INFO

Basurtuko bihotz kirurgia mantendu dadila exijitzeko eskatu dio EH Bilduk Udalari

EH Bilduk Basurtuko ospitalean kirurgia kardiakoa mantentzeko exijitzea eskatuko dio Bilboko Udal Gobernuari hurrengo Osoko Bilkuran. Basurtun eta Gurutzetan kardiologia-zerbitzua eskaintzea, «bateragarria izateaz gain, behar-beharrezkoa da» koalizio subiranistarentzat.

Jone Goirizelaia Bilboko EH Bilduren bozeramailea Basurtuko ospitalean kirurgia kardiakoa mantentzea exijitu du. (FOKU)

EH Bilduren udal taldeak, martxoko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Bilboko Udalak Lakuako Gobernuari Basurtuko ospitaleko bihotz kirurgiako zerbitzua mantentzeko exijitzea eskatuko du. Zerbitzu hori ixtea proposatu du Osasun Sailak, zerbitzua Gurutzetan zentralizatzeko.

Ospitaleko atarian egindako agerraldian, Jone Goirizelaia Bilboko EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi duenez, erabaki horren kontra agertu dira ospitaleko profesionalak eta, Basurtu Bizirik plataformaren bidez, hainbat mobilizazio egiten ari dira horrek eragingo dituen kalteei buruz ohartarazteko.

Era berean, sinadura-bilketa bat jarri dute abian Bilboko ospitale publikoa bihotzeko kirurgiarik gabe gera ez dadin. 52.500 sinadura baino gehiago jaso dituzte dagoeneko. Goirizelaiak adierazi du EH Bilduk bat egiten duela Basurtuko profesionalen kezkarekin, eta «ulertezintzat» jo du Lakuako Gobernuaren erabakia.

«Hori dela eta, Udal Gobernua erabaki horren aurka ager dadila eskatzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola bi ospitaleetan, Basurtun zein Gurutzetan, bihotzeko kirurgia mantentzeko eusteko, espezialitate horretako erreferentziazko zentro publikoak izan daitezen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan», adierazi du.

Bere esanetan, Basurtun eta Gurutzetan kardiologia-zerbitzua eskaintzea, «bateragarria izateaz gain, behar-beharrezkoa da, are gehiago kontuan hartuta bietan itxarote-zerrendak dituztela». Salatu duenez, Basurturen kasuan, gaur egun zazpi-zortzi hilabeteko da itxarote-zerrenda.

Era berean, gaineratu du zerbitzua kentzeak eragin kaltegarria izango duela zentroko asistentzia-, prestakuntza- eta ikerketa-jardueran, eta ondorio kaltegarriak izango dituela kardiologian, bereziki arritmietan eta hemodinamikan, baina baita beste zerbitzu batzuetan ere, hala nola anestesian, arnasketan, kirurgia baskularrean eta gaixotasun infekziosoetan.

Sindikatuak: «Murrizketa berri bat»

Basurtuko Ospitaleko enpresa-batzordeak eta sindikatuek ere ostegun honetan Osasun Sailari eskatu diote mantendu dezala bihotz-kirurgiako zerbitzua. «Gurutzetan zerbitzu hori bateratzea murrizketa berri bat da, profesionalei eta erabiltzaileei ematen zaien arretari eragingo diena», salatu dute.

Osasun Sailari egotzi diote aldebakartasunetik jardutea «Bilboko herritarrentzat oso garrantzitsua den zerbitzua mugituz, inor kontuan hartu gabe, Ospitalea laugarren kategoriako zentro bihurtuz».