INFO

Erantzukizunez jokatzeko deia egin du EH Bilduk hezkuntza arloan «herri akordio bat» lortzeko

EH Bilduk erantzukizunez jokatzeko deia egin die Legebiltzarreko alderdiei hezkuntza hitzarmena adosteko. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu halako herri akordio bat posible izan dadin», adierazi du Pello Otxandianok.

Pello Otxandiano, gaurko agerraldian. (EH BILDU)

Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak adierazi duenez, datozen bi asteetan «fase erabakigarri batean sartuko gara» EAEko hezkuntza hitzarmena adosteko. Izan ere, «akordio politiko garrantzitsu bat egiteko aurrean gaude. Herri akordio bat. Orain da momentua hezkuntza hitzarmena josi eta hobetzeko».

«Eta horretarako EH Bilduk bere burua prestatu du, eta Mahi Politikoak erabaki du talde negoziatzaile bat osatzea datozen hamabost egunetan egin beharreko lanari begira», azpimarratu du astelehen honetan egin duen agerraldian. Talde negoziatzaile hori Otxandianok berak, Gasteizeko Legebiltzarrean EH Bilduko bozeramailea den Maddalen Iriartek eta Ikoitz Arrese Hezkuntza idazkariak osatuko dute.

Otxandianoren esanetan, «erantzukizunez eusten diogu lan honi. Ikasturte hasieran esan genuen bezala hezkuntza sistema mehatxu larrien aurrean dago». «Hiru aipatzen genituen, eta jarraitzen dugu aipatzen mehatxu larriak direlako: lehengoa jaiotza tasaren beherakada, bigarrena eskola segregazioa, eta hirugarrena euskalduntzean gertatzen ari den atzerakada», gaineratu du.

«Uste dugu, hiru faktore hauek batuta, hezkuntza sistema kolapso baten atarian egon daitekeela, eta horrek behartzen gaitu neurri sendoak hartzera, akordioak bilatzera, hezkuntza sistemaren eraldaketan hitzarmen sendo bat osatzeko ahaleginan gure onena ematera», esan du «egiturazko eraldaketak» behar direla ohartarazi aurretik.

Haren esanetan, «iraultza pedagogikoa» sustatu behar da, kalitatean jauzi bat emateko, «eta horretarako ezinbestekoa da hezkuntza hitzarmena». «Behartuak gaude saiatzera herri akordio bat osatzen, euskal hezkuntzaren fase berri baten oinarriak jartzeko unea delako, gutxienez Euskal Herriko mendebaldearen hiru herrialde hauetan».

«Gure ustez, ezin dugu aukera hau galtzen utzi, eta erantzukizunez jokatzeko deia egiten diegu gainerak alderdiei», azpimarratu du, eta «hitzarmen honetan egoteko borondatea adierazi duten alderdi politiko guztiak» hitzarmen honetan egon beharko luketela ohartarazi du, hau da, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU.

46 zuzenketak

Datozen egunetan talde bakoitzak beraien zuzenketak defendatuko ditu. EH Bilduk 46 zuzenketa aurkeztu ditu, «oinarrien testua zehazteko». «Eta, horretaz gain, gure zuzenketek badaukate beste helburu bat, uste dugulako hezkuntza hitzarmena oinarri eta printzipioen testua baino gehiago izan behar dela. Hezkuntza hitzarmena Hezkuntza Lege berria ekarri behar duen oinarri eta printzipioen testua baino gehiago izan behar dela».

Gutxienez, hiru «elementu kualitatibo» gehitu behar direla azaldu du: «Legearen garapen programatikoa bildu behar du, zehaztasuna eman behar zaiolako jakiteko lege honen garapena zein izango den; segregazioaren kontrako itun bat ekarri behar du hitzarmen honek, eskola segregazioa delako hezkuntza sistemak duen erronka handienetarikoa; eta hirugarrenik, hitzarmen honetan konpromiso zehatzak egon behar dira eskola planifikazioaren inguruan».