INFO

Hezkuntza sistema alda dadila eskatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikamak datorren astearterako

‘Hezkuntza sistema aldatzeko’ lelopean, «hezkuntza sistemaren eta egungo egoeraren kontra borrokatzeko» Hego Euskal Herrian hainbat mobilizazio deitu ditu Ikama ikasle antolakundeak datorren astearterako.

Iaz Ikamak Iruñean deitu zuen mobilizazioa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Egungo hezkuntza sistema alda dadila eskatzeko manifestazioak deitu ditu Ikama ikasle antolakundeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan martxoaren 29rako.

Azaldu dutenez, egoera pandemiko honetan eztanda egin duen krisi anizkoitzak «ondorio larriak eragin ditu gure bizitzetan» eta oinarrizko bitartekoak garestitu dira, eskuin muturraren gorakada hedatu den testuinguru batean.

Bestalde, «azken urteetako etengabeko murrizketen ondorioz», eta pandemia tarteko, ikastetxeetan bizi duten egoera prekarioa dela salatu dute. Horren adibide dira ikasgeletako ratio handiegiak, ikasketa prozesua duintasunez garatzeko baliabide eskasia, hezkuntzaren pribatizazioa edota ikasleon segregazioa.

Gainera, aipatu dute indar polizialen presentzia handia, kontrolerako mekanismoen areagotzea eta ikasleen antolakuntzaren kriminalizazioa, eta, salatu dutenez, «betidanik inposatu izan zaizkigu kontrolerako mekanismoak eta pandemian zehar osasunaren aitzakipean ezarritakoak asimilatu ditugu».

Ikasleok pandemiaren ondorioz bizi dituzten gaitz psikologikoen aurrean inolako neurririk jarri ez dutela salatu dute ere, eta horrek osasun mentalaren kaltetzea, elkar zaintzeko eta sozializatzeko espazio zein bitartekoen gutxitzea eta hezkuntza ibilbidean zehar presioa eta beldurra eragin ditu antolakundearen arabera.

Mobilizazioak

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko txokoetan antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete ikasleei. Mobilizazio guztiak 12.00etan hasiko dira, eta Bilbokoa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, Gasteizkoa Furo plazatik, Amurriokoa herriko plazatik, Donostiakoa Bulebarretik, Bergarakoa herriko plazatik eta Iruñekoa Nabarreria plazatik.