INFO

Vicente eta Larrañagak apirilaren 2an jokatuko dute aizkora desafioa, Tolosako zezen plazan

Seina oinbiko eta hamabina kanaerdiko moztu beharko dituzte azpeitiarrak eta Otsagikoak. Alde bakoitzetik 7.000 euro ipini dituzte. 2021eko Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian Vicente nagusitu zen, Larrañaga bigarren izan zen bitartean.

Iker Vicente eta Mikel Larrañaga, trabesa adostuta. (Ibon ERRAZU)

Aizkolaritza munduak badu bere hurrengo buruz burukoa. Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak apirilaren 2an, 18.30etan, hitzordua egin dute Tolosako zezen plazan. Alde bakoitzak 7.000 euro botako ditu eta egin beharreko lana, 18 enbor zeinek lehenago erdibitu: seina oinbiko eta 12na kanaerdiko, horietatik 10 Iker Vicentek jarritakoak.

Trabesaren «backgrounda» ez da ahaztu behar, abenduaren 31an desafioa jaurti baitzuen Larrañagak. Urtarrilaren 5ean Kantabriko erretegian bat egin zuten biek ala biek, kirola eta trabesak egosten diren txoko mitologiko horretan, arratsaldeko 19.30etan. Han erabaki zuten desafioa aurrera aterako zela, baina noiz jokatu itxi gabe: apirilaren 2an edo 9an, bietatik bat.

Zurrumurruak ugari izanagatik, aizkora desafio zaleek arnasa sakon har dezakete, batere gabe gelditzeko beldurrik ez dago-eta, Otsagikoak eta Azpeitikoak data zehaztu baitute asteon: apirilaren 2an, hain zuzen ere. 

Esan behar, uneotan aizkora munduko bi izar nagusienak direla bata eta bestea. Hain zuzen, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian Iker Vicente nagusitu zen, Larrañaga bigarren izan zen bitartean. 2019ko Euskal Herriko txapelketan ere ordena berean sailkatu baziren ere, ez da ahaztu behar Urrezko Kopan, 12 kanaerdikotara, gipuzkoarra nafarrari nagusitu zitzaiola.

Txapelketetan ez ezik, trabesetan ere badute eskarmentua biek ala biek. Hala, Eneko Otañori irabazi zion aizkora apustu baten Mikel Larrañagak eta proba mixto batean Alex Txikon gainditzea erdietsi zuen Otsagiko Iker Vicentek.

Artxiboei so eginda, txapelketa nagusian aurreneko bi postuetan amaitutakoen arteko azkeneko dema 1998an izan zen, Jose Mari Olasagasti eta Donato Larretxearen artean. Ondorioz, mailarik goreneko trabesa izatea espero da.