INFO

541.600 langile bizi dira prekarietatean Hego Euskal Herrian, ELAren arabera

ELA sindikatuak salatu duenez, Hego Euskal Herrian 541.600 langile bizi dira prekarietate egoeran. Hori ikusita, egoera aldatzeko kanpaina jarri du martxan. Horren baitan, neurriak eskatu dizkie sindikatuak patronalari eta erakundeei.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusi albokoa eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia lan prekarietatearen aurkako egitasmoaren aurkezpenean. (ELA Sindikatua)

ELA sindikatuak adierazi duenez, 541.600 langile bizi dira prekarietate egoeran Hego Euskal Herrian. Hori aldatzeko, egitasmo bat sortu du sindikatuak eta lantoki eta erakundeei hartu beharreko neurriak exijitu dizkiete. Neurrien artean, 1.381 euroko gutxieneko soldata ezartzea eskatu dute.

Mitxel Lakuntzak, sindikatuko idazkari nagusiak, adierazi duenez, «guretzako prekarietatea ezin da bizimodu normal bat izan». Horrela, «ELA sindikatuak duen zereginik garrantzitsuena da lan prekarietateari aurre egiteko antolatzea eta ekitea», argitu du egitasmoaren aurkezpenean gaur goizean.

Hiru elementu hartu ditu sindikatuak oinarri gisa prekarietatea aztertzeko. Kontratuen behin-behinekotasuna, diru sarrera urriak, 18.200 eurotik beherakoak, eta lan osasuna. Azkenaren inguruko datuak zehaztu ez dituzten arren, Hego Euskal Herrian soldatapeko langileen erdia baino gehiago prekarietatean bizi dela ondorioztatu dute.

Gainera, prekarietate hori larriagotzen duten profilak zehaztu dituzte. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiak azaldu duen moduan, emakumeak, gazteak, pertsona migratuak eta aniztasun funtzionala dutenak «bereziki kolpatzen» ditu prekarietateak.

Sindikatuak zehaztu duenez, 541.600 langile horietatik 311.000 emakumezkoak dira. Gero, soldatapeko lau langileetatik batek behin-behineko kontratua du, eta ia bosten batek lanaldi partziala. Gazteen kasuan, langabezi tasa %35ekoa da. Bestalde, azken hamarkadan «17.000 pertsona lan istripuetan edo lanari lotutako gaixotasunen erruz» hil direla azpimarratu dute.

Hori salatzeko, apirilaren 6an sindikatuak ekitaldia eta manifestazioa egingo ditu Bilbon, ‘Lan prekario gehiagorik ez!’ lelopean.

Erakundeek eta lantokiek hartu beharreko neurriak

Langileen egoeran aldaketa bat lortzeko negoziazioa eta akordioak aldarrikatuz, bost neurri exijitu dizkie sindikatuak patronalari eta erakundeei. Alde batetik, gutxieneko soldata 1.381 eurotara igotzea.

Bigarrenez, asteko 20 orduko gutxieneko kontratua ezartzea eta lanaldi partzialak behin betiko osatzeko betebeharra ezartzea eskatu dute. Haien ustez, «lanaldi partzialek dakarten pobretzea eragozteko beharrezkoa» da.

Bestalde, azpikontratatutako langileek subrogazio eskubidea bermatuta izatea eta, hortaz, azpikontrata aldatzen denean enpresa berrian lan egiteko eskubidea ziurtatuta izatea exijitu dute.

Iruzurrean dauden behin-behineko langileen kaleratzeak indargabetzea eta horiek kontsolidatzea dira laugarren eta bosgarren eskaerak. Azkenik, Euskal Herriko ikuskari kopurua Europarekin parekatzeko bikoiztea beharrezkotzak jo dute sindikatutik.

KPIaren igoera

Asteartean Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak KPIarekiko soldaten igoeraren alde egiteari uztea eskatu zien sindikatuei. Bide batez, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak enpresen etorkizunean izango duen eragina azpimarratu zuen.

Horri erantzunda, Lakuntzak «errealitate interesatua eraikitzeko gerraren erabilerarik ez egitea» eskatu dio Zubiaurreri, «beldurraren diskurtsoa alboratu» dezan. Gainera, patronalak negoziatzeko duen posizio «itxia» «alde batera uztea» eskatu du.

«Eskatzen diguna, hain zuzen ere, egingo dugunaren kontrakoa da. Sindikatuari geratzen zaiona antolatzea da», aldarrikatu du idazkari nagusiak, greba egitearen garrantzia azpimarratuz. Bide batez, duela gutxiko lan erreformak prekarietatearekiko «arazoak konpondu ez dituela» salatu du.