INFO

Hezkuntza Sailak eskainiko du Arte Batxilergoa Ibarrekolanda BHIn datorren ikasturtean

Datorren ikasturtean Arte Batxilergoa eskainiko da Bilboko Ibarrekolanda institutuan, baina etorkizunean modalitate honetako ikasleak Txurdinaga Behekora bidalitzeko aukera mahai gainean dago. Hala adierazi du Lakuak, ikasle, irakasle eta gurasoek iragarritako mobilizazioei erantzunez.

Batxilergo Artistikoa kentzearen aurkako protesta, Ibarrekolanda institutuan. (SOS Ibarrekolanda BHI)

Lakuako Hezkuntza Sailak Bilboko Ibarrekolanda institutuan eskaintzen den Arte Plastikoetako eta Musika eta Arte Eszenikoetako Batxilergoa mantenduko du datorren ikasturtean, baina etorkizunean ikasleak Txurdinaga Behekoa BHIra bidaltzeko aukera mahai gainean dagoela adierazi du.

Hala erantzun die Lakuak ikasle, irakasle eta gurasoei. Hauek sinadura bilketa bat abiatu eta hainbat mobilizazio deitu dituzte leku aldaketa salatzeko. Izan ere, hezkuntza komunitateak salatu duenez, erabaki hau «inorekin hitz egin gabe, familia, ikasle eta irakasleei kontsultatu gabe» hartu da.

Horrek, haien ustetan, institutuan inplikatu den jendearen lana «mespretxatzen» du. «Ez dugu onartuko!», azpimarratu dute.

Erabakiaren aurka egiteko, Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa bat ireki dute. Honen bidez, «zarata apur bat egin nahi dugu, eta institutu honek bere ibilbide historikoarekin jarraitzea nahi dugu», azaldu dute. 15.000 sinaduraren helburutik 10.500 baino gehiago bildu dituzte dagoeneko.

Mobilizazioak

Ikama ikasle antolakundeak mobilizazioa deitu du martxoaren 29rako, datorren astearterako: «Ez dugu trajedun eta gorbatadunen erabakien aurrean isilik geratzeko asmorik, gurea euskal eskola herritar eta burujabea!»

SOS Ibarrekolanda BHI plataformak deituta, bestalde, burrunbada egin dute astearte honetan. Ondoren, Bilboko Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaraino joan dira, Galtzada Nagusian eta han kontzentrazioa egin dute. Gauean itxialdia egingo dute institutuan. Ostegun honetarako egitarau berdina prestatu dute.

EH Bilduren galderak Lakuari

Egoera ikusita, Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaileordea Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiari zuzendu zaio, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak lau galdera idatziz erantzun ditzan.

Lehenik eta behin, argitu dezala Ibarrekolanda BHIn datorren ikasturteko Batxilergoko eskaintza zein izango den; bigarrenez, aldaketak egiteko arrazoiak zeintzuk diren; Ibarrekolandan Arte Batxilergo eskainiko ez bada, ikasleak Txurdinaga Behekoa BHIra bidaltzeko arrazoiak zeintzuk diren eta, azkenik, Ibarrekoldandako klaustroak sailburuari helarazitako eskaerak kontuan hartu diren galdetu du Arresek.

Ibarrekolandako hezkuntza komunitateak egindako eskaera horiek honakoak dira: Arte Plastikoetako eta Musika eta Arte Eszenikoetako Batxilergoko hezkuntza eskaintzari eustea 2022-2023 ikasturterako; eskaintza hori «ahalik eta epe laburrenean» baieztatzea, eta sailburuak ikastetxearen etorkizuneko eskaintza aztertzea beharrezkotzat jotzen badu, Ibarrekolanda BHIko hezkuntza komunitateak parte hartuko duen batzorde bat abian jartzea.

Lehengo eskaera onartu du Lakuak, baina etorkizunean leku aldaketa aurrera eramateko apustua berretsi du Hezkuntza Sailak, Txurdinaga Beheko azpiegiturak «egokiagoak» direla argudiatuta.