Mendizorrotzako derbian gailendu eta gero, IDK Euskotrenek Girona ere gainditu nahi du
Donostiarrak Endesa Ligako bosgarren postuan sailkatuta daude eta ostiral gauean (20.15ean) sailkapeneko hirugarrenaren aurka jokatuko dute Gasca kiroldegian. Katalanek asteazkenean Euroligako final-laurdeneko partida galdu zuten Salamancan Perfumerias Avenidaren aurka.
IDK Euskotrenek Spar Gironaren aurka jokatuko du ostiralean 20.15ean Josean Gasca kiroldegian. Alegia, Euroligako final-laurdenak jokatzen ari den «oilar» handi bat iritsiko dela Donostiara.
Oilar handia baina oilar zauritua, nolabait. Asteazkenean 77-63 galdu baitzuen talde katalanak Salamancako Perfumerias Avenidaren aurka, hain zuzen Euroligako final-laurdeneko partida horretan. Ez zuten Gironakoek beren mailarik onena eman eta, hargatik, IDK Euskotrenen kontura arantza hori ateratzen ahaleginduko dira.
Gezurra badirudi ere, gogoan izan behar da talde donostiarra aurtengo Emakumeen Endesa Ligan 0-5 balantzearekin hasi zen, baina uneotan sailkapeneko bosgarren postuan dago, 13-9 balantzearekin, Top 8aren muga ezartzen duen Kanaria Handia eta Lointek Gernika Bizkaiak baino hiru garaipen gehiagorekin. Gorago iristea zaila dirudi, laugarren postuan den Cadi La Seu taldeak gipuzkoarrek baino hiru garaipen gehiago dituelako; zer esan Gironari buruz, ez baita Ligako sailkapeneko hirugarrena, 17-4 balantzea aldean.
Gironak oso talde bikaina daukala ez dago esan beharrik ere. Gardner eta Burke estatubatuarrak dira beren izarrik nagusienak; Laia Palau «amona» erreferente animikoa ere, 43 urte betetzear dela, maila oso txukuna ematen ari da, eta horrez gain Alfred Julbe entrenatzaile handiak Laia Flores, Maria Araujo, Frida Eldebrink, edo Julia Reisingerova lako jokalari bikainak ditu bere aginduetara. Salamancan ohi baino maila eskasagoan aritu baziren ere, ezin da fio IDK Euskotren, ostiralekoa beste kontu bat izango baita ziurrenik.
Baina, esan bezala, IDK Euskotren Liga txapelketako bosgarren sailkatua da eta joan den igandean Mendizorrotzan Kutxabank Araskiren aurka euskal derbia irabaztetik dator. Ondorioz, Azu Muguruzak partida bezperako prentsaurrekoan adierazi duenez, taldeak «itxaropena, gogoa, ilusioa eta anbizioa» ditu, baina «Gironak nolako talde bikaina den jakinean beti ere».
«Oso partida fisikoa egin beharko dugu, oso gogorra, Gironak deseroso jokazeko», adierazi du IDK Euskotreneko entrenatzaileak.
Bestalde, datorren denboraldian Europan jokatzeko asmoez galdetuta, Azu Muguruza erabat ez da busti, baina ideia hori klubari badabilkiola erakutsi du, nolabait. «Gogor lan egin behar da eta adimentsuak izan, intentsitateak ondo kudeatu eta guztiaren bila joan», esan du.