INFO

‘Bizipox’, zahar etxe batean kokatu du Karlos Linazasorok nobela delirantea

Zahar etxe batean topatu du inspirazioa Karlos Linazasorok bere azken nobela garatzeko. ‘Bizipox’ izenburuarekin, bertako aiton-amonek Javiertxok gidatutako irakurketa klubaren bueltan partekatzen dituztenak kontatu ditu. Umore beltzez josi ditu absurduak eta zentzuz betetako hausnarketa bitalak.

Karlos Linazasoro idazleak ‘Bizipox’ nobela aurkeztu du Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Bizitzaren azken etapan murgilduta dauden gizonak eta emakumeak protagonistaren paperak hartzera eraman ditu Karlos Linazasorok bere azken nobelan, ‘Bizipox’ (Elkar). Adin batetik aurrera nolabait jendartean baztertuak gelditzen direnei beren lekua eman die, izenaz eta izanaz jantzi ditu. Hainbeste bizi ondoren badutelako zer kontatu, batzuetan, edo sarri, absurduak edo zentzurik gabekoak iruditzen bazaizkigu ere.

Baina akaso esaten dituzten horietan pixka bat arakatuz gero konturatuko gara hondoan daudela erreflexio sakonak, bitalak, irakurketa bikoitzak. Eta horiekin jolasean aritu da egilea. Ostiral honetan aurkeztu du lan berri Donostian, Xabier Mendiguren editorea alboan.

Dibertitu da Linazasoro nobela, edo ‘nobelatxoa’ idazten. Zahar etxe batean kokatu du eszenatoki nagusia eta bakarra, egoitzan garatzen da trama guztia, eta pertsonaiak eta haien elkarrizketak bata bestearen atzetik doaz kateatuta, korapilatuta. Oso hizketa dinamikoa eta bizia garatu du, horregatik Linazasorok berak adierazi duenez, nobela baino antzerkirako obra aproposa dela ikusten du.

Tramak Bizipox zahar etxera garamatza. Nonbait azkenaldian pattal eta itzalita dabiltza gizon eta emakumeak eta haiek berpizteko eskatu diote Javiertxori. Irakurketa kluba sortu eta horren bueltan bilduko ditu Kontxi, Arantza, Rosita, Karmen, Gergori eta Gorgoni, Jesus eta Joxeinazio. Nork baino nork komeri gehiago.

«Oso klub berezia da»; Javiertxok terapia bat antolatuko du agureak alaitzeko, eta literatura istoriokein tartekatuko dira haien bizipenak, iritziak, hausnarketak. «Sorpresaz betetako» nobela dela aurreratu du eta, beraz, ezin duela askoz ere gehiago aletu, esan du idazleak. Aiton-amonak terapian aurrera doazen neurrian, irakurlea ohartuko da «liburuan ezer ez dela dirudiena. Nolabait sorpresaz betetakoa da, gauza batek itxura bat du baina gero ez da horrela».

Zaharrek euren artean, «normala den bezala», topikoez hitz egiten dute, badituzte leku eta bizipen amankomunak, eta ustez edo itxuraz lekuz kanpo edo zentzurik ez dutenak diruditenak, hausnarketa esanguratsuak gordetzen dituztela konturatuko gara. «Asko hitz egiten dute heriotzaz, zahartzaroaren ajeez, denbora nola badoan… eta horien artean azpi-irakurketa asko daude. Ironia erabiltzen dut horretarako, gustatzen ez zaizkidan zenbait gauza kritikatzeko», kontatu du Linazasorok.

Aitortu duenez, «oso ondo» pasa du nobela idazten, bestetan ez bezala. «Normalean ez dut gehiegi disfrutatzen idaztean», aitortu du. Baina oraingo honetan erabili dituen ironiak eta umore beltzak, eta exajeraziorako eta absurdura jotzeko izan duen joerak asko lagundu dio bidaia honetaz gozatzen. «Karikaturara» jo du, horretarako joko handia ematen baitute zahar etxeek.