INFO

Mende laurden heriotza argitu gabe: larunbatean oroituko dute Josu Zabala ‘Basajaun’

Igandean beteko dira 25 urte ETAko militante Josu Zabala ‘Basajaun’ nafarra hilik agertu zenetik. Egiari Zor-ek ekitaldia antolatu du larunbaterako Etxarri-Aranatzen, «heriotzaren inguruan egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko».

Debako Punta Mendatan hilik agertu zen Josu Zabala ‘Basajaun’ 1997ko martxoaren 27an. (NAIZ)

Egiari Zor fundazioak larunbat honetan, martxoak 26, Etxarri-Aranatzen ekitaldia egingo du, Josu Zabala Salegi, ‘Basajaun’-, ETAko militante zenaren heriotzaren inguruan egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko. Deialdia, 19.00etan, herriko plazan.

Debako Punta Mendatan hilik agertu zen 1997ko martxoaren 27an. Zabalaren gorpuak bihotzaldean tiro bat zuela agertu zen. Lau egun lehenago Korrika Bilbon amaitu zen eta egun hartan ikusi zuten bizirik azken aldiz, senideek 20. urteurrenean GARAri azaldu zioten moduan

Egiari Zor-ek gogora ekarri duenez, «berehala iturri ofizialek, bere buruaz beste egin zuelaren teoria zabaltzen hasi ziren».

Abian jarritako ikerketak ordea, teoria ofizial hori apurtzen zuten hainbat froga mahaigaineratu zituen. Izan ere, gorpua agertu zen lekuan ez zegoen odol arrastrorik, ondoan topatu zen pistolak ez zuen Zabalaren aztarnarik, ez odolik ez arrastro organikorik, ez barrutik ez kanpotik, eta bularreko zauria eragin zuen bala ez zen bertan edo inguruetan aurkitu.

Era berean, ‘Basajaun’-en zapatetako lurra aztertu ostean, analisiek baieztatu zuten lur hori ez zela gorpua agertu zeneko tokikoa.

Bestetik, autopsiak gorpua aurkitu baino 12 ordu lehenago hil zela ondorioztatu zuen, baina inguruetako biztanleek ez zuten tiro hotsik entzun. Aldiz, bide malkartsu horietan ibilgailuak entzun zituzten.

«Egindako frogen ondorioak aski sendoak dira pentsatzeko iturri ofizialek kasu honi buruz emandako bertsio ofiziala ez dela benetan gertatutakoaren egia». Horregatik, «25 urte eta gero egia jakiteko garaia» dela azpimarratu du Egiari Zor fundazioak, larunbaterako hitzordua jarriz.