INFO

Martxoaren 1etik 11ra bozkatuko dute durangarrek trenak askatutako lurren inguruko akordioa

‘Ados al zaude Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak PERI Ferrocarril delakoaren baitan lortutako aurreakordioarekin?’ galderari erantzun beharko diote herritarrek, martxoaren lehen egunetan luzatuko den galdeketan.

Trenaren lurperatzeagatik askatutako lurren inguruko galdeketa aurkeztu du Durangoko Udalak. (Durangoko Udala)

Durangoko Udalak herritarren esku jarriko du trenaren lurperatzeagatik askatutako lurren inguruan Lakuarekin lortutako aurreakordioa baliozkotzea. Bozketa martxoaren hasieran eginen da, hilaren 1etik 11ra eta ‘Ados al zaude Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak PERI Ferrocarril delakoaren baitan lortutako aurreakordioarekin?’ galderari erantzun beharko diote herritarrek.

Bozketa telematikoa izango da nagusiki, eta horretarako webgune bat ezarri dute. Hala ere, Durangoko hainbat eremutan boto-guneak jarriko dira arrakala digitala gainditzeko.

«Urte bakarrean Durangoko historiaren lehen udal galdeketa herritarra egitea eta Eusko Jaurlaritzarekin aurreakordio bat lortzea lortu dugu, 18 pisuko bost dorreak kentzeko eta Durangora proiektu estrategikoak ekartzeko. Hirigintza proiektu huts batetik proiektu sozialago batera igaro gara. Orain, durangarrek aurreakordio hori balioesteko eta durangar guztientzako onuragarria den proiektu bat behingoz ixteko unea da», adierazi du Ima Garrastatxu alkateak.

Aurreakordioak eraikigarritasuna %36 murriztea jasotzen du, eta, horri esker, eraikiko diren etxebizitzek 7,5 solairuko batez besteko altuera izan dezakete, aurreko planean aurreikusitako 18 altueretatik erdia baino gutxiagora igaroz, Udalak ohar batean nabarmentzen duenez.

Bestalde, eraikigarritasuna murrizteak berdeguneak %20 handitzea ahalbidetuko luke, 34.000m2 berdegune eta aisialdirako guneetara iritsiz. Berdegune horiek automobilik gabeko guneak izango dira, eta bidegorri eta oinezbide desberdinekin oinezkoentzako eta bizikletentzako konexioa ahalbidetuko dute. Gainera, berdegune handiak adin guztietarako aisialdirako hainbat elementu izango dituela ere nabarmendu du Udalak.

Durangorako Etxebizitza Publikoaren Plana ere gauzatuko da honen ondotik, udalerriko hainbat puntutan alokairu sozialeko erregimeneko Babes Ofizialeko 240 Etxebizitza inguru eraikiz. «Plan honek alokairuekin dagoen arazoari alternatiba bat ematen» lagunduko duela adierazi dute udal arduradunek.

Bestalde, Lakuak konpromisoa hartu du Pinondo Etxea eta San Agustin ospitale zaharra Udalarekin batera berreskuratu, birgaitu eta egoera txarrean dauden kolektiboentzako zuzkidura-etxebizitza bihurtzeko.

Azkenik, trenaren ibilbide zahar guztia Udalaren eskuetara igaroko da, eta, horri esker, oraindik ere herria bi zatitan banatzen dituen trazatua ezabatu ahalko da.

Durangarrei informazio zehatzagoa eskaini asmoz, Durangoko Udalak webgunea berritu du, parte-hartze prozesuaren ondorioak eta herritarrek egindako galderei emandako erantzunak kontsultatu ahal izateko.