INFO

Kultura Ministerio espainiarrak eta Chillida Fundazioak elkarlanerako ituna sinatu dute

Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak eta Kultura eta Kirol Ministerio espainiarrak ostegun honetan izenpetu duten hitzarmena elkarlan baten abiapuntua da, 2024an ospatuko den eskultorearen jaiotzaren mendeurrenaren testuinguruan. Miquel Iceta ministroak haren obraren balioa aldarrikatu du.

Kultura Ministerio espainiarreko ordezkaritza bat izan da ostegun honetan Chillida Leku Museoan. (@DenisItxaso)

Ostegun goiz honetan Kultura eta Kirol Ministerio espainiarreko ordezkaritza baten bisita izan du Hernaniko Chillida Leku Museoak. Izan ere, hitzarmen bat sinatu dute Miquel Iceta ministroak eta Luis Chillida eskultorearen semeak, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioaren presidente gisa. Itun horren asmoa 2024an ospatuko den artistaren jaiotzaren mendeurrenari begira elkarlan bat garatzea da, Gobernuak jakinarazi duenez.

Ministroak Chillidaren obraren balioa azpimarratu, eta «euskaldun unibertsal» bezala definitu du. Haren ekarpena zabaltzeko borondatea dutela adierazi du, «kalkulatu ezin den balioa duen ondare bat denen esku jartzeko». Eta fundazioari eskerrak eman dizkio bere «sentsibilitate, jarrera eta gogoarengatik».

Kultur ondarea bultzatu eta mantentzeko konpromisoa

Protokoloaren helburua elkarlanaren oinarri orokorrak finkatzea da. Adibidez, Chillida Leku Museoaren eta Estatuko museoen bildumen inguruko programa didaktikoak prestatzeko, baita arteari eta kultura garaikideari buruz hausnartzera bultzatzeko kultur ekitaldiak antolatzeko ere. Museoen instituzioen funtzioa ere jasotzen da itunean.

Chillida Lekuko eta Estatuko museoetako bildumak sustatu nahi dituzte, eta horien inguruan kultur ekintzak egin. Gainera, museoaren kultur ondareak mantentzen lagundu nahi dute ikerketa, tratamendu eta esku-hartzeak eginez. Horretarako, azaldu dutenez, baliteke Espainiako Kultur Ondarearen Institutuarekin elkarlanean aritzea.

Protokoloak lau urteko iraupena du eta berritu daiteke. Jarraipen Batzorde baten sorrera ere jasotzen du.