INFO

Helburu bera, motibazio handiagoa

Denboraldian lehen aldiz bigarren garaipena jarraian lortu nahi du Sansek, play-offaren ilusioa eskuan duen Oviedori larunbat honetan egingo dion bisitan.

Aurreko partidan eskainitako irudia eta ozpatutako emaitza errepikatu nahi dute txuirurdinek. (Jon Urbe | Foku)

Sansek Oviedo bisitatuko du larunbat honetan, denboraldian lehen aldiz bi garaipen lortzeko ilusioarekin. Gutxitan izan duena, ikasturte osoan bost partida besterik irabazi ez dituela kontuan hartuta. Horregatik, helburua azken asteotako bera da, hurrengo partida irabazi epe ertainera begiratu barik; baina egoera ez da betikoa, Malagaren aurkako garaipenak emandako bultzadari esker. Baita sailkapenean izan zituen ondorioengatik ere, harrobiko talde donostiarra izan baitzen azken sei sailkatuen artean bere partida irabazi zuen bakarra.

Beraz, Mirandesen 18. postua zazpi puntutara duela eta aurkari zuzen guztiek norgehiagoka konplikatuak jokatu behar dituztela jakinez zelairatuko da talde txuri-urdina. Baita, beraz, garaipenak izan dezakeen balio bereziki handiaren motibazioarekin. Zoritxarrez, aurkari zuzen horiek gauza bera pentsa dezakete, Sansek ez baitio erronka txikiari aurre egingo.

Udazkenean oso une txarrak pasa bazituen ere, Oviedok bere ibilbidea sendotu du eta play-off postuetatik puntu bakarrera kokatu da. Gainera, etxean bereziki indartsu dago Kuko Zigandaren taldea: urrian, orain dela lau hilabete, jaso zuen bertan azken porrota eta harrezkero bost garaipen eta hiru berdinketa lortu ditu zaleen aurrean. Hala ere, harmailan bertan izan dezake Oviedok oztopo handiena, Sanseren lanarekin batera, gauzak ez baditu hasieratik ondo bideratzen, bere zalegoaren zati bat ez baitago konforme entrenatzailearekin eta taldearen akats txikienak txinpartak piztu ditzake.

Xabi Alonsok gauzak ondo doazenean egoten den giroa azpimarratu du, berriz eta Tartiere Sansek bere bertsio onena emoteko eskenatoki erakargarria izan daitekela azpimarratu du. «Talde historikoa da, estadioa oso polita eta seguru giroa izango dugula –esan du–. Eta, egia esanda, aurten jokalariak ondo erantzuten ari dira horrelako giro politen aurrean. Badirudi motibatzen gaituela edo, pizten garela, eta biharkoan horrela pentsatzen aritu beharko gara».

Zer edo zer gehiago ere egin beharko dute bere futbolariek, motibatzeaz gain, oso une onean dagoen Oviedo gainditzeko. «Ondo lehiatu. Eta akatsik ez egin, sendo egon jokaldi guztietan… Borja Baston, adibidez, badakigu oso une onean dagoela, baina bera bakarrik ez, taldea da oso sendoa», esan du entrenatzaile gipuzkoarrak, Oviedo «joku mota desberdinetara moldatzeko gai» dela azalduz. «Intentsoak izan behar direnean, protagonistak, menderatzaileak, oso ondo egiten dute beren eran, jende asko sartzen dute arean, sakontasuna dute kanpotik eta kontrola barrutik… Eta gehiago itxaron behar dutenean, bertute asko dute, azpiegitura defentsibo on batekin, jokalarien arteko oso distantzia onekin, eta badakite jokatzen pixka bat itxaron behar dutenean».

Sansek «betiko ideiarekin» ekingo die asturiarrei, «partida bakoitzak dituen ñabardurekin». Eta berrindartuta, hamabi jardunaldiren bueltan garaipena berriro ospatu ahal izan ondoren. «Oso garrantzitsua izan zen irabazteko gai garela berriro sentitzea, batez ere Anoetan, behar handia genuela», onartu du Alonsok baina ez du uste eragin handiegia izan duenik astebarruko lanean, beti ona izaten baita, bere esanetan. «Zorte ona daukagu. Emaitzak onak edo txarrak izan, astean zehar, normalean lana ondo egiten dugu, gogotsu gaude. Eta uste dut hori oso garrantsitsua dela, ondo prestatzea emaitzak alde batera utzita. Baina argi dago garaipena oso garrantzitsua izan zela, batik bat garaipena lortu dezakegula sentitzeko eta partida onak, partida biribilak egin ditzakegula. Horretan saiatu behar gara bihar berriro ere», esan du.

Astero bezela, ikustear dago zein jokalari eraman ditzakeen Alonsok Oviedora baina seguru, baja zerrenda ez da txikia izango, Realeko lehen taldeak dituen bajak eta egutegi exijentea kontutan hartuta. Oviedok, bere aldetik, Brugman galduko du partidarako, erdilariak bosgarren txartel horia ikusi baitzuen aurreko jardunaldian.

OVIEDO
Hasierako hamaikakoa: Femenias; Carlos Isaac, Dani Calvo, David Costas, Pierre; Borja Sanchez, Jimmy, Luismi, Viti; Borja Baston eta Obeng.
Deialdia: Hugo Rama, Rodri Tarin, Javi Mier, Sangalli, Jirka, Tomeu Nadal, Joni Montiel, Matheus Aias, Pombo, Mossa, Lucas eta Mangel.
Bajak: Brugman, zigortuta; eta Christian, lesionatuta.

SANSE
Hasierako hamaikakoa: Zubiaurre; Sola, Gonzalez de Zarate, Clemente, Jonathan Gomez; Roberto Lopez, Turrientes ala Pokorny, Olasagasti; Alkain, Karrikaburu eta Robert Navarro.

Epailea: Milla Alvendiz (Andaluzia).
Zelaia: Carlos Tartiere.
Ordua: 18:15 (Movistar+)