INFO

Euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatzeko kanpaina aurkeztu du AEK-k

‘Hitzekin. Denok euskara doan’ dinamika jarri du martxan AEK-k Korrika hasteko egun gutxi falta direnean. Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko aukera izatea da.

‘HitzEkin. Denok euskara doan’ dinamikaren aurkezpena, Bilboko Kalderapekon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskara ikasteko sarbidearen doakotasuna aldarrikatzeko dinamika aurkeztu du AEK-k ostegun honetan, ‘Hitzekin. Denok euskara doan’ izenekoa. Korrika hastear dagoen honetan azaldu dute dute ekimenaren ildoetako bat, lantokietara zuzendutakoa.

Alizia Iribarren, AEKren koordinatzaile nagusiak, aurkeztu du ekimena ostegun honetan Bilboko Kalderapekon. Azpimarratu duenez, «Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere».

Aurkeztutako ekimen zehatz hau, ‘Langileok prest’ izenekoa, ELA eta LAB sindikatuekin lankidetzan abian jarri du AEK-k. Honen bidez, langileen euskararen ezagutza «bermatzea» da helburua. Horretarako, ikasteko denbora dutela ziurtatu nahi dute, besteak beste.

Gainera, doakotasuna bermatzeko, Administrazioen parte-hartzea eskatu dute, ikasketak finantza ditzaten. Momentuz, Iberdrola eta Garbilan enpresetan antolatuko dituzte ikastaroak datorren ikasturtearen hasieratik. Iribarrenen adierazpenetan, «langileek eskatuz gero, enpresa gehiagotan eskainiko ditugu ere».

Iribarrenekin batera bi enpresa horietako ordezkariak izan dira agerraldian. Iberdrolako langileen izenean Gorka Lopez del Corralek «ezinbestekotzat» jo du administrazioek neurriak hartzea ikastaroak bideratzeko. Bide batez, dinamikaren barruan langileei zuzendutako ekimen hau «ardatza» dela azpimarratu du.

Susana Gabanchok, Garbilan enpresako langileen ordezkari gisa, «lan-munduan euskararen alde borrokatu behar dela» adierazi du. Bide horretan, euskara ikasteko aukera «pertsona guztientzat» erraztean kokatu du gakoa.

Bilbon aurkeztu duten dinamika honez gain, ‘Denok euskara doan’ ekimenaren barruan aurrerago aurkeztuko diren beste ekintza batzuk jarriko dira abian. Esate baterako, apirilaren 4an, ‘Donibane Garaziko adierazpena’ aurkeztuko dute. Agiri honetan, AEK-koak ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude, koordinatzaile nagusiak zehaztu duenaren arabera.