INFO
Interview
Maialen Errekart
Lapurdiko AEK-ko eta Korrikako komunikazio arduraduna

«Euskal Herrian bizi denak ez luke euskara ikasteko dirurik ordaindu behar»

Argazkia: (Bob EDME | FOKU)

Lapurdiko AEK-ko eta Korrikako komunikazio arduraduna da Maialen Errekart, baina «xapel ainitz» baditu; izan ere, Garazi eta Baigorriko Gau Eskolako arduraduna ere bada.

Ipar Euskal Herrian AEKren erronkak leku batetik bestera «ez dira ezberdintzen hainbeste», dio, «gero eta toki euskaldun gutxiago baita; zernahi gisaz, nahiz eta Euskal Herri barnealdean izan, denetan erronka bertsuak ditugu, euskara irakastea, praktika bultzatzea, euskararen erabilera normalizatzea eta helduen euskalduntzean eragitea oro har». Ipar Euskal Herrian EKE euskal erakunde publikoak eta Euskal Elkargoak ere badute euskara zerbitzua eta arlo horretan eragiten dute. Lankidetzan ari dira, «baina erakunde horiek politikoki dira eragileak eta gure lehen misioa euskara irakastea da, eta helduen euskalduntze prozesua ere laguntzea, eta politikoki ere azkenean instituzioak akuilatzea». Eta beraien misioa, erronka, jarduera, berdina dela dio, eskualde euskalduna izan ala ez.

«Aurten inkesta soziolinguistikoa egin da eta ikusiko dugu zer emaitza ateratzen den, baina euskararen erabileran baziren lehen babesgune batzuk, edo arnasguneak, Garazialdea edo mendialdeko herri ttipi horiek, eta horietan ere erdarak gero eta toki gehiago hartzen du». Beraz, ahal duten guztia ematen dute leku guztietan jendea erakartzeko, «ikasleak etorrarazteko gau eskoletarat eta ahal bezainbat eskaintza zabala ere proposatzeko».

Aurten ia 200 ikasle gehiago dira gau eskoletan. Hainbat motatako ikastaroak eskaintzen dituzte, eta beste eskaintza bat ere garatzen ari dira, sei hilabeteko ikastaroena. Horiek finantzatuak dira, «eskualdeak edo departamenduak finantzatzen edo ordaintzen ditu, lanerako euskara behar duten jende batzuendako. Sei hilabetez bilaka daiteke norbait euskaldun. A1 mailatik C1 mailaraino egin lezake bere ikas prozesua». Horrelako eskaintzak biderkatzen, zabaltzen eta garatzen ari dira.

Kanpotik iritsitako ikasleak gero eta ugariago dira Ipar Euskal Herriko euskaltegietan. «Azken urteetan, Euskal Herrirat kanpotik etorri den jendea %40 zen, eta Euskal Herrian sortuak berdintsu, eta orain gaina hartzen ari dira kanpotik etorritako jendeak».

Gehienak frantses estatutik etorriak dira, eta kanpotik iritsitako gehienak bezala lehen mailetan ari dira. Hala ere, «ez da bistatik galdu behar gure helburua ere badela Euskal Herrian sortutako biztanleak ere euskalduntzea, zeren badira anitz euskara ez dakitenak edo euskara aski ezagutzen ez dutenak egunero jarduteko, mintzatzeko, eta horiei ere ateak zabaltzen dizkiegu, zeren maila batekin heldu dira euskaltegira eta denbora gutxiago emanen dute, goizago praktikatzen dute kanpotik heldu direnek baino. Ororen buru, berreuskalduntze prozesu hori ez da bistatik galdu behar; fiteago euskaldunduko direnak horiek baitira, hemen sortuak».

Denetara 1.200 ikasle dira Ipar Euskal Herriko AEK-ko euskaltegietan. Euskara ikasteko erakunde nagusia da AEK herrialde horietan; hamabost euskaltegi ditu, nahiz eta badiren sortzen ari diren elkarte txiki batzuk ere horretan ari direnak.

Euskal Herri osoan euskara ikastea arazo ere bada, ordea, eta Ipar Euskal Herrian nabarmen. «Arazoetariko bat dirua izan daiteke, zeren ez baitugu oraino lortu, nahiz eta helburua den, doakotasuna; erran nahi baitu Euskal Herrian bizi den batek ez lukeela euskara ikasteko bere sakelatik dirurik atera behar. Baina oraino hainbat ekimeni esker, izan Korrika, izan gure jarduerari esker, lortzen dugula erran daiteke urteko saria ahal bezain apal mantentzea, formakuntza arruntean baino anitzez apalagoa. Baina hori baldin bada –edo izan daiteke– oraino jende batzuendako zailtasun bat, guk horretan eragin behar dugu, ipar gisa hartu, atxiki gogoan doakotasuna eskaintzea. Ez da baitezpada ikastaroak urririk eskaintzea, baizik eta ez dezala kurtso saria norberak ordain, baizik eta diru publikoak, dirulaguntzetatik atera. Badira beka sistema batzuk edo horrelako gauzak, baina hori ez da gure esku, hori hizkuntza politika baten osagaia da. Eta Ipar Euskal Herrian ez gara zoritxarrez oraino horretan; beraz, segitzen dugu hori eskatzen, jendea lagundua izan dadin bere ikasketak ordaintzeko. Eragile publikoen esku da».

Uste izatekoa da irakasleen eta euskaltegietako langileen lansari eskasak ere ez duela beren lana errazten. «Hori erranen nizun, baina hori ttipikeria da. Egia da, soldataren aldetik, hara, ez da erakargarri AEKn irakasle edo langile izatea, argi eta garbi. Ez du gazte batek bere karrera edo lanbide plana egiten AEKn. Ez dakit hori errateak zerbait hobetuko duen, baina ez, ez dugu gure lanaren heineko lansaria biltzen; hala ere, denek, langile guziek, dugu gogoan erakunde baten eramaile garela eta erakunde hau eta dituen misio eta balio guziak bururaino eramatea, erran nezake bizirik iraunaraztea, gure soldata apal horren bitartez eginen dela. Hala ere, egia da hilabete sariak ez ditugula duinak, baina horrek ez du gure jardueran eragiten».

Hain zuzen ere, misio horren, balio horien aldeko jardunak berdintzen du lan baldintzen zailtasun hori: «Bai, eta gure misio horretan sinisten baitugu ere, eta militantzian ibiltzen baikara, eta Euskal Herri euskaldun baten alde lan egiten den ber, jakina da, gure motibazioa hor baita».

Ikasleen tipologiari dagokionez, askotarikoa da, eta haien motibazioa bi motatakoa nagusiki. «Oro har, kanpotik jiten diren jende horiek duten helburua, edo adierazten duten lehen helburua, integrazioa da. Heldu diren lurralde horretan nahi dutela integratu eta integrazioa hizkuntzaren bitartez egiten dela erraten dute. Euskal Herrian integratu eta euskaldunekin komunikatu nahi dute. Haatik, hemen sortu direnek, erran nahi baitu euskal jatorria duten ikasle horiek, gehienbat transmisioa dute helburu. Beren sustraiak, nortasuna berriz atzematea eta dituzten edo ukanen dituzten haurrei euskara ematea. Eta gero heldu da lana atzeman edo aldatzea, baina ez da gau eskoletan ditugun ikasleen helburu nagusia».