INFO

Imaz: «Behar nuen halako txapelketa bat konfiantza izateko nire buruan»

Igandeko partida erabakigarriaren atarian, oiartzuarrrak onartu du azken bi Binakakoetan ez zegoela mentalki %100ean eta aurten berriz oso gustura ari omen da Unai Lasoren laguntzarekin.

Ander Imaz oso gustura agertu da orain arte emandako mailarekin. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Lehiaketa sistemaren kapritxoz, aurreko 14 asteetan egindako lan bikaina ezerezean gera daiteke igandean Peña-Albisuren aurka irabazteko gai ez badira, baina Ander Imazek balantze positiboa egin du aurtengo txapelketaz. «Ez dugu horretan pentsatu nahi baina argi dagoena da txapelketa oso ona egin dugula. Nire usteran partida guztietan lehiakorrak izan gara eta helburua hori zen. Dudarik gabe, kanpoan geratzen bagara pena ikaragarria emango digu baina nire aldetik behar nuen halako txapelketa bat konfiantza izateko nire buruan eta, egia esan, oso ongi etorri zait», azaldu du oiartzuarrak Ogetan.   

Atzelari gipuzkoarra zintzo mintzatu da aurreko bi Binakakoetan bere maila eman ez zuela onartzerakoan eta horregatik «berriro ere onenekin lehiatzeko moduan nagoela ikustea niretzat oso pozgarria da eta oso gustura nago».

Aurten, aldiz, oso Binakako sendoa jokatzen ari da, berriz ere oso atzelari segurua izan da partida guztietan, partidak oso ondo amaitzen ditu eta pilora ere ederki astintzen ari da. Hobekuntza horien arrazoiez galdetuta ere ez da ezkutatu. «Azkenean buruak lan asko egiten du eta nik uste aurreko txapelketetan ez nintzela %100ean mentalki ere, eta hori azkenean kantxan nabaritu egiten da. Orain gustura nabil kantxan, entrenatzen ere motibatuta eta uste dut nabaritzen dela».

Merezi dugu sartzea

Buruz erabat sartuta ez egotearen arrazoiak ez ditu aipatu baina pentsatzekoa da Baikoko pilotariak egindako grebaren ondorioek ez ziotela batere lagundu. Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearekin batera, greban parte hartu ez zuen bakarra izan zen Ander Imaz eta gatazka hartan gehien kaltetutako batekin, Unai Lasorekin, ari da bikotea osatzen aurten. Kantxan, eta handik kanpo, ikusten denarekin, biek ere pasarte hura atzean uzten asmatu dutela dirudi eta bikain moldatu dira.

Baina lortutako 8 puntuak ez dira aski izan finalerdietan sartzeko, dena hil edo biziko partida batean jokatu beharko dute eurak baina bi garaipen gutxiago lortu dituzten bikote baten aurka, hau da, egungo azpi txapeldunak ligaxkan egon daitezke partida gutxiago irabazita, baina txapelketa hasi aurretik denek zekiten zein zen lehiaketa sistema.

Hala ere, Unai Lasoren hitzetan antzeman zitekeen sistemarekiko nolabaiteko ezinegona. «Nik uste merezi dugula finalerdietan egotea, justua litzateke. Kanporatuak izango bagina txapelketa ona egin izanaren gustu onarekin joango ginateke», azaldu du aurrelari nafarrak. 

Txanpon beraren beste aldea lirateka Peña eta Albisu. Garai bateko sistemarekin lehiaketatik kanpo egongo lirateke oso irregular aritu ostean, baina oraintxe aurkariek bezain gertu, edo urrun, dute hurrengo faserako sailkatzea. «Urteroko kontua hiru eta laugarren postuari meritoa kentzen diozu, bost eta seigarrenari beste aukera bat eman eta oraingoan guri tokatu zaigu. Egia da Unai eta Anderrek ez dutela gustura hartuko baina gu horren bila joan gara seigarren edo zazpigarren jardunalditik eta aukera hementxe daukagu, ea partida on bat egin eta irabazterik daukagun»

Hiru hilabete luze hauetan onena eta txarrena egiteko gai izan dira eta egindako akats ugariei egotzi die ataundarrak irregulartasun horren errua. Horregatik, partida serioa egin eta galdutako pilotak murriztea izango da euren lehentasunetako bat. «Iaz justu alderantziz izan zen, huts gutxi egin genituelako irabazi genituen partida asko. Gutxienez azken jardunaldian partida on bat jokatzetik gatoz eta astean zehar ere ondo entrenatu dugu».