Max Verstappenek Ferrariren dobletea ilundu du Saudi Arabiako Sari Nagusian
Egungo txapelduna den Red Bulleko gidari herbeheretarra azkarrena izan da argi artifizialarekin korritu den Jeddahko lasterketan. Charles Leclerc bigarren izan da eta bere taldekide Carlos Sainz, hirugarren.
Saudi Arabiako Sari Nagusia airean egon da asteburuan zehar ostiralean zirkuitutik gertu izandako bonba eztanda batzuengatik. Larrialdietako bilera bat izan ostean, eta gidari asko etxera joan nahian, lasterketarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Hala, igande honetan, argi artifizialarekin korritu da eta garailea egungo mundu txapelduna izan da: Max Verstappen (Red Bull).
24 urteko herbeherearrak Ferrariren dobletea ilundu du, Italiako taldeak bi gidari izan baititu podiumean, Monakoko Charles Leclerc bigarren eta Carlos Sainz madrildarra hirugarren. Hori bai, Leclerc munduko sailkapen nagusian lider izaten jarraituko du eta gaur bueltarik azkarrena sinatu du.
Gaurkoa Verstappenen 21. garaipena da 1 Formulan. Carlos Sainzentzat, aldiz, aurtengo bigarren podiuma da. Guztira zortzi egin ditu 1 Formulan ari denetik.
Bestalde, larunbateko sailkapenean azkarrena izateagatik lehenengo postuan atera den Sergio Perez mexikarra (Red Bull) laugarren izan da azkenean.
George Russell ingelesa eta bere Mercedesa bosgarren izan dira, Esteban Ocon frantsesaren (Alpine) eta Lando Norris ingelersaren (McLaren) aurretik. Yuki Tusnoda eta Mick Schumacherren ausentziak izan direla-eta, 18 gidari izan dituen lasterketan, ondoren sailkatu dira: Pierre Gasly (Alpha Tauri) eta Kevin Magnussen (Haas).
Aipatzekoa da zazpi aldiz munduko txapeldun den Lewis Hamilton ingelesak (Mercedes) hamargarren postuan amaitu duela; beraz, puntuatzea lortu du, hamabosgarren postutik aterata.
Denboraldiko hirugarren lasterketa Australiako Sari Nagusia izango da, datorren apirilaren 10ean Melbourneko Albert Park hiri zirkuituan.
Saudi Arabiako Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian kontsulta daitezke.