INFO

Osasungintza publikoan egiten den inbertsioa jaisten ari dela datuekin salatu du LABek

Azken urteetan sektore publikoak osasungintzara bideratzen duen diru kopurua «ahultzen» ari da, LAB sindikatuak argitaratutako txosten baten arabera. 2009an gastuen %75a betetzen zuen sektore publikoak eta 2019an %68,9a.

Oihana Lopetegi eta Igor Arroyo LAB eko kideak, Ana Tere Alvarez eta Maria Ureta sindikatuko Osakidetzako arduradunekin batera. (LAB Sindikatua)

Osasungintzara bideratzen den diru publikoaren kopurua jaisten ari da Hego Euskal Herrian, LABek aurkeztutako ikerketa baten arabera. 2009an sektore publikoak osasungintzaren gastuen %75a betetzen zuen eta 2019arekiko kopuru hori sei puntu jaitsi da.

Konfinamendua Hego Euskal Herrian ezarri zenetik bi urte betetzen direnean osasungintza sistema publikoaren egoera salatu du LAB sindikatuak, ‘Ikusmiran’ txosten baten ondorioetan oinarrituta. Baliabide eskasia, langileen baldintzak eta inbertsio falta salatu dituzte, besteak beste.

Hego Euskal Herriko osasun sistemek «egiturazko gabeziak» dituztela azpimarratu dute sindikatuko kideek. Europar Batasuneko batazbestekoarekin alderatuta, ohe eta langile kopuru txikia nabarmendu dute, «zerbitzu on eta eraginkorra ematea eragozten» duelakoan.

Langile eskasia horrek lan-kargetan eragin zuzena duela adierazi du Oihana Lopetegik, Ipar-Hegoa Fundazioko analisi arduradunak. Hori dela eta, lan-baldintzak hobetzeko beharra nabarmendu dute, pandemiak areagotu duen zerbait den arren, «aurretik zetorren arazoa» delako.

Osakidetzako nahiz Osasunbideako behin-behinekotasun tasek gora egiten jarraitzen dutela ondorioztatu dute ere bai, %64koa eta %40,3koa dira, hurrenez hurren. Gainera, generoaren araberako soldata arrakala Osakidetzan %20,4koa dela ohartaraz dute.

Aurrekontuei dagokienez, osasungintza publikora bideratzen den dirua BPG-aren %7koa beharko zela izan defendatzen dute. Izan ere, EAEn %6,1a bideratzen da eta Nafarroan %5,4a.

Agintarien hiru porrot

Bide batez, agintari publikoek egindako hiru porrot azpimarratu ditu Igor Arroyok, sindikatuko idazkari nagusi ondokoak. Batetik, pandemia hasi aurretik ezarritako sistema publikoarekiko «desinbertsio politikak», osasun larrialdiarekin argi utzi dutenak sistemak ez dituela baliabide nahikorik.

Bigarren hutsegitea behin pandemia hasita kokatu dute. Haien ustez, kontratazio koiunturala «ez da nahikoa izan» sistema publikoaren kolapsoa eragozteko, agintariek mezu «kontraesankorrak» eman dituzte eta sistema pribatuaren baliabideak publikoaren aurretik jarri direla salatu dute.

Azkenik, egoera hasi zenetik bi urte pasa direnean, hasieran egindako kontratazio koiunturalak bertan behera utzi direla salatu dute. Arroyok adierazi duenaren arabera, «badirudi pandemia bukatu dela, ez dute inolako irakaspenik atera, langileek oraindik izugarrizko lan-kargak dituzte».

Funtsean, datuak ikusita, LABentzat «harrigarria da arduradunek ez izatea kapaz gai honetaz sindikatuekin hitz egiteko esertzeko». Gainera, Osakidetzako lehen arretako langileek egindako greba egunetan sindikatu guztien adostasuna azpimarratu dute.