Afrikan, obesitatea eta gehiegizko pisuaren arazoa gero eta handiagoa dela ohartarazi dute
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) abisatu du egungo joerak bere horretan jarraitzen badu, Afrikako hamar herrialdetan bost heldutik batek eta hamar haur eta nerabetik batek obesitatea izango dutela 2023 amaierarako.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) asteazken honetan ohartarazi du elikadura joera eta ohiturak egun dauden moduan mantentzen badira, Afrikako hamar herrialdetan bost heldutik batek eta hamar adin txikikotik batek obesitatea pairatuko duela datorren urte amaierarako.
«Afrikan arazo handi bat da gero eta pertsona gehiagok dutela obesitatea edo gehiegizko pisua. Hau erloju-bonba bat da», abisatu du OMEko Afrikarako zuzendaria den Matshidiso Moeti doktoreak. «Kontrolatu ezean, milioika pertsonek, tartean umeek, bizitza laburrago bat izateko arriskua izango dute», gehitu du Moetik ohar batean.
Hala ere, doktorea baikor azaldu da arazoari konponbidea topatzeari dagokionez eta Afrika krisi hau «bere kabuz» konpontzeko gai dela adierazi du, obesitatearen eragile asko «ekidingarriak eta itzulgarriak» baitira.
2019an, mundu osoan gehiegizko pisua zuten 5 urtetik beherako haurren %24 afrikarrak ziren, gaixotasun larrien eta koronabirusaren aurrean ahulagoak izanik.
Hala ere, OMEk azaldu du hazkunde horren atzean hainbat faktore daudela: elikadura osasuntsurako ohitura edo diru falta (elikagai osasuntsuak litxarreriak baino bost aldiz garestiagoak dira), urbanizazioak bultzatutako jarduera fisiko falta eta garraiobideen aldaketa, besteak beste.
Arazoari aurre egiteko, OMEk hainbat neurri proposatu dizkie kontinente afrikarreko gobernuei. Hala nola, elikagaien azukre kopuruari muga batzuk jartzea, azukredun edariei inpostu gehiago ezartzea, gazteen artean dieta osasuntsuagoen aldeko kanpainak egitea, kirol azpiegiturak eraikitzea eta osasun sistema publikoak indartzea.
Era berean, OMEk iragarri du obesitate tasa handienak dituzten 10 herrialde afrikarrekin lan egingo duela bertan arazoaren tamaina txikituko duten ekimenak martxan jartzeko xedez. Ildo hortatik, Kenian, Ugandan eta Tanzanian iada kanpaina batzuk martxan dituela jakinarazi du.
OMEren arabera, 2016an, mundu osoko 18 urteko edo gehiagoko helduen %39k gehiegizko pisua zuen, eta %13k obesitatea. Obesitateak eta gehiegizko pisuak areagotu egiten dute gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, giharretako eta hezurretako nahasmenduak eta minbizi mota batzuk pairatzeko arriskua.