joaten ziren. 18 milioi pertsona txertatu zituzten 20 milioi biztanle zituen federazioan», azaldu zuen orduan Donald A. Hendersonek, OMEren baztanga desagerrarazteko munduko programaren arduradunak garai hartan.

Konfinamenduak ezarri ziren, kirol ekitaldi guztiak bertan behera utzi zituzten eta larrialdiko ospitaleak eraiki ziren nonahi. Epidemia kontrolpean zegoen 2020ko apirilean, lehen kasua atzeman eta bi hilabetera. 35 hildako baino ez ziren izan.

50 urte geroago, Jugoslavia ohiko errepublika populatuenean, Serbian, konfinamenduaren eta etxeratze aginduaren aurkako protestak izan ziren covid-19aren pandemiaren hasiera-hasieratik. Eta serbiar askok, Djokovic tenislaria tartean, ez dute txertatzeko inolako asmorik.

Norberak atera ditzala ondorioak. Ni ez naiz gai. Are gutxiago Balkanetan eta gero eta balkandar –zentzu txarrean– itxura gehiago hartzen diodan mundu zoro honetan.