INFO

Pasaia azpitik igaroko da Euskotrenen ibilbide berria

Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea martxan jartzen denean, Antxoko zubibidea eraitsi egingo da

Gaur egungo trenbidea zubibide zaharraren gainetik igarotzen da. (Iñigo URIZ | FOKU )

Atzerapen handiarekin baina Pasaiako bizilagunek aspaldian espero zuten proiektua errealitate bihurtzen hasiko da aurten, Euskotrenen ibilbidea lurpetik igarotzeko proiektuaren lanak hasi baitira jada. Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbide hori martxan jartzean –2027an–, Pasaia bitan banatzen duen Topoaren zubibidea eraitsi egingo da.

Pasaiako Udalak eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) emandako datuen arabera, lurrazpiko ibilbide berriari esker, geltoki berria eraikiko da Pasai Antxon eta Donostiarako lotura hobetuko da, trenek 7,5 minutuan behingo maiztasuna izango dutelako. Gainera, zubibide zaharra eraisteak lur-eremu berri handia sortuko du udalerrian. Izaskun Gomez alkatearen iritziz, funtsezko obra da pasaitarrentzat eta «bizi-kalitatean mugarri izango den mugikortasun berria ekarriko du».

Tren ibilbide berriak bi kilometroko luzera izango du eta ez du erabiliko Herrerako gaur egungo bidea, baizik eta 2016an Altzaraino zabaldu zen bide berriarekin elkartuko da. Pasai Antxo guztia lurrazpitik igaroko du eta, Molinao erreka azpitik pasatu eta gero, bat egingo du Errenteriako Galtzarabordako geltokiarekin.

Pasai Antxoko geltoki berria Gure Zumardia izeneko plazaren azpian eraikiko da eta sarbide nagusia Eskalantegi kaletik izango du.

Egitasmo berriak urbanizazio aldaketa handiak ekarriko ditu; alde batetik, Azoka eraikuntza bota egingo delako, eta horrek Zumardia itsasadarreraino irekitzea ahalbidetuko du.

Aldaketa nagusia, baina, gaur egun Pasaia bitan zatitzen duen zubibide zaharra eraisteak ekarriko du, horrek lur-eremu berri handia sortuko baitu pasaitar guztientzat. Alkateak baieztatu zuenez, Garraio Sailak eta Iñaki Arriola sailburuak zubibidea desegiteko eta eraisteko konpromisoa hartu dute, trazadura berria martxan jarri bezain laster.

Proiektu osoa gauzatzeko aurreikusitako inbertsioa 64,1 milioi eurokoa da, eta obra zibila egiteko epea ia lau urtekoa izango da. Ondoren, beste 14 hilabete beharko dira instalazioak hornitzeko eta zerbitzu-probak egiteko.

Bestalde, joan den azaroan, ETSk Herrera eta Irun arteko topoaren tartean, metro bateko zabalera duen merkantzien trenbide saihesbidearen alternatiben azterlana esleitu zuen. Eta Pasaiako portura metro bateko zabalerako trenbidea sartzeko eraikuntza-proiektua amaitzen ari da.