Lilatoiak 5.000 korrikalari batuko ditu igande honetan Donostian
Iazko hutsunearen ostean Lilatoiak berriro hartuko ditu Donostiako kaleak igande honetan, hilak 6. Guztira 5.000 partaide arituko dira bi modalitateean, handbike delakoan zein korrika, eta ibilbidea 2020koaren bera izango da. Emakumeek ordubete izango dute 5 kilometroak egiteko.
Agendara itzuli da Lilatoia, emakumeen aldeko lasterketa morea eta, ohi legez, martxoko lehenengo igandean egingo da, alegia, hilaren 6 honetan. Aurtengo edizioak, 32.na izango denak, 2020koaren ibilbide bertsua izango du, eta bai apiapuntua eta amaiera Bulebarrean izango ditu.
Astelehen honetan eman dituzte aditzera xehetasunak antolakuntzatik, prentsaurrean. Bertan zehaztu dutenez, ibilbidea bost kilometrokoa izango da eta hiriko Erdigunea zein Gros auzoko gune bat hartuko ditu, ohiturari eutsiz. Ibilbidearen zati handi bat, erantsi dute, musikaz girotuta egongo da bozgorailuean, Emakumeen Etxearen batukadaren zein 3txulo txarangari esker.
Pandemiaren egoerak derrigortuta neurriak hartu behar izan dira eta, tartean, partaide kopurua mugatu behar izan da. Hala, guztira 5.000 emakumek eman dute izena, eta bi modalitatetan arituko dira, handbike delakoan eta korrika. Moduak modu, denek ordubeteko denbora izango dute ibilbidea osatzeko. Ondoren, Alderdi Ederrera joan beharko dute.
Aurreko edizioetan ez bezala, aurten izen emateak 12 euroko prezioa izan du eta euro solidarioa dagoeneko prezioan sartuta dago. «Euro solidarioaren 100% Why Not fundaziora bideratuko da, gaixotasun eta nahasmendu mentalak dituzten pertsonen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko», zehaztu dute antolakuntzatik.
Edizioa sari banaketarekin itxiko da, kategoria bakoitzeko hiru korrikalari azkarrenei eta edizioko hiru talde handienei, zehazki.