«Pribilegiatu hutsa naiz, garai ona bizi izan dut»
Hamarkada luzea darama pilota profesionalean. Gustatzen zaiona egitearen plazera eta bidean pilatutako lagunak ekartzen ditu akordura etengabe, amaiera etor daitekeela jakin arren bideak eman dizkion pozak goratzea maite duelako. Hori da bere begiratzeko modua, frontoian eta hortik kanpo.
Pilotari handia da Andoni Aretxabaleta. Tamainaz, eta hitz aspertuz (1992, Markina-Xemein). Hamarkada luzea bete du profesionalen artean, baina ez daki urritik aurrera frontoian jarraitzeko aukerarik izango duen. Onartua du kanpoan gera daitekeela, prozesu natural baten ondorioz. Begiak pizten zaizkio frontoiaz, pilotaz, kideez galdetuta, azken hamarkadan pribilegiatu handia izan dela uste baitu: «Lagun piloa egin dut; galdu, dakidala, bat bera ere ez».
Santurtzin bizi da Aretxabaleta azken urtean, Bilbon entrenatzen duelako, eta Santurtzitik 10 minutu eskas behar dituelako. Sarri joaten da Markinara, gurasoak eta lagunak bisitatzera. Beti umoretsu, alai, baikor, txantxarako prest, egindakoaz harro, eta etor daitekeenari begira itxaropentsu.
Markinarra, pilotari profesionala, 11 urtez dagoeneko.
Bai. Urrira arte daukat kontratua, eta gero gerokoak. Pilotaren alde onak eta txarrak ezagututakoa naiz. Txarrei dagokienez, lesio asko jasan ditut. Gauza onen artean, Binakako Txapelketako final bat jokatu izana, Aimar Olaizola bikote zela. Eta egindako lagunak. Asko, zenbatu ezinak. Kontratu amaierak beste ikuspuntu bat eman dit. Oraindik anbizio handiarekin prestatzen ditut partidak, irabazteko grinarekin, itxura ona emateko asmoa beti, baina beste mentalitate batekin.
29 urte baino ez. Bukatuko balitz, gazte bukatuko zenuke pilotari profesional jarduna.
18 urterekin egin nuen debuta. Enpresaren politika izan da, edo zen, pilotari batek uzten bazuen, beste bat sartzea, eta halaxe hasi nintzen neu. Eskudero, Zearra, eta besteren batek utzi, eta ni hasi nintzen. Igeriketan moldatzen nintzen ondo, 15 urte arte lehiaketan ibilitakoa naiz. Futbolean ere bai, baina nahiko baldarra nintzen, mutil handia. Gainera, haserretu egiten nintzen futbolean. Pilotan ere txukun, eta bietako bat hautatu behar izan nuen: igeriketa edo pilota. Biak bateraezinak dira, uraren kloroak eskuak kaltetzen baititu. Pilota aukeratu nuen, baina faltan hartzen dut igeri egitea.
Zer oroitzen duzu frontoiko hasiera hartatik?
Lehen bi urteak desastrea izan ziren: eskuak egin barik, pilotaren abiadurara ohitu ezin, bigun… Oso gaztea nintzen, goizegi eman nuen jauzia. Buruz ere sufritu nuen, ze telebistan agertzen ginen, mailarik ezin eman, eta izorratuta. Prestakuntza aldatu nuen urte pare bat pasatuta, 8 kilo galdu, eta ondo jokatzen hasi nintzen. Hainbesteraino, Aimar Olaizola bikotekide nuela binakako finala jokatu bainuen. Hor jo nuen goia, 2014ko maiatzean. Eta hortxe bertan hasi zen nire kalbarioa.
Zer gertatu zen?
Finalean eskua apurtu nuen, hilabetera pneumonia pasatu nuen, eta uda osoa galdu. Lesioena latza izan da. Zangosagarreko soleoa lau aldiz hautsi dut. Torloju bat ere badaukat hatz erakuslean. Eskuan, sorbaldan ebakuntzak egin dizkidate… Zortzi bat lesio serio izan ditut, sei-zazpi urtean. Andoni Egañak ere bota zidan bertsoa, halako batean: «Andoni Aretxabaleta, lesio txikirik ez daukan pilotaria». Jarraitutasuna ezin lortu aritu naiz. Buruhauste asko sortu dizkit lesioen kontuak, baina bigarrenetik aurrera nire burua estutzeari utzi nion. Lesioren bat etortzen bazen, ahalik eta ondoen osatzen saiatu, eta segi. Haserreak alferrikakoak zirela ulertu nuen. Lesioetatik nengoen baino hobeto bueltatu naiz, zorte hori izan dut, medikuek, fisioek eta bestek lan ona egin dutelako. Hatz erakusleko haustura da ondo osatu ez zaidan bakarra. Torloju bat jarri zidaten, baina okertua daukat, hatz barnean. Mina ematen dit, egunero, baina ezin dut kendu, hatz guztia berreraiki beharko bainuke.
Bigarren lesiotik aurrera zure mentalitatea aldatu zenuela diozu. Zertan?
Baikorra izaten saiatuz. Nola zaindu ondoen, errehabilitazio prozesuetatik ikasi, gaixotasunei buruz informazioa lortu… Jarrera horrek asko lagundu nau, eta horregatik izan ez balitz pilota dagoeneko pikutara bota nuen aspaldi. Gogoratzen naiz astakeriaren batekin… Urrutirekin jokatu nuen txapelketako partida bat, Labriten, 20-19 irabazten, eta lesionatu, sei zentimetroko gihar haustura galtzarbean. Eta nik segi, eta gehiago apurtu. Baina irabazi… Orain bestela jokatuko nuke.
Azken urteetan estelar gutxi jokatu dituzu. Arduratuta?
Ez. Primerako azkeneko partida, ordezko gisa, aurten jokatu dut. Binakako Txapelketan, azkena, titular, duela lau urte. Lege onez onartzen dut. Beste batzuek ere aukera merezi dute, normala da ni baino hobeto dagoenari tokia uztea. Nik neuk ere tokia egin nion Untoriari bere garaian, Oinatz Bengoetxearekin jokatu nuenean. Hiru aste geldirik eman nituen, eta finalerdiak iritsi. Eta ni ondo ez. Enpresari Untoria jartzeko esan nion. Txapeldun izan ziren ostera. Nire rola onartzen dut, batere arazorik gabe. Deitzen didatenean jokatu, eta onena ematen saiatu. Eta aurrera. Langileak gara, ezta? Motibazioa partida guztietan topatzen dut: frontoi hau, bestea, aurkari bat, bestea…
Nolakoa da zuen egunerokoa? Nola bizi da pilotari profesional bat?
Ederki bizi gara gu. Enpresak jarritako prestatzaile batekin, edo norberak aukeratutakoarekin presta zaitezke. Nik kuadrillako laguna dut prestatzailea, eta dena berarekin egiten dut. Ondo zaintzen nau, txikitatik ezagutzen dugu elkar. Egunero aritzen gara. Astelehen eta asteazkenetan gimnasioan, astearte eta ostegunetan pilotan, nire kasuan Larunbe edo Uriondorekin. Barikuan, asteburuko agendaren arabera, karga gehiago edo gutxiago. Duela urte eta erdi-edo gimnasioa kentzen hasi nintzen pixka bat, eta mendiko bueltak egiten hasi. Mantsoa naiz, berez, eta gimnasio askorekin indarra irabazten duzu, baina abiadura galdu. Mendian askoz gusturago ibiltzen naiz. Egunero egin behar dugu prestakuntza, baina konparatze aldera, txirrindularien bizitza askoz gogorragoa da. Omar Fraileren bizilaguna naiz Santurtzin, Iker Camaño ere ezagutzen dut, Pello Bilbao… Horiena bai, prestakuntza gogorra.
Mingain gaiztoek diote prestakuntza lanean kale egiten dutela zenbaitzuek. Hala da?
Hasi nintzenetik pilota asko aldatu da. Abiaduran, batez ere. Bizkorragoa izan behar zara, egun gantxoa laugarren koadrotik egiten baitute askok. Kolpe latza eman behar diozu hori galarazteko. Derrigor prestatu behar duzu ondo, zure prestatzailearekin edo enpresak jartzen dizunarekin, bestela neurririk ez duzulako ematen. Eta horrek zer ekar dezakeen badakizu. Niri ez zait astuna egiten goizetan bizpahiru orduko lan saioa egitea. Arratsaldeak libre ditut, nire gauzak egiteko, beste lantxoren bat egiteko.
Hasi al zara zerbaitetan?
Bueno, pentsu komertzial jardunean. Hasi bakarrik egin naiz. Marka batek proposatu dit Bizkaiko banaketaz arduratzea. Animaliak beti gustuko izan ditut: zaldiak, txakurrak… Bikotea izan zenak ere oso gustukoak zituen txakurrak, Mendexa aldean. Ehizan ere hasi nintzen, pentsa. Pilotatik ez naiz biziko bizitza osoan, eta zerbait bilatzen hasita nago. Gaztea nintzenean pilotari jarduna fundizioko lanarekin partekatu nuen, orain biak partekatuz ere moldatuko naiz.
Sumatzen duzu zure pilotari profesional jarduna bukaeratik gertu egon litekeela?
Bai, gero eta gehiago. Jakitun naiz Lehen Mailako partida asko ez ditudala jokatuko, dagoeneko, baina partida denak prestatzen ditut anbizioarekin. Bigarren Mailako partidak jokatuko ote nituzkeen galdetuko balidate, pentsatu gabe emango nuke baiezkoa. Nolatan ezezkoa, ba? Astero partida bat? Txapelketa bat jokatzean zer sentitzen den… Denbora luzea daramat txapelketako partidak jokatzeak ematen duen bizitasun hori sentitu gabe.
Partidak irabaz ditzakezu, baina txapelketek ematen duten tentsio hori… Hori sekulakoa da. Azken bost urteetan txapelketako bi partida bakarrik jokatu ditut.
Pilota munduan egin beharrekoa dagoeneko egin dudala esango nuke, nahiz eta gehiago egin nahi, hortik bizitzen jarraitu nahi. Enpresaren politika zein den badakigu, eta nik hobetzeko tarte handirik ez daukat dagoeneko. Enpresarekin desadostasunak izanda ere, euren buruan jartzen saiatzen naiz, eta ulertuko nuke nire ekarpena eurentzat dagoeneko interesgarria ez izatea. Urritik aurrera jarraitzen badut, ondo. Ez badut jarraitzen, ez dut uste mundua gainera jausiko zaidanik. Pilotaz gain gauza asko egiten ditut, lagun asko, ate asko irekita… Jardun berrien batean hasteko aukerak ere asko erakartzen nau.
Momentu txarrak eta onak bizi izan dituzu zure bidean. Ase zaitu pilotak?
Lesioekin asko sufritu dut. Asko. Kolpe moralak ere gutxi ez. Emaitza txarrekin buelta asko eman izan dizkiot buruari. Etxean jokatu, lagunak harmailetan, eta 10-0 galtzen hasi. Halako egoerei buelta eman ezin izanak min handia egiten dit, atsekabe latza hartzen dut. Oroitzapen onak ere asko ditut. Txapelketarik ez dut irabazi, baina torneoren bat bai. Eta zer pilotarirekin, edo haien aurka, jokatu dudan! Beloki eta Pablo Berasaluze nire debuteko partidan, Oinatz Bengoetxea, Aimar Olaizola, Irujo, Titin III.a, Altuna, Laso… Pribilegiatua naiz, garai ona bizi izan dut. Zenbat jende ezagutu dudan urte hauetan guztietan. Horietatik guztietatik bi txar esateko eskatuko bazenit, ezingo nizuke erantzun, ez baitauzkat. Denek eman didate zerbait.
Haserrerik ez inorekin?
Pilotariekin? Gogoratzen naizela ez. Kosta egiten zait haserretzea. Baten bat haserretuko zen, nik beti adarra jotzeko joera hori daukadalako. Edo partida txarren bat jokatuta. Apusturen batean bost euro galdu eta niregana protestan etorri denik izan da. Esan nion, ‘tori bost euro, eta segi zure bidea’.
Eta zer iritzi ote dauka zaleak, pilotari kideak Aretxabaletaren inguruan?
Ez nuke nahi nire irudia pilota jardun soilaren baitan hartzea. Nahiago dut naizen modua, izateko era ere aintzat hartzea. Beti izan bainaiz alaia, poztasuna bilatu duena. Tristura alboratu egin behar da, ahal bada, poztasuna bilatu. Bakarrik egotea ere ona da tarteka, baina niri jendearekin egotea gustatzen zait. Kafe bat hartzeko, mendi buelta emateko beti topatu dut norbait. Jendearekin egon nahi izan duen pertsona baten moduan ezagutuko banindute, ezin hobeto.
Pilotari asko ehizazaleak, autozaleak dira. Zeu ere ba al zara autozalea?
Autozalea bai. Afizionatuetan milaka kilometro egindakoa naiz, Markinatik Tolosara astean bi do hiru aldiz joaten nintzen, 17 urterekin. Ama Zumarragakoa da, eta batzuetan han geratzen nintzen lotan. Profesionaletan debuta egin eta gero, astean lau aldiz joaten nintzen Tolosara, Peugeot 306 autoarekin. Gustura, Deskarga, Urraki mendateetan gora, gurpilak bi hilabetez behin aldatzen. Kotxezalea naiz, bizpahiru erre ditut gutxienez. Orain furgoneta baten bila ari naiz, pentsu zakuak eramateko.
Santurtzin bizi zara. Nolatan?
Iker Camaño txirrindulari ohia laguna dut, eta berak utzitako etxean nago. Bilbon aritzen gara entrenatzen, eta oso erosoa da, metroan 10 minutuan. Bestela, Markinatik ordubete daukat joateko, eta beste ordubeteko buelta.
Santurtzi hiri handia da, Markina herri txikia. Hirian ondo?
Serantes mendia etxetik 40 minutura dut, eta gustura. Santurtzin gutxitan ibili naiz kalean, Gernika aldera etortzen naiz gehiago.
Oinatz Bengoetxearen agur partidetan bertsoak bota izanak, mariatxia kantatu izanak zeresan franko eman du.
Ba, barrutik atera zitzaidan zerbait izan zen, gehiegi pentsatu gabe. Izaeraz pailazo samarra naiz, aitortzen dut, eta zerbait berezia egin nahi nuen. Beti daude bukaerak, eta politak badira, ba hobeto. Begira Aimar Olaizolak zer mailan bukatu duen. Edo Oinatz Bengoetxeak. Frontoia betetzen segitzen dute, zer saltsa ematen dioten pilotari. Aimarri esan nion bere ezkontzan dantza egingo niola, baina Eivissan ezkondu zen! Gero bere agurrean dantza egin nuen. Oinatzena ere egun berean bururatu zitzaidan, eskale bat ikusi nuen akordeoia jotzen, eta horrela atera zen mariatxi bat kantatzeko erabakia, zerbait berezia egiteko grina.
Pilotak garai zailak bizi izan ditu azken biurtekoan, nola dago pilota egun?
Momentu txarrean. Pandemiak ere min handia egin du. Beldurra, jendea frontoira bertaratzeko komeriak, musukoa, taberna itxita, distantziak… Pilota partidak beti izan du jai kutsua, eta orain ezin da. Gazte asko ikusten da, dena den, eta horiek emango diote buelta. Partida onak eta txarrak, denetarik egongo dira, baina giro ona funtsezkoa da.
Soldata mailan-eta, egoerak okerrera egin al du zu hasi zinenetik?
Urte batzuk atzera soldata hobeak ordaintzen ziren, boom-a egon zen apustuetan, publizitatea… Ni neu ez naiz kexatzen. Nahi duguna egin, gustatzen zaigunetik bizi, pixka bat zaindu, denbora librea nahi adina, telebistan agertzen gara… Pribilegiatuak gara, ez dago beste hitzik.
Greba ere egin zenuten.
Bai, kontraesana ere bada pixka bat, ezta? Hain ondo bizi garenok greba egin behar izatea. Pentsa zenbateraino gotortu zen egoera. Iritsi ginen grebara enpresen aldetik hainbat gauza beste modu batera egin behar zirela uste genuelako. Nahi izan zuten dena hilabete batean aldatu, eta hori oso zaila da. Guk mantsoago joatea nahi genuen. Une batean enpresek tira egin zuten, geuk ere tira, eta soka hautsi egin zen. Grebari esker uste edo saldu izan dena baino gauza gehiago lortu ditugula esango nuke. Enpresek ere gauza batzuk onartu behar izan zituzten, alor ekonomikoaz harago. Ez dut uste sos kontuan gauza asko aldatu zenik. Elkarte bat sortu dugu, eta profesionalizatu egin dugu gure jarduna.
Zenbait pilotari oso markatuta geratu zineten grebaren kontuarekin.
Baliteke, baina talde osoaren onura bilatu genuen, eta lortu zen. Askoren onura lortu zen, eta horrek batzuek jasan genuen kaltea estaltzen du erabat. Denok elkarrekin hitz egiteko bitarteko bat sortu da elkartearekin, enpresarekin zernahi konturi buruz hitz egiteko. Ona enpresentzat, ona guretzat. Eta enpresa ondo badoa, pilotaria ere gustura izango da. Dena ez da dirua. Giroa, entrenamenduak gustura egitea ere garrantzitsua da, lana egitea bezala. Greba egin beharreko zerbait izan zen, pilotariak elkartzeko, etorkizunean onurak lortzeko.
Zure agur partida ere iritsiko da noizbait. Nolakoa izan daitekeen pentsatu duzu?
Ez zait parafernalia sobera gustatzen. Ateratzen denarekin gozatu eta aurrera. Ez du zertan sekulako omenaldia izan. Lagunak dituzunak alboan badaude, niretzat nahikoa. Atzera begiratu, eta txapelik lortu gabe ere, zeukan onena eman eta ikaragarri gozatu duen langile fina bezala ikusiko dut nire burua.