INFO

Alavesek Girondinsen aurkako lagunartekoa galdu du, azken minutuetan jasotako bi golekin

Gasteiztarrak aurreratu egin dira Miguel de la Fuentek goiz sartutako gol bati esker, baina talde frantsesak markagailua irauli du azken ordu laurdenean Niang eta Mangasen golen bitartez (1-2). Baionako Johaneko Louis-Jean aritu da etxeko taldean eta aukera on bat izan du lehen zatian. 

Girondinsek eta Alavesek Baionan jokaturiko partidako irudi bat. (FC GIRONDINS DE BORDEAUX)

Lehen Mailako Ligan asteburu honetan atsedena dagoela aprobetxatuta, Alavesek lagunarteko partida jokatu du gaur Burdeosko Girondinsen aurka Baionako Didier Deschamps futbol-zelaian. Ondo hasi dira gauzak gasteiztarrentzat, goiz aurreratu baitira markagailuan, baina talde frantsesak, ordu laurden bat falta zenean neurketa amaitzeko, zazpi minututan eman dio buelta (1-2).

Honelako norgehiagoketan normala izaten denez, Jose Luis Mendilibar Alaveseko entrenatzaileak minutu gutxien izaten dituzten jokalariak zelairatu ditu hasieratik: Sivera; Martin, Miazga, Ximo Navarro, Javi Lopez; Tomas Pina, Pere Pons, Manu Garcia, Jason, Manu Vallejo; eta De la Fuente.

Partidaren kontrola eramaten ahalegindu dira hasieratik, zelai erdian hiru jokalari ipiniz eta aurrelari bakarrarekin jokatuz, eta baita lortu ere lehenengo zatian. Girondinsek, aldiz, bost jokalariz osatutako defentsa batekin jokatu du.

Hamaikakoan egon den Miguel de la Fuentek lehen aukera garbia izna du 40. segundoan, baina bere burukada kanpora joan da gutxigatik. Ez du hurrengoan barkatu. Zazpigarren minutuan lehen gola sartu du. Aurkarien area barruan alderatze bat aprobetxatu eta 0-1ekoa ipini du.

Aldea handitzeko aukerak ere izan dituzte babazorroek. Baloi guztiak Manu Garciaren hanketatik pasa dira eta arriskua eraman du. Gainera Manu Vallejok abiadura ipini dio jokoari ezker hegaletik, baina gasteiztarrek ez dute gol gehiagorik egin.

Lehen zatian nabarmentzekoa izan da baita ere Johaneko Louis-Jean lapurtarraren parte-hartzea etxeko taldearekin. Gol aukera bat izan du Baionako futbolariak –Frantziako 18 urtez azpiko selekzioarekin aritzen da– baina ez du asmatu. Aldageletatik bueltan ordezkatua izan da.  

Bigarren zatian baloiaren jabetza desagertu egin da. Antonio Sivera Alaveseko atezainak geldiketa pare bat egin behar izan ditu markagailua 0-1ekoarekin jarraitzeko.

Ezin izan du ezer egin partida amaitzeko ordu laurden bat falta zenean. Girondinsek markagailua irauli egin du. 77. minutuan, Niangek berdinketa ipini du, eta 84an, Mangasek ezkerrez baloia gurutzatu egin du 2-1ekoa egiteko.

Aste batean bi aldiz irauli diote markagailua Alavesi eta hori izan beharko da hobetu beharko duten faktoreetako bat Ligara itzultzen direnean, datorren apirilaren 2an Atletico Madrilen etxean.

Partida amaieran Miguel de la Fuentek adierazi duenez, «lagunarteko bat izan da, lehiatu eta irabazi nahi genuena, baina ezin izan dugu. Hala ere, egin ditugun gauza onekin geratu behar gara, eta asko direla uste dut».

Azken ordu laurdenean jasotako bi golei buruz, aldiz, honakoa azpimarratu du: «Amaieran pixka bat deskonektatu egin gara eta bi gol jaso ditugu, baina gauzak oso ondo egin ditugu eta bide horretatik jarraitu behar dugu».

Bere mailari buruz, «ondo» ikusi duela bere burua aitortu du. «Taldeari laguntzea beti dator ondo, eta gol batekin baldin bada, poz-pozik».

Alavesek denboraldiaren azken txanpa gogorra izango du helburua lortzeko. «Zalantzarik gabe ez gaudela pozik, baina nik uste dut aurrera aterako dugula. Taldea konbentzituta dago horretan eta zaleen laguntzarekin, beti hor daudela laguntzen, seguru nago aurrera aterako dugula», amaitu du De la Fuentek.