INFO

Mazedoniako presidenteak eskola jazarpena jasan duen haur bat lagundu du eskolara

Lehen Hezkuntzako laugarren urtea ari da egiten Embla Adema, 11 urteko Down sindromea duen haurra. Eskola jazarpenaren eta diskriminazioaren kontrako mezu bat zabalduz, Mazedoniako presidenteak eskolara lagundu zuen neskatoa.

Pendarovski, Mazedoniako presidentea, Embla eskolara laguntzen. (@Pendarovski)

Stevo Pendarovski Mazedoniako presidenteak munduari buelta ematen ari zaion keinu bat izan du. Embla Adema 11 urteko neskatoa, Down sindromeduna, haren familia-etxetik hartu eta Gostivar eskolara lagundu zuen, Skopjetik ordubetera gutxi-asko. Neskatoak eskola-jazarpena sufritzen du bertan.

Embla eta haren familiarekin elkartzean, Mazedoniako presidenteak liburu eta pintura batzuk oparitu zizkion umeari, eta, ondoren, elkarrekin joan ziren eskolara. «Inklusioa ez da soilik adierazpen batean geratu behar, garapen atipikoa duten pertsonen ahalmenak erabili behar dira. Aurreiritziek ez dute oztopo izan behar guztiontzako berdintasunezko eta bidezko gizartea eraikitzeko. Enpatia gure betebehar morala da», agertu du politikariak bere sare sozialetan.

Era berean, presidenteak nabarmendu zuen Down sindromea duten pertsonek «dituzten eskubideez gozatzeaz gain, berdinak eta ongi etorriak sentitu behar dutela eskolan». «Estatuak duen betebehar bat da, baina gizabanakoak ere bai, enpatiaren xede komuna baita bere funtsezko elementua», erantsi du.

Tokiko hedabideek adierazi zutenez, Lehen Hezkuntzako laugarren urtea egiten duen Embla Ademak atzerapenarekin hasi zuen bigarren seihilekoa, ikaskideen gurasoen boikot baten ondorioz.

Herriaren defendatzaileak eta Diskriminazioaren aurkako Babeserako Batzordeak dagoeneko iragarri dute ikerketa bat irekiko dutela, Emblarekin gertatutakoa argitzeko.