INFO

Ukrainako gerraz apunte oso azkar batzuk


Lagunarekin hartu dut kafea eta pozik geratu naiz. Ez naiz bakarra, badaude ni bezalakoak, gerraren erokeria eta beldurraren akelarre honen guztiaren erdian ganaduaren inguruko dokumentalak gozatuz, Kantabriako tudanka behiekin, Extremadurako Hurdeseko verata ahuntzekin, lurraren eta nekazarien jakintza milenaristekin liluratuta, distantzia pixka bat eta arnasa garbiagoa hartzen dutenak. Beharko. Krak egin baitu denak. Omikron ahaztu eta Ukraina lehertu, krak batean. Musukoak eta txertoak bidaltzeari utzi eta armak tonaka bidaltzen hasi dira. Grisa da dena. Euskaldunok, europar gisa, ez gaude gerran, baina ezta bakean ere. Grisa da dena, eta beltza, oso beltza, etorkizuna.

Iritzi azkar batzuk ematen ausartuko naiz. Abertzale bezala, ukrainarrak armatzearen aldeko argudioa ulertzen dut. Bai. Okupatzailearen aurrean okupatuak defendatu behar du, eskubidea eta betebeharra da. Ukrainan, Saharan, Sanan edo Euskal Herrian. Printzipio bezala, nik uste hori dela zuzena. Gehiago edo gutxiago gustatu, baina abertzale bezala, zure herria okupatzen dutenean zaila egiten zait bestelako posizio bat defendatzea. Ukrainarren agonia luzatuko duela? Gerraren gordintzea besterik ez duela ekarriko? Bai eta ez.

Ezkerraren ikuspuntutik, baina, problematikoagoa da, kontraesanak sortzen dizkit. Frankismoan, «Gora Euskadi Askatuta!» esateko «Aupa Athletic, nik ulertzen dut nire burua» esan ohi zen bezala, «Biba (Er)rusia, nik ulertzen dut...» ere badago. Errusia ezkerrarentzat gloria eta epika askoren inspiratzailea izan baita, eta, munduarentzat, inperioari aurre egiteko kuraia duen bakanetakoa denez, oso inportantea izan da eta da. Ez da kasualitatea munduaren gehiengo bat, Latinoamerikan, Afrikan, Indian, Txinan, arabiarrak, asiarrak, Errusiaren kontra posizionatu ez izana. Mendebaldea eta Errusia, hor datza pultsua. Baina mundua, zorionez, Mendebaldea baino askoz ere handiagoa da.

Eta munduak memoria dauka. Hipokritak eta zinikoak ezagutzen ditu. Mendebaldea ona eta Errusia txarra, jarrera manikeo eta heldugabe hori ez du erosten. Ukrainarrak begiurdin, ilehori eta jende zibilizatua omen da, lehen mundukoa eta ez hirugarrenekoa, yemendarrak, irakiarrak, siriarrak, afganistandarrak, somaliarrak eta libiarrak bezala… hots, zibilizatu gabeak. Lotsagarria da hori, edonondik begiratuta ere.

Lerrook aprobetxatu nahi ditut ere Euskal Herriko putinzaleei mezua pasatzeko: orain ez da ordua ostrukarena egin eta ezkutatzeko; izan zaitezte indartsuak eta hitz egin, esan ezazue zer iruditzen zaizuen Putinek Lenini egindakoa, nola Ukrainako gatazka guztiaren erantzule egin duen, nola bota dion errua. Izan indartsuak eta armairutik atera zaitezte, animo!

Errusiak ez dauka arrazoia. Baina bere arrazoiak badauzka. Nik uste, Sobietar Batasuna desagertu zenetik, bere akatsa izan zela Mendebaldeaz gehiegi fidatu zela, eta Mendebaldearen akatsa izan da konfiantza horretaz abantaila ateratzen saiatu dela. Europa kinka larrian dago. Hobe luke autonomia estrategiko baten alde egingo balu, AEBen meza-mutil izateari utzi eta Errusiarekin harreman onak landuko balitu, Txinaren besoetan erortzen utzi gabe. Bitartean geratu dadila sarraskia, herrien eta langileen txikizioa. Eta beti-beti, hitza, elkarrenganako ulermen eta errespetuan. •