Top 8an sartzeko borrokatuko dute Kutxabank Araskik eta Lointek Gernikak Mendizorrotzan
Bizkaitarrek irabaziko balute, zortzi onenen artean sartzeko lehia horretatik ia erabat eroriko litzateke talde gasteiztarra. Bestetik, Ligako azken postuan dagoen Benbibreren kantxan jokatuko du IDK Euskotrenek Coulibalyren zalantzarekin.
Lointek Gernika Bizkaiak klubaren 25. urteurrena dela-eta jai giroko partida jokatu zuen astelehenean Athleticeko jokalariekin batera. Ez zen astelehenekoa talde bizkaitarrak urteurren hau dela-eta antolatu duen ekitaldi bakarra, baina hurrengoetara iritsi aurretik badute zereginik. Esaterako, asteazken arratsaldeko 20.30etan Mendizorrotzan Kutxabank Araskiren aurka jokatu beharreko euskal derbia.
Endesa Ligako Top 8an sartu, mantendu eta liga txapelketako play-offak jokatzea da hala bizkaitarren nola gasteiztarren xedea. Uneotan gernikarrak sailkapeneko zazpigarren tokian daude, 11 garaipenekin, Ferrolen kantxan eta Malosten Ensinori irabazi eta gero. Zazpigarren lekuan daude, bai, Mario Lopezenak, baina atzetik dituen Kanaria Handia eta Estudiantesekin berdinduta eta Campus Prometek baino garaipen bat gutxiagorekin. Beraz, harrokeriarik gabe.
Kutxabank Araski ere ez dago urrutiegi, 9-13 balantzearekin Campus Prometeren atzean baitago. Joan zen asteburuan Perfumerias Avenidaren kantxan lan polita egin zuten gainera Madelen Urietarenek, baina Leia Donguek hartu zuen kolpea tarteko –partida lepokoa jantzita utzi behar izan zuen– eta Salamancakoen kalitatea dela-eta, ezin izan zuten gasteiztarrek sorpresarik eman Ligako liderraren etxean.
Partida bezperan emandako adierazpenetan behintzat, Leia Dongue berari –jokatzeko moduan egongo baita printzipioz– eta Tanaya Atkinsoni dio beldurrik handiena Mario Lopezek. «Kalitate handiko beste jokalari gehiago ere baditu Kutxabank Araskik: dela Katja Zec, dela Maria Asurmendi... baina batez ere hauek biek ahalik eta min gutxien egin diezaguten ahalegindu behar dugu», adierazi du entrenatzaile gernikarrak.
Joaneko partida azaroaren 27an jokatu zen Malosten eta orduko hartan bizkaitarrak erraz nagusitu ziren, 69-47, atsedenaldira 35-32 iritsi arren.
Kutxabank Araski oso eskas aritu zen jaurtiketan: 51 saiakeratik 16 baino ez zituen sartu –18tik 3 hiruko baino ez eta jaurtiketa libreetan berriz, 21etik 12–. Leia Dongue izan zen 10 puntuak harrapatu zituen jokalari gasteiztar bakarra.
Aldiz, bizkaitarren barruko jokalariek sekulako mina eman zieten Madelen Urietarenei. Tinara Moore –joan den asteburuko jardunaldiko MVPa, Ensinori 31 puntu sartu eta gero–, Paula ginzo eta Melisa Brcaninovicen artean 40 puntu sartu baitzituzten hiru pibotek.
Esan gabe doa derbiko emaitzaren arabera sailkapena argitzen hasiko dela. Hau da, Kutxabank Araskik hamargarren garaipena lortuko balu, Top 8an sartzeko borroka horretan murgilduko litzatekeela, baina Lointek Gernika Bizkaia baldin bada irabazle, gasteiztarrak ia erabat jokoz kanpo geratu dira, gernikarren mesedetan.
IDK Euskotren Benbibreren kantxan
Nahiz eta joan zen ostiralean Gironaren aurka galdu, IDK euskotrenek 13 garaipen pilatu ditu dagoeneko eta Ligako zortzi onenen artean aspalditik dago itsatsirik. Gainera, asteazken honetan 20.00etan, Benbibre sailkapeneko azkenaren etxean jokatu behar du Azu Muguruzaren taldeak.
Ez litzateke garaipena eskuratzeko plaza txarra, Gironaren aurkako partidak erasanik laga izan ez balu. Marian Coulibalyk min hartu zuen hirugarren laurdenaren amaieran, Maliko pibotak orkatila bihurritu baitzuen. Inor ere ez litzateke harrituko jokalari afrikarrak asteazkenean Bierzoko lurretan minuturik jokatuko balu, hasieran uste zena baino lesio leunagoa jasan baitu. Hala ere, azken ordura arte zalantza izango da.
Dena dela, arerio egokia du aurrean talde donostiarrak; 6-16 balantzearekin azkena, sailkapeneko bosgarren lekua finkatu eta Kopara begira konfidantza hartzeko balio diezaioke talde gipuzkoarrari.