INFO

Eguesibarreko erraldoiek ezingo dute Korrikan parte hartu Navarra Sumak uzten ez dielako

Eguesibarreko erraldoian konportsak Korrikan parte hartu nahi zuen. Baina Amaia Larraya alkateak baimena ukatu dio, AEKren aldeko ekimen batean aritzea ez baita «Udalak herritar guztientzat onuragarritzat jotzen duen jarduera bat».

Eguesibarreko erraldoien konpartsa. (EGUESIBARREKO UDALA)

Eguesibarreko erraldoien konportsak ezin izango du Korrikaren 22. edizioan parte hartu bailarako Navarra Sumak baimena ukatu egin diolako, EH Bildu udal taldeak salatu duenez.

Konpartsak irteteko baimena eskatu zuen baina Amaia Larraya alkateak ezezko borobila eman zion. Konpartsari emandako azalpenaren arabera, Korrikak «besteak beste, AEKren euskara ikasteko zentroetarako diru biltzea du helburu» eta hori, Larrayaren arabera, «ez da Udalak herritar guztientzat onuragarritzat jotzen duen jarduera bat».

EH Bilduren bozeramaile Ainara Gonzalezek gogoratu duenez, «eraso hau Navarra Sumak Alkatetza duenetik euskararen aurka egindako beste batzuekin batera gertatu da». Hauen artean, Parkelagun familiako jolas-programaren eskaintza garatzea ezinezkoa izan da 8.000 euroko murrizketa izan zuelako. Euskaraz mintza programa, Joakin Lizarraga eta Hermanas Uriz Pi ikastetxeetan jolas-jolasak ekimena, sorkuntza lehiaketa ikastetxeetan, euskararen transmisioari buruz familiei eskainitako hitzaldiak, haurrentzako tailerrak edo euskararen astea bezalako ekimenek ere murrizketak pairatu dituzte.

Izan ere, EH Bilduk nabarmentzen duenez, euskarara bideraturiko dirua bailarako aurrekontuen %0,22 baino ez da eta euskara sustatzera bideraturiko partidak %20 jaitsi dira.

EH Bilduren bozeramaileak, hala ere, mezu baikorra bidali izan nahi du: «Atzean utzi behar ditugu bailarako euskararen atzerakada eta murrizketa garaiak, eta gizarte parte-hartzaileago bat sustatu behar dugu, kulturalki eta zentsurarik eta inposaketarik gabe bizi dena, gure bailarako gizartearen gehiengoak eskatzen duena».