INFO

IDK Euskotrenek seigarren garaipena jarraian lortu nahi du, Ligako azkenaren aurka

Donostiarrek Ferrolen jokatuko dute eta Kanaria Handiaren aurka jokatuko du Kutxabank Araskik Mendizorrotzan, sailkapenean gorantz egin nahian. Estudiantesen kantxan ariko da, aldiz, Gernika Bizkaia, Top 8aren barruan dauden taldeen arteko dema estuan.

IDK Euskotren, bere aspaldiko boladarik onenean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Bi hilabete falta dira Endesa Ligak bere Fase Erregularra amaitzeko, eta ondorioz, partidaz leporaino egongo dira eliteko hiru euskal taldeak. Tartean, bestalde, ez da ahaztu behar IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak Kopa jokatu behar dutela.

Bada igande arratsaldean neurketak dituzte hiru euskal taldeek: 18.00etan jokatuko dute Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek; 19.00etan talde bizkaitarrak.

Zalantzarik gabe, inoizko boladarik onenean dago uneotan IDK Euskotren. Ostegunean sekulako egurra eman zion talde donostiarrak Basket Zaragozari (65-35) eta Ligako Top 8an lekua sendotu zuen Azu Muguruzaren taldeak eta jarraian bosgarren garaipena lortu zuen.

Igande arratsaldeari begira, berriz, seigarrena lortzeko abagune ezinhobea izan liteke, Baxi Ferrol, Ligako azken sailkatuaren etxean jokatuko baitu. Galiziarrek 4-15eko balantzea dute eta azken zazpi neurketak galdu dituzte. Egia da behar baino konfidantza gehiagorekin ekiteak ez ohi diola inori ere mesederik egin, baina joan den ostegunean etxean erakutsitako defentsa lan eta kemena aintzat hartuta, Azu Muguruzarenek irabazi egin beharko lukete, gauzak ongi.

Ordu berean jokatuko du Kutxabank Araskik, 18.00etan Kanaria handiaren aurka jokatuko baitu Madelen urietaren taldeak Kanaria handiaren aurka. Ligako Top 8tik at daude talde biak, 8-9 balantzearekin gasteiztarrak eta 7-12 kanariarrentzat. Kutxabank Araskik ostegunean Cadi La Seuren kantxan jokatu beharko zukeen, baina ezin izan zuen talde katalanean covid-19ak gogor jo omen duelako.

Bada, neke gutxiagorekin baina etenaldi luzeago baten ostean ekingo dio talde arabarrak bere neurketari. Hain zuzen, Kanria Handia bere unerik onenean dago, bere azken lau neurketetatik hiru irabazi ditu eta, iaz egin zuen moduan, jeitsiera postuetatik play-offetako postuetara bidea burutu nahi dute kanariarrek.

Hamahiru partida jokatu behar ditu talde gasteiztarrak bi hilabete hauetan. Bada, berandu baino lehen jakin beharko du play.offetara sailkatzeko borrokan egoteko moduan izango ote den ala mailari eustearekin nahikoa lan izango duen.

Aurkari zuzena

Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, 19.00etan Estudiantesen kantxan jokatuko du. Gogoan izan behar da pasa den denboraldian bizkaitarrek eta madrildarrek play-offetako final-laurdenetan ikusi zutela elkar eta, gernikarrek aurrera egitea lortu bazuten ere, asko kostata irabazi zutela.

Urtebeteren ostean, Top 8 barruan eta Koparako sailkatuta daude biak ala biak. Madrildarrek Leslie Knight galdu dute denboraldia amaitu arte, haurdun dagoelako, eta horrez gain Laura Quevedo hegalekoa azken asteetan min hartuta dago. Hala ere, ostegunean Salamancan sekulako partida jokatu zuten eta Perfumerias Avenidaren aurka 71-70 galdu zuten. Mario Lopezen taldeak ere Valentzia Basketen aurka galdu egin zuen eguenean, baina ez da ahaztu behar bigarren laurdenaren azken aldera 38-22 aurretik zirela bizkaitarrak.

Alegia, talde biek Ligako talde handienen aurka lehiakor izan daitezkeela erakutsi dute, nahiz eta eskilara maila bat azpitik egon. Ondorioz, elkarren arteko partida honetan garaile ateratzen denak Top 8an bere burua egonkortzeaz gain, hurrengo asteetako partida maratoiei begira konfidantza handiagoa bereganatuko du.