INFO

Etxebizitza eskubidea hobetsita, sei neurriz osaturiko «txoke-plana» aurkeztu du EH Baik

«Ikuspegi sozial batetik» heldu behar zaiola Ipar Euskal Herriak pairatzen duen etxebizitzaren larrialdiari defendatu du Euskal Herria Baik sei lehentasunez osaturiko «txoke-plana» aurkezteko Baionan eginiko agerraldian.

Peio Etxeberri-Aintzart eta Anita Lopepe,otsailak 24 honetan Baionan eginiko agerraldian. (Bob EDME)

«Hau ez da Euskal Herriko arazo bat bakarrik, bertze eskualde eta herrialdetan ematen den egoera bada ere, horrendako gure ustez ikuspegi sozial batetik heldu behar zaio etxebizitza eta laborantza lurraren gainean dagoen arazoari, larrialdi sozial eta ekologikoa baita».

Hitz horiekin laburbildu ditu Euskal Herria Baik etxebizitzaren gaineko eztabaida pil-pilean dagoen unean mugimendu ezkertiar eta abertzaleak finkatzen dituen lehentasunak plazaratzeko gaur Baionan antolaturiko agerraldian.

Anita Lopepe eta Peio Etxeberri-Aintzarte bozeramaleek oroitarazi dutenez, iragan azaroaren 20an Baionan 8.000 mila herritar bildu zituen manifestazioaren ostean espekulazioa salatzeko edota laborantza lurren desagertzeko arriskuaz ohartarazteko protestak ugaritu dira Arbonan, Baigorrin, Aiherran edo Ahatsan, azken asteburuan, antolaturiko herri mobilizazioen bidez.

Euskal Elkargoaren baitan edota Estatuaren aldetik hala nola alokairuen gaineko kontrola hobetzeko helburua aipatzen den unean, herritarren mobilizazio horiek sostengatzeaz gain, Euskal Herria Baik «dagoeneko dauden tresnak egokitu eta baliabide berriak indar emateko» aukera baliatzeko premia nabarmendu du.

Hala eta guztiz ere, Prefeturak azkenaldian etxebizitzaren krisiari erantzuteko eginiko «iragarpen sortatik haratago», EH Baiko bozeramaleek eskas atzeman dute Eriz Spitzen eskutik jasotako erantzuna hainbat puntutan.

Otsailaren 2an Ziburun eginiko bisitan etxebizitzaren arazoari erantzun amankomunak xerkatzeko bidean batzordea estrategikoa abian emateko asmoa agertu zuen Pirinio Atlantikoen prefetak.

Biharamunean gutun bat igorri ziola prefetari bere proposamenen gainean hitz egiteko prestutasuna agertuz jakitera eman zuen EH Baik.

Gaur Baionan eginiko prentsaurrekoan prefetak emandako erantzun idatzia izan dute aipagai Euskal Herriko Baiko ordezkariek.

Eric Spitzek estatuak hainbat alorretan sustaturiko egitasmoen berri ematen du aipaturiko gutunean. Alta, EH Bairen ustez «erantzuna eskas da bigarren etxebizitzen etengabeko gorakada gelditzeko inolako neurririk ez duelako aintzat hartu».

Hain zuzen EH Bairen esanetan etxebizitza berriak egitea ez da biderik zuzena, «dagoeneko ditugun etxebizitzen azpierabilpena murriztea baita benetako erronka».

Bigarren etxebizitzak

Esaterako, Donibane Lohizunek 1.200 biztanle ditu. 1.600 etxebizitza badira herrian. Alta, %40 inguru bigarren etxebizitza izanik lohizundar anitzek ezin dute etxebizitza bat atzeman urte osoan bizitzeko.

Denbora labur batendako baliatzen diren etxebizitzen parkinean eragiteari begira, alokairuen gaineko neurriak hartzeaz gain etxebizitzen salerosketetan prezioei buruz kontrol neurriak hartzeko premia defendatu dute EHBaiko bozeramaleek.

Euskal Elkargoak alokairu turistikoei ezarritako mugak indartzeko eta oro har oporretako etxebizitzen gainean fiskalitatea garatzeko egitasmo berria izanen du eztabaidan heldu den hilabeteko kontseiluan.

Dagoeneko etxebizitza turistikoen jabeak biltzen dituzten hainbat elkartek beraien kexa azaldu dute Ipar Euskal Herriko erakundean indarrean eman nahi duen araudi berriari buruz, baita egonaldi laburrak saltzen dituzten plataformen ere.

Ika-mika horren aurrean, interes pribatuen gainetik onura publikoa hobetsiko dituzten politikak defendatu ditu EH Baik, «etxebizitza ukaiteko eskubidea bi etxe ukaiteko baino premiatsuagoa dela» nabarmenduz.

Lehentasunezko neurriak

Larrialdi soziala eta klimatikoarekin lotu du, bestalde, etxebizitzaren krisia. Hori dela sei lehentasunezko neurriez osaturiko «txoke plana» aldarrikatu du.

Lehenik eta behin egun 24 herri eta hiri barne dituen «tentsiopean den zonaldearen» perimetroa zabaltzea proposatu du.

Bigarren neurri gisara alokairuei buruzko fiskalitatea aldatzeko beharra defendatu du EH Baik. Egun urteko osoko alokairu batengatik zerga gehiago ordaintzen baita denbora baterako alokairu batengatik baino.

Logika guztiz aldatu behar dela uste du EH Baik, eta ildo beretik hutsik diren etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak emendatzea proposatu du. Lehentasuna ez delako izan behar etxebizitza gehiago eraikitzea baizik eta dagoeneko existitzen diren egoitzak ahal delarik helburu sozial batekin erabiliak izatea.

Bigarren etxebizitzen gaineko zergak emendatzeko orduan Ipar Euskal Herria aitzindaria izan dela oroitaraziz, bide beretik neurri eraginkorragoak hartzeko tenorea dela uste du EH Baik. Hala, oinordekotza zergaren doblatzea bigarren egoitzentzat defendatu du.

Egoliarraren estatutua

Bretainian edo Korsikan zabalduriko gogoeta ontzat emanez Ipar Euskal Herriko egoerara egokitutako egoliar estatutua plantan ematea begi onez ikusiko luke EH Baik.

Estatutu horrek Ipar Euskal Herrian etxebizitza baten jabe izateko eskubidea aitortuko luke lurraldean zenbait urtez bizi ondoren.

«Proposamen horrek ez du nehor baztertzen, asmoa ez baita kanpotik heldutako jendea kaltetzea baizik eta gure herrian iraunkorki lan eta bizi nahi dutenei etxebizitza izateko aukera ematea, egun ez baita eskubide hori bermatua», azaldu du Etxeberri-Aintzartek.

Azkeneko neurri bezala, arestian aipatu bezala, alokairuen gainean soilik ez salerosketetan ere fiskalitatea aldatuz prezioen kontrola areagotzea proposatu du EH Baik.

Iragan azaroan eginiko mobilizazioak zabaldu zuen bidetik karrikan aldarrikapena indartzeko asmoa agertu du ezkerreko mugimendu abertzaleak. Era berean gertuko erakundeetan neurri eraginkorrak sustatzeko lan egiteaz gain Euskal Herririk at beste nazio eta eskualdetako ordezkariekin batera aliantzak bilatuko «Parisen lege aldaketa sakonagoak posible egiteko xede».