Elkarretaratzeak, Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketak euskaraz egin ahal izateko
Ikastolen Elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu zentro guztietan martxoaren 4an Ipar Euskal Herriko ikasleek euskaraz azterketak egiteko duten eskubidea aldarrikatu asmoz. Baxoari dagokionez, ikasleek oraindik ez dakite zein hizkuntzatan egingo dituzten Batxilergoko Berezitasuneko bi probak.
Ipar Euskal Herriko ikasleek brebeta eta baxoa euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatu nahi du Ikastolen Elkarteak eta horretarako datorrean martxoaren 4an elkarretaratzeak deitu ditu zentro guztietan. Egoera kezkagarria dela iritzita, hizkuntza eskubideen alde gogor borrokatzeko prest direla azpiamarratu dute ordezkariek. Hala, dei egin diote jendarte, erakunde zein alderdi politikoei bat egitera.
Ohar bidez defendatu dutenez, Estatu frantsesarena ez baita soilik Seaskako komunitatearen aurkako erasoa; «hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko», adierazi dute.
Hainbat dira irekita dauden auziak, eta asko zalantzak. Adibidez, baxoari dagokionez, ikasleek oraindik ez dakite zein hizkuntzatan egingo dituzten Batxilergoko Berezitasuneko bi probak eta Ahozko Handia. Antza danez, abenduaren 14ko zirkularrak dio «proba batzuk» euskaraz aurkeztu ahalko direla baina, momentuz, ezezkoan daude.
Ikastolen Elkarteak gogoratu duenez, 2019an, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Estatu frantseseko Hezkuntzak hitzarmen bat sinatu zuten «ikasleek azterketa hauek euskaraz egin ahal izateko. Hezkuntza agintariek, ordea, akordio hori berrinterpretatu egin nahi dute eta azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu. Hitzarmena bete egin behar da, eta ikasle guztiek aukera izan behar dute Ahozko Handia euskaraz egiteko», eskatu dute.
Brebetari dagokionez, berriz, «ez dugu onartuko beronen antolaketarako arazo teknikoen aitzakiarik. Bost hilabete barru izango dira probak, eta nahikoa denbora badago horien zuzenketa antolatzeko».
Justuki, brebetaren bueltan gertatzen ari dena salatu du elkarteak, agintari akademikoak «zigorren bidez» erantzuten ari baitira zenbait irakasleri. «Iragan ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta frantsesez egindako brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Bordeleko Akademiari jakinarazi zioten erabakiaren berri, zerbitzua antola zezan».
Bada orain, sei hilabete beranduago, Bordeleko Akademiako Errektoretzatik esan zaie «zuzenketara ez aurkeztea justifikatu gabeko huts egite bat» dela eta irakasle horiei soldata atxikipen bat egin die.