INFO

Udaberri epela aurreikusten du Aemetek Hego Euskal Herrian

Bizkaian eta Gipuzkoan tenperatura-balio normalak mantenduko dira baina euri gutxi egingo du. Araban, euri gutxi egiteaz gain, tenperatura altuak erregistratuko dira, Nafarroan bezala.

Iruñeko Gaztelu plaza. (Iñigo URIZ | FOKU)

Estatu espainoleko Meteorologia Agentziak (Aemet) udaberrirako eguraldi iragarpenak egin ditu, eta horien arabera tenperatura epelak izango ditugu Hego Euskal Herrian.

Bizkaian eta Gipuzkoan ohiko balioak izango dituzte tenperaturari dagokionez, baina prezipitazioetan aurreikusten da neguan erregistratutako defizitak jarraituko duela. Araban, berriz, apirilean, maiatzean eta ekainean ohi baino euri gutxiago eta tenperatura beroagoa espero da.

Margarita Martin Aemeteko lurralde-ordezkariak neguaren balantzea egin du eta martxoaren 20an hasten den udaberriari begira iragarpenak egin ditu. Esan duenez, martxoaren 20tik 23ra bitartean zerua oskarbi egongo da eta tenperatura «normala baino bero handiagoarekin» mantenduko da.

Hilaren 24tik aurrera eguraldia aldatzea espero da, eta ekaitzak egon litezke Bizkaian eta Gipuzkoan, baina batez ere Araban.

Nafarroako ordezkaria den Pedro Oriak herrialde horri dagozkion datuak eman ditu. «Ohi baino tenperatura altuagoak eta ohi baino prezipitazio gutxiago» izango direla iragarri du.

Martxoan izan diren prezipitazio mailei dagokionez, adierazi du «hilabete osoan euri gehiago egingo ez balu, ohiko erregistroak» izango liratekeela. «Datozen egunetarako ez dugu prezipitaziorik espero, baina zerua hodeitsu egongo da», iragarri du.

Nolako negua izan dugu?

Oriaren esanetan, Nafarroan negua «urtaro epela izan da, otsaileko tenperatura altuen eta prezipitazio oso irregularren ondorioz». «Prezipitazioak neguko egun gutxitan pilatu dira eta historikoak izan dira», esan du. Horren adibide dira abenduaren hasieran Nafarroan uholde historikoak eragin zituzten euriteak edo urtarrilaren 9an eta 10ean izandako prezipitazioak. «45 urtetan ez da horren muturreko negurik izan», gaineratu du.

Uholdeek Tuteran utzitako irudia. (Iñigo URIZ/ FOKU)

Hilabeteka, abendua oso hezea izan zen lehen hamar egunetako euriteen ondorioz, «1975etik izandako abendurik euritsuena», eta tenperaturei dagokienez, beroa izan zen.

Urtarrila hotz samarra izan zen, Oriak azaldu duenez, eta prezipitazioak bi egunetan metatu ziren; beraz, zenbaketa orokorrean ere lehorra izan zen.

Otsaila «udaberriaren aurrerapentzat» jo du. Martxoko lehen hamabostaldia, ordea, euritsua izan da eta hilabete hotz bat bezala hasi zen, tenperaturak egonkortu diren arren.

Martinen arabera, EAEn urtarrila eta otsaileko lehen erdia antizikloi kontinentalaren iraunkortasunak markatu ditu. Antizikloi horrek tenperatura hotzak eta prezipitazio txikiagoa eragin ditu, Bizkaian eta Gipuzkoan baino %15-18 gutxiago eta Araban %25 gutxiago.

Urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euriteek azken lau urteetako prezipitazio gutxien eragin duen urtea bihurtu dute 2022a.

Nabarmendu duenez, urtarrilean eguzki-orduak ugaritu egin dira. Laino eta izozte kasuak ere ugaritu egin dira, batez ere Araban, 1968tik izozte egun gehien izan dituen urtea izan baita.

Otsailean Atlantikoko presio baxuek hego haizea eragin dute, eta, horren ondorioz, hilabete «beroa» eta «lehorra» edo «oso lehorra» izan da. Martxoa «heze geratu daiteke», euria espero baita ostegun honetan eta 24tik aurrera, baina «ez du neguko prezipitazio defizita konpentsatuko», adierazi du Martinek. Eurite hauek atmosferako kalima garbituko lukete.

NAIZek ere eguraldiari buruzko iragarpen zehatza eskaintzen du.