INFO

Lan aukera berriak lorezaintzaren bitartez

Egoera zaurgarrian dauden pertsonei lan aukerak eskaintzeko helburuarekin, Goierriko hamar pertsonak formakuntza jaso dute lorezaintza arloan eta praktikak hasi dituzte eskualdeko udaletan.

Formakuntza amaitu ostean, Emplea Fundazioarekin orientazio lanetan aritu dira eta orain praktikak hasi dituzte Goierriko hainbat udaletan. (NAIZ)

«Lorategiak eta berdeguneak instalatu eta mantentzea» deituriko programa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goierriko Garapen Agentziak eta beste hainbat eragilek jarri zuten abian urte hasieran, Elkar-EKIN LANEAN enpleagarritasun eta aktibazio inklusiborako estrategiaren barnean.

Izan ere, estrategia horren testuinguruan azaleratu denez, langabezian dauden herritarren ehuneko handi batek ez dute oinarrizko formakuntzarik. Gabezia horri erantzuna emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundia proiektu desberdinak bultzatzen ari da eskualdez eskualde.

Goierriri dagokionez, hasiera batean gremio desberdinetan formakuntza eskaintzea zen asmoa, «profesional polibalenteak garatzeko». Baina dirulaguntzen izaera dela eta, momentuz, lorezaintza gremiorako formakuntza soilik sortu da. Hala ere, etorkizunerako, gainontzeko gremioetako formakuntzak eskaintzeko aukera izatea aurreikusten da (igeltserotza, iturgintza edota margolaritza).

Iker Galparsoro Goiekiko zuzendari orokorraren hitzetan, «programa honen helburu nagusia egoera zaurgarrian dauden pertsonak gizarteratu eta guztiei lan aukera berriak eskaintzea da».

Fraisoro eskolan

Goierri eskolan oinarrizko konpetentzien ikastaroak gainditu ondoren, momentu honetan pertsona hauek Lorezaintza ikastaroa gauzatzen ari dira Zizurkilgo Fraisoro eskolan. Ikastaroko arduradunen iritziz, Zizurkilgo zentroa erreferente da Gipuzkoan, instalazio egokiak, beharrezkoak diren materialak eta makinak, eta irakasle egokiak dituelako.

Formakuntza  zazpi modulutan banatua dago: lorezaintzako oinarriak; lorategiak eta berdeguneak instalatzeko proiektuen birplanteamendua; lorategietako azpiegiturak, ekipamendua eta altzariak eraiki eta instalatzea; lorategiko landare-elementuak ezartzea; belarguneak ezartzea; balorazio ekonomikoa eta legeria.

Behin formakuntza amaitu ostean, Emplea Fundazioarekin orientazio lanetan aritu dira ikasleak eta orain praktikak hasi dituzte Goierriko hainbat udaletan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaz eta Goierriko Garapen Agentziaz gain, proiektu honetan parte hartu duten eragileak hauexek dira: Caritas, Goierri Eskola, Sarea Fundazioa, Prospektiker eta Emplea Fundazioa.