INFO

Somerako bizilagunek manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako

Bihotzean Auzo Elkarteak eta Somerako Bizilagunak kalearen gentrifikazioa eta degradazio prozesua salatzeko manifestazioa deitu dute otsailaren 19rako. Somera 1etik hasiko da, 12.00etan. Bide batez, Udalaren «pasibotasuna» salatu eta auzokideen eskaerak entzun ditzaten eskatzen dute.

Bilboko Somera kalea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Datorren larunbatean manifestazioa egingo dute Bilboko Somera kaleko bizilagunek, «Somera Berpiztu!» lelopean, kalearen degradazio egoera eta gentrifikazioa salatzeko. Haien ustez «etorkizunik gabeko kale batean bihurtzen ari dira Somera». Somerako Bizilagunak eta Bihotzean Auzo Elkarteak deitu dute mobilizazioa eta Somera 1etik hasiko da 12.00etan.

Azken urteetan «auzoa merkantzia bihurtzeko» bi bide abiatu direla salatu dute elkarteek. Batetik, auzoa turistiko bihurtzea eta bestetik kale batzuen gentrifikazioa. Haien ustez, bi faktore hauek elkarren arteko harremana dute eta «auzoaren salmentara» eramaten dute.

Diotenaren arabera, Bilboko Alde Zaharra Bartzelonako Raval eta Madrileko Malasaña auzoen ildo beretik doa: gentrifikazioarena. «Gentrifikazioa jatorrizko hirigunean bizi den biztanleria eremu periferikoenetara lekualdatzeko prozesua da, eta horrek eragina du eremuaren eta bertako auzokideen osaeran, bai eta auzoaren soziologia eta kalearen nortasunaren galeran», salatzen dute.

Gainera, kalearen zikinkeriak, droga salmentak, borrokek eta lapurretek gora egin dutela eta, horren aurrean Udalaren «jarrera eskasa eta erabat poliziala» ez dela egoera aldatzeko biderik egokiena adierazi dute. Mobilizazioaren bitartez, Udalak haien eskaerak kontuan hartu ditzan eskatuko dute.