INFO

Gipuzkoako politikagintzan aitzindariak izan diren emakumeei aitortza egin die Foru Aldundiak

Azken hamarkadetako bizitza politiko eta instituzionalean aitzindari izan diren emakume gipuzkoarren ekarpena ikusarazi du Aldundiak ekitaldi batean, astelehen honetan. Emakume horien testigantzak bildu ditu ‘Haziak’ dokumentalak.

‘Haziak’ dokumentalean parte hartu duten emakumeak, astelehen honetako omenaldian. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Martxoaren 8aren atarian, azken lau hamarkadetan lurraldeko eta herrialdeko bizitza politikoan eta instituzionalean aitzindariak izan diren emakumeen ekarpena ikusarazi eta aitortu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, astelehen honetako arratsaldean Donostiako Antzoki Zaharrean egindako ekitaldi batean. Bertan, ‘Haziak’ izenburupean, hainbat esparrutan, alderditan eta erakundetan ordezkaritza politikoa aurrera eraman duten emakume bidegileen testigantzak ezagutzera ematen dituen dokumental labur bat estreinatu da. Horrela, emakume horiek aitorpen publiko eta kolektiboa jaso dute gizarte «justu eta berdinzaleago» baten alde egindako ekarpenagatik.

«Zuen aitzindari lanari esker, zuen konpromiso sozial eta politikoaren bitartez, berdintasuna erein duzue euskal politikagintzan», aitortu du Markel Olanok, Gipuzkoako aldun nagusiak. Dokumentalerako beren testigantza eskaini duten bost emakume aitzindarik egindako solasaldian parte hartu du Olanok eta, adierazi duenez, euskal politikan eta erakundeetan aztarna ireki duten emakumeen lana «eredugarria da egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat», zuetako bakoitzak, hainbat alderdi eta tradizio politikoren barruan, hautsi egin dituzuelako «gizarteak ezarritako kristalezko sabaiak eta estereotipoak».

Aldun nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela «aitortza kolektiboa» eskaintzea emakume aitzindari hauei eta, konpromiso sozial eta politikotik abiatuz, Gipuzkoako gizartea «berdintasun eraginkor eta erreal baterantz eraldatzeko» lan egin duten eta lan egiten duten «emakume guztiei». Era berean, gogorarazi du emakumeen ekarpena, askotan alde batera utzia izan dena, «funtsezkoa izan dela Euskadiren instituzionalizazio-prozesuan, autogobernuaren eta politika publikoen garapenean, bai eta bizikidetzaren eta kultura politiko demokratikoaren aldeko konpromisoan» ere.

Ekitaldia Juan Carlos Etxeberria kazetari donostiarrak aurkeztu du eta Klara Mendizabal abeslariaren emanaldia ere entzun ahal izan dute bertaratu direnek. ‘Haziak’ filmaren proiekzioaren ondoren, mahai-inguru bat egin da, euskal politikan aitzindari izan diren bost emakumeren parte-hartzearekin. Emakume horietako bakoitzak, tradizio politiko desberdineko kide izanik, bere bizipenak eta gogoetak partekatu ditu.

Bost emakumerengan islatua

Hala egin dute Begoña Amunarrizek, EAEko lehen legebiltzarkideetako batek (EAJren ordezkari gisa); Anttoni Nazabalek, diktaduraren ondorengo lehen legegintzaldian Zaldibiako zinegotzi izandakoak (HBren ordezkari gisa); Gema Zabaletak, Gipuzkoako lehen bi foru diputatuetako batek (PSE-EEren ordezkari gisa); Lola Arrietak, Donostiako Gestorako zinegotziak (Alderdi Komunistaren exekutibako kidea); eta Maria Jose Usandizagak, Donostiako diktadura osteko lehen udalbatzako zinegotziak eta Kongresurako hautagaiak (UCD/PP).

Topaketari amaiera emateko, plaka oroigarri bat eman zaie Haziak proiekturako lekukotza eman duten 18 emakume aitzindariei. Emakume horietatik 15ek Antzoki Zaharreko ekitaldian parte hartu dute eta txalo zaparrada sentitu bat jaso dute ikusleen aldetik.

Dokumental laburra

Berdintasuneko eta Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzek elkarlanean gauzatu dute egitasmo hau. Lan horretan aritu da, foru zuzendaritzen babespean, Ainhoa Novo EHUko Zientzia Politikoetako irakaslea, 18 emakume bidegileren testigantza eta elkarrizketak jasoz. Ikerketa horren helburua izan da diktaduraren osteko urteetan bidea urratu duten emakumezkoen lekukotasunak jasotzea, datozen urteetan etorri daitezkeen azterlan berriek material hori guztia eskuragarri izan dezaten eta egiten diren ikerketetan andrazkoen ahotsa eta ekarpena kontuan hartua izan dadin.

Euskal gizarteko alderdi eta mugimendu politiko desberdinetan jardun duten ordezkariak elkarrizketatu ditu Novok, gipuzkoar gizartearen pluraltasun eta sentsibilitate anitzak kontuan izanda. Guztiek ere, maila pertsonalean eskaini dute beren testigantza eta ez, beraz, alderdi politikoen izenean.