INFO

Donostia eta Biarritz elkarlanean arituko dira euskal diasporaren jaialdia antolatzeko

Orain arte bi hiriak batzen dituen autobus linea bat jarri zuten elkarlanean eta gastronomia eta moda uztartzen dituen jaialdi bat eratu zuten. Oraingoan diasporari begira jarri nahi dute.

Maider Arosteguy eta Eneko Goia, Biarritzeko eta Donostiako alkateak. (Donostiako Udala)

Donostiako eta Biarritzeko udalek elkarrekin lan egingo dute euskal diasporaren jaialdi bat antolatzeko, bi udalerrien arteko lankidetzaren esparruan. Hala baieztatu dute bi hirietako alkateek gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan egin duten lan bileraren ostean.

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, lankidetza hitzarmen horri esker, «lan ildo bat dugu abian, partekatzen ditugun hainbat gairen gainean oinarrituta». Goiak gaineratu du bien arteko harremana «apartekoa» dela, «erabateko konfiantza» eta lankidetzarekin, eta proiektu zehatzetan aurrera egiten ari direla.

Goiak eta Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak bi hiriek duten akordioari esker bultzatzen ari diren proiektuak jorratu dituzte gaurko bileran. Horien artean nabarmendu da euskal diasporako talentuak erakarriko dituen jaialdi honetan lan egiteko konpromisoa, kanpoan dagoen euskal kolektibitateari bere arbasoen lurra bisitatzeko aukera eskainiko diena.

Bi udalerrien arteko lankidetzari esker, beste proiektu batzuk ere gauzatu dira bi hirietako herritarren arteko harremana bultzatzeko, hala nola Donostia-Biarritz konexio zuzeneko autobusa martxan jartzea. Honakoa 2021eko abuztuan hasi zen funtzionatzen eta hiri batetik bestera 60 minutuan joatea ahalbidetzen du. Orain arte ez zegoen bi hiriak batzen zituen garraio publikorik.

Elkarlanean garatutako beste proiektuetako bat ‘Cook & Fashion’ gastronomia jaialdia da, Donostiako Maria Cristina hotelean leku hartzen duena. Bertan, moda diseinatzaileek eta sukaldariek euren sorkuntzak erakusten dituzte ekitaldi dotore batean.