INFO

Bidasoak hitzordu zail bezain erakargarria izango du Füchse Berlin taldearen etxean

Jon Azkue, Rodrigo Salinas eta Adrian Sanchez min hartuta daude oraindik, eta izen horiei Kauldi Odriozolarena batu zaie orain, aurreko larunbatean giharretako arazo batzuekin amaitu ondoren. Cuetarak aurreratu du gazteek minutu gehiago izango dituztela esperientzia hartzen joateko.

Gorka Nieto da aukerak izaten ari den gazteetako bat (Jon URBE | FOKU)

Bidasoa-Irunek Füchse Berlin taldearen etxean jokatuko du astearte honetan (18.45, Etb4) EHF European League lehiaketako zortzigarren jardunaldiari dagokion neurketa. Irundarrek urrats handia eman zuten aurreko astean hurrengo fasera sailkatzeko Artalekun Tatran Presov talde eslobakiarrari irabazita, eta Berlinen lasaiago jokatu ahal izago dute multzoko talderik indartsuenetako baten aurka.

Zailtasunak ez ditu aurkariak bakarrik ipiniko. Izan ere, talde irundarrak baja askorekin bidaiatu du Alemania aldera. Jon Azkue, Rodrigo Salinas eta Adrian Sanchez min hartuta daude oraindik, eta izen garrantzitsu horiei Kauldi Odriozolarena batu zaie orain, aurreko larunbatean Bartzelonaren aurkako partidan giharretako arazo batzuekin amaitu ondoren.

Hutsune horiek betetzeko harrobiko jokalari batzuk eraman ditu Jacobo Cuetarak Alemaniako hiriburura. «Ostegunean Valladoliden aurka jokatzen dugu eta ezin dugu jendea behartu. Etxeko gazteekin osatu dugu deialdia eta betiko bidean jarraituko dugu, datozen hitzorduak ahalik eta ongien prestatzen», adierazi du Bidasoako entrenatzaileak bere prentsaurrekoan.

Ez da ahaztu behar Bidasoak egoera oso antzekoan egin ziola aurre Bartzelonaren aurkako neurketari, eta gazteek oso itxura ona eman zuten Europako talde onenetako baten etxean. «Gazteekin jokatuko dugu, minutu gehiago izango dituzte eta ea zer maila ematen dugun. Esperientzia hartu eta hazten joateko aukera izango da», aurreratu du Cuetarak.

Entrenatzaileak Füchse Berlinen maila goraipatu du, nahiz eta azken jardunaldian ligaxkako bere lehen partida galdu zuen Erik Balentziagaren Toulousen aurka (28-27). «Laugarren doaz Alemaniako ligan eta lehen postutik gertu. Europako lehiaketetan ere finaletan sartzea zer den badakite. Ziurrenik Jacob Holm izango da beraien jokalari onena, baina goi mailako beste hainbat dituzte, Viran Morros bera defentsan, esaterako», deskribatu du aurkaria.

Irabaztea oso zaila izango den arren, baliteke Bidasoa-Irun asteartean bertan sailkatzea matematikoki hurrengo fasera partida zailak dituzten Tatran Presov eta Pfadi Winterhur taldeek ere galdu egiten badute.