Bartzelona-Napoles edo Maradonaren derbia
Diego Armando Maradonaren bi talde ohiak neurtuko dira ostegun honetan Europa Ligan (18.45etan, Camp Nou estadioan). Kataluniatik Italiara iritsi zen modua aldrebesa izan zen; antza, Camorrarekin lotura ere izan zuen bere fitxaketak.
Bartzelona-Napoles neurketa betirako Diego Armando Maradonaren “derbia” izango da. Argentina izarra 2020an hil zen eta bi klub hauek oso garrantzitsuak izan ziren “El Pibe”-ren bizitzan. Oso partida garrantzitsua izango da.
Bartzelona eta Napoles, antzekoak diren bi mundu. Eta nolako izan zen Italiako taldeak eginiko fitxaketaren istorioa? Nola izan zen Maradonaren fitxaketaren istorioa, Italiako taldeak egindakoa? Aldrebesa, zalantzarik gabe.
Diego Armando Maradona 1984ko uztailaren 4ean iritsi zen Napolesera. «Lurreratu ondoren posiblea izango da segituan spaghettiak jatea?», galde egin omen zien argentinarrak bere laguntzaileei Italiara ekarri zuen hegaldian. Erantzuna baiezkoa izan zen, jakina. Napoles, oraindik ere, pasta hori dastatzeko lekurik paregabeena da.
Maradonak Bartzelonaren elastikoarekin jokatu zuen azken partida Athleticen aurka izan zen, Napolesera iritsi baino bi hilabete lehenago, Kopako finalean: 1-0 irabazi zuten zuri-gorriek Endikaren golarekin eta sekulako iskanbila sortu zen partidaren bukaeran, Maradona ere arerioen kontra oldartuta.
Orduko Bartzelonako presidentea, Jose Luis Nuñez, kokoteraino zegoen. Gizon korapilatsua zen argentinarra, nahiz eta munduko futbolariri onena izan. Aurreko bi urteetan hainbat arazo izan zituen, tartean «andre zuri batekin egin zuen topo», kokainarekin, alegia –Calamaroren abestiak dioen moduan–, bere betiko kidea bihurtuko zena.
Bernabeu estadioko aldagelan, Maradonak adierazi zien bere laguntzaileei Estatu espainoletik kanpo joan nahi zuela. Garai hartan, ligarik aberatsena Italiakoa zen baina Seriea A-ko klubek ez zuten Maradona fitxatzeko asmorik. Batez ere handienek: Juventusek, Interrek, Fiorentinak, Erromak edo Sampdoriak.
Dirua bazuten, bai, baina Diegoren portaera ezaguna zen. Paolo Mantovani Sampdoriako presidentearen adierazpena famatua egin zen: «Maradona? Ez, jada Vialli eta Mancini ditugu, ez dugu behar».
Garai hartan, gehienez, Italiako taldeek bi kanpotar fitxatu ahal zituzten baina, antza, inork ez zuen arriskatu nahi.Horrez gain, ordaindu behar zen dirua erraldoia izango zen, soldata eta fitxaketaren artean.
Napoles, Diegoren patua
Pak Doo-Ik jokalari iparkorearra inflexio-puntu bat izan zen Italiako futbolaren historian. Izan ere, 1966ko Munduko Kopan bere gol batek Italiako selekzioa kanporatu zuen. Korear bat Italiako hiztegian, «porrot lotsagarriaren» sinonimoa da.
Momentua oso gogorra izan zen Italiako futbolarentzat, Calciorentzat. Behin selekzioa Italiara itzulita, bi gauza gertatu ziren: aurrenekoz, aireportuan zaleek hainbat barazki bota zien jokalariei, eta bigarrenez, Federazioak erabaki zuen mugak ixtea. Zer esan nahi zuen horrek? Klubek ezin zutela kanpoko futbolaririk fitxatu. Federazioaren ustez, Italiako ligan atzerritar gehiegi izatea izan zen kanporatzearen arrazoia.
Hurrengo 14 urteetan halaxe izan zen Italiako ligan. Horregatik, hain zuzen ere, Beckenbauer edo Eusebiok ez dute sekula jokatu Serie A-n, nahiz eta akordio batera iritsi ziren Interrekin. Klubek gutxi irabazi zuten baina helburua selekzioa maila on batera itzultzea zen. Horrez gain, talde italiarrek, posiblea zenean, mundu guztian zituzten behatzaileak, baita Hego Amerikan ere. Garestia zen bidaia, baina merezi zuen helburua jokalari on bat zenean.
1978an, Napoleseko entrenatzaile Gianni di Marzia –bere seme Gianluca gaur egun merkatu-kazetaririk ospetsuenetarikoa da– Argentinara joan zen. Norbaitek esan zion fenomeno bat zegoela Argentinos Juniors taldean. “El Pelusa” goitizena zuen, ile kizkur eta luzea. Diego Armando Maradona zen bere izena.
Ezinezkoa zen fitxaketa baina Di Marzok Napoleseko txartela eman zion, badaezpada ere, egunen batean mugak irekiko balituzte. Mugak irekitziarena 1980an gertatu zen eta garai hartan Diego Maradonaren prezioa oso puztuta zegoen, ezinezkoa zen Napolesentzat. Dena dela, Italiako hiria Maradonaren patuan zegoen.
Dirulaguntza fitxaketarako
Denbora luzez, Napoles klubak arazo ekonomikoak izan ditu eta Italiako futbolean 80. Hamarkadara arte, ez da inoiz izan erreferentzia bat. Bi Italiako Kopa irabazi zituen baina bestela, asko jota, laugarren edo bosgarren postuarengatik borrokan aritzen zen.
1984an Claudio Ferlaino zen presidentea. Aurreko urteetan, klubaren zorra, Maradonaren prezioa moduan, asko puztu zen. “Il calcio alla sbarra” liburuan aipatzen den bezala, 8 mila milioi lirako zorra zuen.
Ferlaino ez zen ez Berlusconi ez Agnelli, eta moldatu behar izan zuen. Fitxatu zituen atzerritarrak Daniel Bertoni argentinarra eta Ruud Krol Herbeheretarra izan ziren. Azken hauek, gero eta diru gehiago nahi zuten, eta Napolesek ezin zuen onartu. Beraz, Krolek agur esan zion Italiari.
Beste talde guztiek bi kanpotar zituzten; Napolesek, aldiz, besterik gabe geratu zen. Taldea indartu behar zuen, baina nola? Antonio Juliano jokalari ohi eta kirol zuzendariak lotura bat lortu zuen Maradonaren ordezkariarekin eta akordio bat lortu zuen: sei urteko kontratu bat, 1,3 mila milioiko soldatarekin. Baina nondik atera lezake klubak hainbeste diru?
Albistea zabaldu zenean, potsikoak zabaltzen hasi ziren zale asko Napoles hirian. Une berean, Ferlaino presidentea bankuz banku joan zen, bueltak eman, maileguren bat emateko. Politikari batzuk ere sasaitu ziren. Campania lurraldean Kristau Demokrazia alderdia oso idnartsua zen: Napoleseko alkatea, Vincenzo “Tarzan” Scotti alderdi horretakoa zen.
Erantzun guztiak ezezkoak izan ziren baina ekain hartan, inork ez zuen amtes hori atzean utzi nahi. John Ludden-ek idatzitako Maradonaren biografiaren arabera, Camorra mafia taldeak ere parte hartu zuen dirulaguntza ematen.
Azken finean, nolabait, Ferlainok arazo guztiak konpondu zituen: Bartzelonari 11 mila milioi dolar (Italiako lirak ez, oso ezegonkorrak zirelako), gehi Diegoren soldata. Sekulako dirutza, baina helburua beteta zegoen.
Maradonak Napolesi, besteak beste, Italiako bi liga eta UEFAko Kopa bat eman zizkion. Bertan eman zituen zazpi urteetan hiriaren sinbolo bihurtu zen, artista batzuk ere inspiratu zituen, Paolo Sorrentino zine zuzendaria, kasu.
Argentinarra hil zenean, Aurelio De Laurentis egungo presidenteak Napoleseko estadioari Diego Armando Maradona izena jarri zion. Kuriosoa dena da, 1984an, Maradona iritsi aurretik, klubak 10 urte zeramatzan estadioaren alokairua ordaindu gabe. Maradonaren fitxaketarekin detaile horiek ahanzturan erori ziren.