Armak bidali? Argudioa amaierara eraman dezatela
Garai ilunak dira, gerraren kontrako iritziak lubaki baten barruan gorde behar diren hauek. Garai arraroak, biolentzia ororen kondenatzaileak armak bidaltzearen alde agertzen diren hauek.
Harrigarria egiten zait ukrainarrei armak bidaltzearen alde nolako defentsa sutsua egiten ari den oro har oso zentzuduna iruditzen zaidan jende asko. Kezkagarria egiten zaidan bezala pertsona inteligente askok 36ko Gerrarekin egiten duten paralelismoa: Europako potentziek ez zuten Errepublika babestu, eta horrek gerra dekantatu zuen, ezin dugu akats bera egin Ukrainarekin. Hamaika dira paralelismo honek dauzkan amarru eta iruzur guztiak deusezteko erabil daitezkeen argudioak, baina bat bakarra nahikoa da: 1936an ez zen arma nuklearrik existitzen. Eta kito. Ez badugu ulertzen horrek dena aldatzen duela, jai daukagu.
Eztabaida tranpatia planteatu dute, edonola. Horrela dio: Ukrainako jendeak erresistitzeko eskubide osoa badu, zilegi izateaz gain, betebehar morala da erresistentzia horri armak ematea. Batak bestea dakarrela saldu da, eta orokorrean, baita erosi ere. Baina marko horretan, gerrari (alegia, Errusiaren inbasioari) ezezkoa defendatzen dugunok ez daukagu zer egiterik, eztabaidaezina baita ukrainarrek defendatzeko daukaten eskubidea. Nola ez ba?
Debate honetan jaun eta jabe izan den galdera bera, ordea –ukrainarrek defendatzeko eskubidea dute?– tranpatia da. Ez da hori erantzun behar den galdera. Hasteko, demagogiarekin jarraituz, horrela planteatzen dutenek defendatu beharko luketeelako, arrazoibide berdina jarraituz, palestinarrak edo sahararrak –bi adibide azkar jartzearren– aspaldi egon beharko liratekeela gure armekin hornituta.
Puntua ez da hori, edonola. Armak bidaltzea defendatzen ari diren horiei argudioa muturrera eramatea eskatu behar zaie. Errusiak erasotu dituenez, ukrainarrek defendatzeko eskubidea daukate, eta eskubide hori bermatzeko, gu armak bidaltzera behartuta gaude. Ados, baina orduan, ukrainarrei bidalitako armak errusiarren erasoa gelditzeko nahikoa ez direla demostratzen denean, zer egin behar dugu? Ukrainaren alde gerran sartu?
Erantzuna ezezkoa bada, beste batzuk borrokatu –eta ia ziur, galdu– dezaten armak bidaltzea ez al da zinismo erakustaldi zatarra? Ez al da gerra bati heriotzak gehitzea? Erantzuna baiezkoa bada, ordea, eta Ukrainaren alde gerran sartzea baldin bada hurrengo hautua, hasieratik esan dezatela, horren emaitzak gerra nuklearretik oso hurbil uzten baikaitu.
Christopher S. Chivvis inteligentzia ofizial ohiak artikulu honetan dioenaren arabera, 2014ean Ukrainako gatazka hasi zenean, AEBetako informazio zerbitzuek ondorioztatu zuten Putin prest zegoela arma nuklearrak erabiltzeko, bere erregimena mehatxatuta ikusiko balu. Artikulu osoa irakurtzeak merezi du, eszenatokiak zeintzuk izan daitezkeen ulertzeko. NATOk berak kontzienteago dirudi egoerak dituen arriskuaz, gerra gogoa puztuta daukaten askok baino.
Galdera ez da ukrainarrek defendatzeko eskubidea daukaten edo ez. Jakina baietz, baina merezi duten elkartasuna artikulatzeko modu asko daude, armak bidaltzeaz gain. Galdera da armak horiek bidaltzeak zein agertoki elikatzen duen, eta agertoki horietako bakar bat den orain daukaguna baino hobea. Gauzak okertu, beti okertu daitezkeelako.